740 Zenbakia 2019-06-19 / 2019-07-17

Gaiak

Etorkizuneko (balizko) elikadura

AGIRRE, Edorta

(Apunte hauek XXI. mendearen hasieran idatzi ditu Euskal Herritar langile euskaldun batek, elikadura inguruan orain arte euskaraz gehien idatzi duenak, errealitatera bere saihetsetik begiratuta.) 

Orain arte baztertu xamar izan dugun erosketa, sukalde eta mahaiko “liturgiari” arreta gehixeago eman beharko omen zaio, gainerako ahaleginak (gimnasio, barratxo, botikak…) alferrikakoak izan ez daitezen eta elikagaien industria ahaltsuaren atzaparretan ez erortzeko.

Iraganeko pertsonaia ahaltsu guztiek baino aukera zabalagoa daukagu auzoko dendan, euskal herritarra behin ez da iritsi gaurko maila gastronomikora, oso-oso moduan ekar dezakegu ia zeinahi jaki-edari, osasunez ondo samar gabiltza eta batez besteko adina izugarri luzatu da, egunero jatea abentura arriskutsua ez izatearen ondorioz zoriontsuago bizi gara, baina… gailurrera iritsita, gainbeheran hasteko prest egongo al gara?

Goi-mailako sukaldaritza hori erredukzionismo hutsa da, ez da egia, ez da errealitatea. Noizko curriculumean, goiz hasita, elikadura jorratzea? Noizko, sukaldaritza apaingarriaz gainera, edo horren ordez, jan-edanaz informazio serioa hedabideetan?

Ongi elikatuko gara? Zein adinetan? Nolako ikuspegitik? Erizainak, zaharrak, arotzak, aberatsak, presoak? Izango ote dugu denok jan ona erosteko adina diru? Ez daukanak nola iraungo du osasuntsu edo bizirik?

Janaria izango omen da. Baliabide orokorrak, ordea, ez al zaizkigu berehala agortuko, martxa honetan? Horra eskaintza-eskariaren ondorioren bat: kafe eta kakao-sailak masiboki suntsitzea, arrain freskoa ongarri bihurtzea, fruta-barazki gozoak ez biltzea, ganadua tiroz hil eta larrean usteltzen uztea, enpresa txikiei produkzioa erosi eta desegitea, labore-sailei uzta garaian su ematea, produktu elaboratuak itsasoan hondoratzea… baso zabalak soro bihurtu ondoren, elikagaiak ekoizteko. 

Zein dira elikadura mundializatzearen benetako eragileak? Nolako eraginak ditu gure bizimoduaren antolamendu-aldaketak elikaduran, jan-edateko azturetan? Eragile horiek ez ote dira ahaleginduko gure joera eta zaletasunak bestelakotzen, beraien interesetara egokitzen, gu haiek jopu bihurtzeko?

Beharko ditugun elikagaiak ekoizteko, biltzeko, merkaturatzeko, transformatzeko… gauza izango ote gara? Edo bide errazetik segituko dugu, eskrupulurik gabeko multinazionalei sartzen digutena erosten?

Emakumea etxetik kanpoko lanean hasi zitzaigun eta panorama osoa dena irauli zen. Haren kriterio sendorik gabe, mosaiko sinkretiko moduko bat moldatuko da gurean ere eta, luze gabe, biderkatuko da joera hori, geroz eta gizaki gehiagok migratzen baitu (lana, topaketak, gerrak, oporraldiak, inbasioak, atzerriko ikasketak), denbora gehiagoz, urrutiagora.

Ongi elikatuko gara? Zein adinetan? Nolako ikuspegitik?

EKOIZPENA

  1. Geroaldia antolatzea. Etorkizuna osotasunez planifikatu beharra dago, gizadi guztiarentzat behar bezainbeste elikagai ekoitzi, denen artean berdintasun eta justiziaz banatzeko ez ezik, produzitu eta banatutakoa herritar guztiek gustura kontsumitu ahal izateko ere, zorrik sorrarazi gabe.
  1. Arrain ekoizpena. Itsasokoa agortzen ari denez (arrantzak honela jarraitzea ez da komeni eta ez da posible), lehorrean artifizialki ekoitzitako arraina kontsumituko dugu geroz eta gehiago. Jakien industriak, d ena den, hasitako bideari jarraituko dio eta guk arrain osoaren alternatibak kontsumitzen ikasten hasi beharko dugu: krilla, arrain-hezur, buru eta gainerako kondarrak, era aproposetan egokituak (kroketa, ziri, zopa, etab.).
  1. Euskal Herri osoa itsas enpresa bihurtzeko, lehen, bigarren eta hirugarren sektoreak bat egitea komeniko (beharko) litzateke: arrain-itsaskiak ekoiztea, horiek industrian, ostalaritzan eta etxean eraldatzea eta gure mahaietan kontsumitzea. Bizkaitar, lapurtar eta gipuzkoarrek ez dute zertan elkarren aurka borrokatu estatu frantses eta espainolaren interes politiko-ekonomikoen alde egiteko, hirurak elkarren osagarri baitira.
  1. Ama Lurra zaintzeaz. Lurra tentuz, zentzuz eta eraginkortasunez ustiatu beharko dugu, planeta ez da agortezina. Elikagaiak ezin du diru-bide hutsa izan, ezin da utzi espekulatzaileen eskuetan. Produkzioa izugarri handitu den arren, janaren premian daudenei nekez iristen zaie. Areago, produktore batzuei ere ez zaie heltzen beraiek ekoitzitakoa.
  1. Zaborren murrizketa. Bilgarri eta ontzi degradagarri edo jangarriak, adibidez, hedatuko dira, birziklapena osatzen laguntzeko. Material kutsagarriz egindako ontziak eta erabilera bakarrekoak baliatzea zokoratu beharko da.
  1. Baserriaz. Baserria, izatekotan, espezializatua izango dugu. Gaurkoa iraupenekoa da, XVI. mendeko premiei erantzutekoa. Baliagarria izango bada, ezabatu beharko dugu belen antzeko hori, kalitatez bikain ez baitabil eta kostu bizi-biziak dituelako, subentzioak subentzio.

Bide posibleetako bat, baserritarra langile espezialista bihurtzea izan liteke: aldiro-aldiro informazioa bildu, ikastaroak egin, egunean jardun… hau da, munta horretako ondasuna (etxea, sailak, makineria, ganadua, etc.) kudeatzen duen gerente modura jokatu beharko du, baserrian morroi eta fabrikan peoi izateari utzita, zentzuzko egutegi eta ordutegiak betez.

  1. Nekazaritza eta abeltzaintzaz. Nekazari eta abeltzainak aise konturatuko dira: ustiategiak humanizatzeko inbertsioa merkeagoa izango da merkatu intentsiboan segitzeko egin beharko luketen ahalegina baino. Lehen sektoeko ekoizleek, lehiakorrak izateko, balio erantsia saldu beharko dute, ez lehengai hutsa (esnearen ordez, jogurta, gazta edo postreak, adibidez). Ganaduzaleek eta arrantzaleek, berdin. Lehengaia atzerrian askoz ere merkeago ekoizten baita.
  1. Ekoizle (eta transformatzaile) txikiak. Herriko nekazariak, erlezain autonomoak, gozogile artisauak, onddo-biltzaileak, txalupako arrantzaleak… traîteur eskulangilearen ospea hartuko dute, diseinuzko elikagai bikaina ekoitziko dutelako.
  1. Genetikoki aldaturiko elikagaiez. Gerra hau ere “besteek” irabaziko dute, transgenikoak jeneralizatu eta informazioa, berriro ere, herritarrari ukatuta. Gure artean elikagai transgenikoak merkaturatuko dituzten konpainia eskerga horietako baten aitzakia: “Goserik nozitu ez dugulako aldarrikatzen dugu genetikoki eraldaturiko elikagairik ez ekoiztea”. Tira, horretaz geroaldian ere ez zaigu emango informaziorik?
  1. Elikagaiak industrializatzearen ondorioez. Ekoizpen eta banakuntza sistemak industrializatu izanak elikagaiaren eta kontsumitzailearen arteko harremanak ahuldu ditu. Bide horretan, bi joera gailenduko dira:
  • produktuen eskala handiko prestakuntza eta banaketa are eta gehiago zentralizatuko da;
  • tokian tokikoa ekoitzi, garatu, prestatu, txukunduko da, kopuru txikian baina kalitate onari eutsiz.

Lehen sektoeko ekoizleek, lehiakorrak izateko, balio erantsia saldu beharko dute.

TRANSFORMAZIOA

Orokorrean:

  • Etxeko sukaldariak jakia prestatzen ez jakitearen ondorioz, sinkretismoa, esnobismoa eta kaosa izango dira egun etxe askotako elikaduraren ezaugarriak.
  • Elikadurarekin lotutako lanbide batzuk desagertzen ari dira, kulturaren kalterako, horiek bilduriko jakinduria ere betiko galduz.
  • Transformazio industrialean, bezeroak exijitutako iraultza eskerga gorpuztu da: aditiboak baztertu eta “etxean bezala” hasi ziren fabrikatzen orain hogeitxo bat urte; bide horretatik segituko omen dute Europan firma handiek.
  • Negozio-iturri ekergak irin, arroz, oilasko, azukre eta koipetan euskarri dutenak izango dira, merkeak, nonahi ekoizteko modukoak, inpertsonalak (ez diote egiten inori “kalte gastronomikorik”) eta erraz prestatzekoak direlako.
  1. Errezetak. Gizarte “solido” (sendo) batetik gizarte “likido” (ahulago) batera igaro gara: aurreko erregimena kastrensea zen, gauzak horrela ziren nagusiak esan duelako, Jainkoak aginduta edo betidanik hala izan baitira. Kito. Hamabietan lantegia itxi eta mahaira, eskuak garbituta. Bazkaldu nahi ez duzuna afaldu egingo duzu gaur, edo bihar. Ohiko kontua zen (pobre-) etxe askotan jaki berbera maiz hartzea, segidan. Baziren asteko eta jaieguneko jakiak, ohikoak eta apartekoak.

Errezeta “arrunt” edo klasikoak zentzua galdu du, sormenaren mesedetan:

  1. Jeneroa ezagutzen zuen espezialista (etxekoandre hura) suntsitzear, neofitoak nekez molda ditzakeelako formula gehienak, teknikarik menderatzeke, tresneria eta lehengaiak eskura baditu ere.
  1. Laster, elikagai-aukera amaigabea izaki, jangai elkargarriak ere ugaldu egingo direlako. Zapore-usainen onargarritasuna zabaltzen ari zaigula-eta (pizzazaleak ugalduz doazen arren), geroz eta aukera handiagoak izango ditugu elikagaiak konbinatzeko.
  1. Etxetik kanpo eta otorduz kanpoko elikadura izugarri hedatuz doanez, etxeko sukaldean elikagaiak paratzeko premia geroz eta urriagoa da.
  1. Geroaldiko gaitzez eta higieneaz. Oso litekeena da etorkizunean mikroorganismo berriak sortzen segitzea, (negozio-iturri gisa, nahita edo bestela). Geroaldiko legeriak zorrotzago jokatu beharko du, iruzur eta arriskuei aurre egitean, egungo antibiotikoak saihesten dituzten organismoak biderkatzen ari baitira. Agintariek (zientzia, politika, informazio… alorrekoek) prebentzioa lehenetsi beharko dute: gardentasuna, kontrol zorrotza, osasun publikoa, segurtasuna… Gaitzak aurreikustea ere dirubide da.
  1. Higienea etxean. Etxeko sukaldean ere higiene neurri zorrotzagoak hartu beharko ditugu. Autore batzuek adierazi dutenez, aurki sukaldean eskuak eta kontsumitzeko produktuak deskontaminatzeko berariazko ontzia izango dugu, ohiko harraskatik at. Erabilera bakarreko paperezko toailak, lixiba bereziak, autoklabea, etc. baliatuko ditugu, ohiko neurri lagungarritzat.
  1. Genetikoki eraldatutakoa, alternatiba? Produktu batzuek (glutena, esnea, etab.) intolerantzia edota alergiak sorrarazi arren, mesedegarri dira gizakiarentzat oro har. Alternatiba gisa, agian, elikagai horiek genetikoki eraldatzen segitzeko erabakia hartu beharko lukete ekoizle handiek, negozioa ezin utz bailiteke bazterrean, bestelako ikuspegiak (nutrizioa, gastronomia) alboratuta.
    Alegia, elikadura, osasuna eta ekonomia firma edo pertsona berberen eskuetan dauden bitartean, daukagunarekin konformatu beharko dugu, baina, presioak presio, etorkizunean era guztietako gai eta produktuak kontrolatu beharko ditugu guk, bizirik eta osasuntsu irauteko.
  2. Ontze berrien agerpenaz. Egospen berriak ere hedatuko dira, hiru arrazoirengatik:
  • Nutrizio aldetik: 60º C-ren jiran bizidun asko desegiten edo aldatzen dira, osasunaren kaltean, nonbait; berotzeko tenperaturak zehazki mugatuko balira, ondorio mesedegarriagoak lor litezke: arranparrilan erretako arrainari baratxuri kiskalia erantsi ordez, horiago gehitzea, esaterako).
  • Ekonomia (eta ekologia) aldetik: sukaldaritza industrialean zabor gehiegi sorrarazteak bi arazo larri dakartza: produktuaren alferrikako galera eta zaborren suntsiketa gaitza.
  • Gastronomia aldetik: hutsean erre edo lurrunetan egostea, tenperatura apaletan luze-luze egostea, kontrolpeko hartzidurak, landarezko bilgarriak (papiloteak, etab.), aurretiaz prestatutakoak (terrinak, pastelak, etc)… ahogozagarriagoak direlako.
  1. Teknologia berrien sarrera. Sukaldaritza industrialean eta ostatuan sartu diren bezala, etxezain dabilenari ere teknologiak aurreratuak eskainiko dizkio, hala nola: liofilizagailuak, jakia eta airea nahasirik aterako dituzten sifoiak, mikrouhin labe automatizatuagoak, likido gehigarri gutxiago eta homogeneoago lurrintzeko garastailuak, labearen funtzio zenbait (karamelatzea, xigortzea, gratinatzea, etc.) betetzeko sopleteak, oraingoak baino birringailu zorrotzagoak, termometro digital zehatzak, bere kronometro eta guzti, emultsionagailuak, landareei ur guztia atera eta zuntzik galduko ez duten zuku-makinak, jangaiak oxigenorik gabe eta presio apaleko egurats artifizialean prestatzeko aparatuak, landarezkoei hezetasuna erauzita, iraupen luzeagoa bermatuko duten deshidratatzaileak, nitrogeno likidoa baliatuko duten izozkailu azkarrak, etab., etab.
  1. Elikagaiak prozesatzeaz. Elikagaiak prozesatu egingo dira, berez ez dauzkaten nutriente onuradunak har ditzaten. Haragi gorriaren ordez edota arrain “naturala” hobeki aprobetxatzeko, laboratorioan elikagai sintetikoak ekoitziko dira, goxoago eta osasuntsuagoak. Gure organismoaren premiak —osasun, adin, sexu eta gainerakoak aintzat hartuta— aseko dituzten gehigarriak edukiko dituzte, alboko eragin kaltegarriak suntsituta.
  1. Gizakiak frankensfood, “zabor janari” edo “janari zaborra” bazterrean utzi ahala, bizkorgarri kontzentratuen kontsumoa hedatuko da. Etorkizuneko dietak prebentibo eta orokorrak izango dira: ez dira egingo argaltzeko, tentsioa jaisteko, diabetesa kontrolatzeko, etc. berariazko elikabideak.
  1. Pintxoa ere, elikagai pertsonalizatuaren labeldun. Epe ertain edo laburrean, pintxoen kulturaren industrializazioa (masifikazioa) jazoko denez, azalera handiko eta, orokorki, jendaurreko saltokietako izozkailuetan ikusiko dugu ohiko tabernako barraren erreprodukzio biderkatua: ekoizpenaren kostuak arras urrituta, jaki onen aukera zabaltzea garestia izango ez denez, kontsumitzaile askok gusturago erosiko du zizka-mizkan aritzeko moduko janaria, pintxoz osatua. Eta elikatzeko modu horretara aise egokituko gara, uztarpe goxoa izango dugulako, obligazio gutxi ezarriko baitizkigu.  
  1. Janari ugariak zerbitzatzeaz. Eskola, ospitale, fabrika eta horrelako komunitateetan egun luxuzko lunchetan edo hegazkinetan bezala banatuko da janaria: aurkezpen polita, anoa txikiak, baxera abangoardistan, aseptikotasunerainoko higienea hamaika bilgarritan babestua, nutrizio aldetik perfektuki orekatua, kromatismo, zapore eta usain erakargarrikoa… prezioak prezio, jakiari erantsitako balioa intrintsekoak baino garrantzitsuagoa izango baita.
    Ez da luxu kontua, deshumanizazioa baizik.
  2. Etxekoandrearen egunerokoez. Bizi-pozak (hurkoekin partekatzea, besteen alde egitea, eskerrona jasotzea, baliagarritasuna agertzea) eta jasan beharreko latzak (obligazioa, ordutegi eta aurrekontu finkoak, premia, eskerronik ez jasotzea, morrontza) izan ditu etxekoandreak egunero.  
    Berak, etxeko factotum ziharduela, hainbat bertute agertu behar izan ditu: trebezia teknikoak (etxetresna klasiko eta modernoen inguruan), jakintza fakultatiboak (prebentzioa eta terapia), ezagutza gastronomikoak (eguneroko otordua ez ezik, apartekoak ere prestatzeko), sen ekonomikoa (sosetan eskas, oro har, aritu behar)...
    Kate hori hautsi egin da betiko, jakituriaren transmisioa, eskuarki, eskaleak (alabak) gurasoen etxetik alde egindakoan hasi izan baita ondare horren peskizan. Aurrerantzean etxeko informazio-emailerik izango ez denez, beste iturri baten bila abiatu beharko du eskatzaileak, interesik badu.
    Hona, gure arteko etxekoandre klasiko batek izan dituen zereginak familiaren elikaduraren inguruan:

Etxetik kanpo eta otorduz kanpoko elikadura izugarri hedatuz doanez, etxeko sukaldean elikagaiak paratzeko premia geroz eta urriagoa da.

  • Elikagaiak planifikatu eta ikuskatzea.
  • Ekoiztea (baratzean, oilategian) edota erostea.
  • Biltzea (denen gustura, jakiak tartekatuz eta aurrekontu baten mugen barnean erostea, gastu horiek finantzatzea, trukeak egitea).
  • Kontserbatzea (etxeko kontserbak paratzea).
  • Prestatzea (jangaiak ebaki, lumatu, garbitu, zuritu, birrindu…).
  • Kuzinatzea (maiz, otorduz kanpoko jakirik ere, denen zaletasunak asetzeko).
  • Sobratutakoa (hurrengo baterako) ostera jangarri bihurtzea.
  • Mahaia jarri eta jasotzea.
  • Garbiketa lanak (zapiak, sukaldeko ontzi eta tresnak, lurra ekortzea…).
  • Sukaldeko eta mahaiko ekipamendu osoa ez ezik, espazioa ere puntuan eta garbi mantentzea.
  • Hondakinak garbitu eta ateratzea.
  • Bere burua gobernatzeko gauza ez diren adingabeko, zahar eta ezinduak artatzea.
  • Denborak neurtzea, hamaika ataza horiek egin ahal izateko.
  • Lehengai, produktu eta zerbitzuen kalitatea kontrolatzea.
  • Senitartekoen osasunaz arduratzea.
  • Eguneroko elikaduraren inguruko jakinduria transmititzea...
  1. Etxekoandrerik ezean, sukaldaritza etxetik kalera. Sukaldaritza etxezulotik irten egingo da gehienbat, jatetxera, ikastegiko edo lantokiko jantokira, etc. Aspaldiko hazama (emakume-objektu) hura, lanean sartu eta feminismo militanteari esker, subjektu izango dugu gizarte aurreratuetan.
    Eta etxezuloan adiskideekiko ospakizunetan eta salbuespenetan baizik ez da arituko geroan. Gizarteak “desahuziatu” dituenak (bakarrik bizi direnak) izango dira zorioneko salbuespenak, hurrengoei azturak transmititzeko arduradunak.
  2. Etxekoandrerik ezean, sukaldearen premiarik ez. Eguneroko elikadurak geroz eta sukaldeko lan gutxiago du; aurki, erositakoa ontzitik atera edo atera gabe, berotzea aski izango da, eta horretarako ez da “berariazko” sukaldearen premiarik izango.
    Lehen, etxeko sukaldean garatzen ziren jaki gehienak fabrikan egiten dira: kroketak, zopak, eltzekariak, albondigak, saltsak, kontserbak, postreak, tortillak, saldak, pastak… ontziratuta hartzen dira apalategitik, mikrouhin labean minuturen bat eman eta irensteko pronto daude.
    Sukaldeko lana funtzional hutsa zelarik, geroz eta sinboliko eta ludikoago bilakatuko da eta, hortaz, elikagaien “auto-ekoizpena” areagotu egingo da egoera jakin batzuetan: asteburu, egun seinalatu edo oporretan, mantala jantzi eta sukaldean “gutiziak” apailatzera prestatzen den ausarta, jubilatua, zaletu “saltseroa”… aisia gustura bete eta kalitatezko elikagaiak lagun giroan. Ondorioz, jaki bakarreko edo gutxi-gutxiko “espezialistak” erruz ugalduko dira (harro askoak (“Munduko tortilla frantsesik bikainena prestatzen dut nik”).
  3. Etxekoandrerik ezean, etxean sukalderik ez. Etxe arrunteko sukaldea erabiltzeko joera ezabatuz doalarik, azalera murriztu, jangela eta bestelako funtzioak bertan sartu, usainak suntsitu, altzari eta aparatuak ezkutatu (“trabestitu”), lur eta hormetan moketa eta papera… sukaldea kamuflatuko dugu. Zeren adierazle ote da hori?
    Etxebizitza askok ez dute sukaldea izango, praktikan: platerak berotzeko aparatua eta hozkailua baino ez da izango bertan (ezkutuan, gainera!). Tiraderan, ontzi-irekitzekoak, tapoi-kentzekoa, kortxo-ateratzekoa eta beste ezer gutxi, dena tresna bakarrean, agian.
    Lixiba-harria, ora-mahaia, hesteki-onila, gurin-aparatua eta tankerakoak zeuden etxe askotan, orain ehun urte. Egun, traste horiek museo antropologikoan (eta sukalde moderno batzuetan) baizik ez ditugu ikusiko.
  4. Etxekoandrerik ezean, zernahiren inbasioa. Lehen mundu honetan aurki nozituko dugun “etxeko” sukaldaritzaren suntsiketa horren ondoriozko hutsunea betetzeko, gainerako kulturek elementu eta fenomeno berriekin inbadituko dizkigute hainbat esparrutako sukaldeak (jantokietakoak, hotel eta jatetxe askotakoak, etc.): jaki berriak (alga, onddo eta intsektuez osaturikoak), banatze modu berriak (etxez etxeko dendak), egospen berriak (indukzio ultra-azkarra, gas likidoen erabilera), etab.
  5. Hizkuntzaz. Euskal Herriko fabrikatzaile eta banatzaileek prospektuak munduko hizkuntza gehienetan plazaratuko dituzte, euskaraz izan ezik euskaldun izateaz lotsatzen segituko dutelako beti (arrazoi osoz, izan ere).
  1. Elikadura denda berriak. “Bio”, “light”, “glutenik, gatzik, azukre, trans koiperik… gabeko” elikagai funtzionalak bakarrik dituzten establezimenduak ugalduko dira, liraintasun bikain eta osasun perfektura iristeko obsesio errentagarria helburu.

Elikagaiak prozesatu egingo dira, berez ez dauzkaten nutriente onuradunak har ditzaten.

KONTSUMOA

Orokorrean:

  • Oinarrizko neuro-eroaleak gantzak, azukrea eta gatza dira
  • Bitaminak ez dira hartzen, jan egiten dira.
  • Iturriko ura izeneko edangaia desagertu da.
  • Nutrizioa auzitan ipinita dagoen garaiotan, aritmetika hutsez aritzen diren nutrizionistak hedabideetan (interesik ez, alegia)
  • Geroz eta zapore gutxiago gustatuko zaizkigu
  • Pintxoa, biharko jaki luxuzkoa; izango da pintxo merkea ere, baina…
  • Iruzurrak nagusi segitzen du
  • Elikadura, nutrizioa: ipar orratza, negozioa
  • Milaka dieta-emaile, milaka sukaldari baina sukaldea non dagoen ere ez dakigu
  • Protagonismoa galtzea à jakinduria eta ezagutza galtzea
  • Panorama, lauso: kontsumitzaile otzan, isil, pasibo gara aurki.
  • Okerrena, arriskutsuena, nolanahi ere, anomia da, araurik eza, horrelako paradetan ahulak galtzen baitu beti: osasuna, giza harremana, gizarte kontzientzia, duintasuna, dirua, dena.
  • Hipermerkatuek janari “bukatua” bakarrik

1. Ohiko elikadura kinka larrian jarriko duten sei prozesuak.  Fenomeno batzuk estrukturatuak daude baina bilakaera gorpuzten ari da, gizarte likidoari dagokion legez. Aldaketa ez da gertatuko bat-batean planeta osoan, pittinka eta eskualdeka baizik. Korronte bat baino gehiagok harrapatuko gaituzte, batera, horietako batzuk elkarren kontrakoak. Hori bai, dezente azkarrago jazoko dira aldaketak aurrerantzean.

Eta paradoxa larria biziko dugu: gizarteak sekula baino informazio zabal, zehatz eta hoberen izango duen garaietan, unibertso hau geroz eta eskasago bilakatuko da, hainbat gaitzek jota:

  1. Akronia: elikatzeari ez zaio aitortuko ordutegi jakin bat. Norberak ahal edo nahi duenean elikatuko da.
  2. Atopia: elikatzeko toki jakin edo finkorik ere ez da hartuko; kalea izango du ohiko jantokia ibiltariak.
  3. Desozializazioa: janaria bakardadean egingo du gizabanakoak. Mahaikideen ordez, telebista.
  4. Desubikazio domestikoa: etxea den tenplutik aterako da fenomeno honen inguruko liturgia; hortaz, elikatzea profanatu egingo da, jarduera funtzional hutsa bihurtuta.
  5. Dezkontzentrazioa: jakinduria eta ezagutzak ez dira alor horretan bilduko; elikatzea egintza periferiko huts bilakatuko da, premia nutrizionalei erantzungo diena.
  6. Desestrukturazioa: egun, elikadura ordena ekonomiko eta sozialaren egituraketa edo desegituraketaren funtsezko elementua da; geroan, baina, ez dira aintzat hartuko elikatzearen atal eta osagaiak.
  7. Anomia, araurik eza, dugu aukera arriskutsuena, orekarik ezean ahulenak galtzen baitu osasuna, giza harremana, erosteko ahalmena, gizarte kontzientzia, duintasuna, bizia.

2. 40.000 urte, 40 urte. Elikadura alorreko azturak azken berrogei mila urteotan baino gehiago aldatuko dira hurrengo berrogei hilabetetan.
Amonak zioenez, jana ekoitzi den une eta gunetik zenbat eta hurbilago, orduan eta kalitate, prezio, zerbitzu… hobea; bai gaur, bai bihar.

3. Sei ipar izarrek gidatuko dute elikagaien publizitatea:

  1. Tradizioan eta nortasunean oinarritutakoa. Gu geu gara. Klabe-hitzak: naturala, egiazkoa, jatorrizkoa, betidanikoa, etxekoa, herrikoa, zeure modura,  etc.
  1. Medikuntza eta osasun onean funtsa daukana. Luze eta ongi bizitzea merezi. Klabe-hitzak: farmazian salgai, bifidus, aminoazido, bio-, antioxidatzaile, kontrol zorrotzak, nutrizioa, etc.
  1. Estetikari dagokiona. Argal dagoena osasuntsu dago, gehiago ligatzen eta produzitzen du, hobeki bizi da. Klabe-hitzak: light, liraintasuna, eder, beta-karotenoak, “gehi ariketa fisikoa”, etc.
  1. Hedonismoaren ingurukoa. Atsegina helburu. Klabe-hitzak: tentazioan amiltzea, ahogozagarria, plazer luzea, begiak itxita, sentimenak asetzeko, etc.
  1. Aurrerakuntza eta berrikuntza makulu dituena. Hoberako bidean goaz. Klabe-hitzak: “zuk espero zenuena”, ultraizoztua, iraultzailea, atmosfera eraldatua, etc.
  1. Berezitasuna eta exotismoa lehenesten dituena. Estatus pertsonala zaintzeko. Klabe-hitzak: “gainerakoek ez bezala”, urruti, diseinukoa, jatorri egiaztatua, pribilegiatuentzat, sofistikatua, esklusibotasuna, etc.

4. Etorkizuneko dieta, nutrizio ikuspegitik. Zientziari esker gure dieta erruz aldatuko den arren, osasuntsu bizitzeko beharko ditugun funtsezko osagai eta elikagaiak gaurko berberak izango dira, bestelako lurrin, zapore eta itxurez apainduta. Gizentasuna, tabakismoa, alkoholismoa eta gainerako lokamutsak desagertuko dira eguneroko elikagaiak kontsumitzeari esker. Depresioa uxatu eta aldartea alaitzeko txiklea, sexu harremanetarako giroa prestatzeko kubata edota irakurtzean kontzentrazioa hobetzeko tea merkaturatuko dira, horretan baitatza negozioa.
Osasuna hobetzen ez bada ere, gaitz horiek gizarteari (sistemari) eragiten dioten diru-galera eskergari muga jarriko zaio. Aurki, farmaziaren “sukurtsal” bat janari-dendako apalategietan egongo da.

5. Dieta meharra. Orain baino elikagai gutxiago kontsumituko ditugu, bai ekonomiagatik, bai gutxiago jaten duen gizakia hobeki eta luzeago bizi delako.
Ondorioz, lehen fase batean produktu “asegarri” asko kontsumituko dira, antzinatik dakargun gose sentsazio kultural hori baztertzeko.

6. “Dieta naturala”. Termino edo kontzeptu hori egiazko naturatik arras urruti geratu denez, berriro teorizatu, jorratu eta garatu beharko da, elikadura munduan zentzuzko aplikazioak eman dakizkion. Pikareskak sustaturiko gezurrezko titulu, aurrizki eta azalpenak legez arautu eta iruzurrak zorrotz zigortu beharko dira, osasuna —bizia— baitago jokoan.
Etorkizuneko elikagai “konplexuak” aberastuta etorriko zaizkigu, hau da, premiazkoak ditugun bitamina, mineral eta oligoelementuekin osatuta, elikagai “naturalen” osagarriak izango dira. “Natural” kontzeptua bera auzitan jarri beharko da, naturan honelakorik ez baitago: txokolatea, ogia, latako antxoa, gazta, salda, urdaiazpikoa, kefirra, ardoa, azukrea, bakailao gazia, kafea, olioa, tortilla… hainbat prozesu teknologikori esker desnaturalizatutakoak dira.

7. Gaitzen kontrako eguneroko dieta, neurrira. Geroaldi urrunean eta gaitz guztien kontrako botikez osaturiko elikagaien etapa gaindituta, garuna bizkortu, kolesterola ezabatu edo zahartasuna uxatzeko gaitasunaren arabera aukeratuko dugu jana, zaletasunak eta gutiziak bigarren mailan utzita, oro har, sentsazio horiek pixkanaka galtzen ari garelako, konpainia handien aginduta.
Helburu behinena ongi izatea bihurtuko da; hori ere hasia dago gaur egun: goi mailako ostatu batzuetako plateretan, bezeroak hala eskatuta, viagra edota koka nahasten dizkiete osagaiei. Erabateko ongizatera iristea helburu.
Gaitzen kontrako sendabide efikazena, informazioa.

8. Bizitza baliagarria. Kezka nagusietako bat bizitzaren amaierara bizitza baliagarriaren amaiera gerturatzea izango da: horretan, garuna kaltetzen ez omen duten elikagaiek izango dute lehentasuna. Kontua da produkzio-adina luzatzea.

9. Arrain herbiboro eta karniboroak. Jaten duguna gara denok, baita arraina ere: korrokoia eta lupia elkarren ondoan bizi dira, baina lehena algez elikatzen da eta bestea, karramarro, izkira eta arraintxoez. Horregatik du honek zapore konplexu eta biziagoa, goxoagoa. Akuikulturan arraina soja-babaz eta oilasko-gizenez hazten bada, soja eta oilasko zaporea izango du, ez itsaskiarena.

Mendebaldeko kultura askotan hatzekin jateko ohitura zabaltzen ari da, tradizioari jarraiki, koilarako jangaiak (zopak, eltzekiak) ia erabat desagertuta.

10. Elikagai kaltegarri eta mesedegarriez. Orain arte bizi izan dugun kontzeptu, espekulazio eta errealitate birtualen nahaste kaotikoari irtenbidea bilatu beharko diote adituek lehenbailehen: zer den zientifikoki mesedegarria eta zer kaltegarria, falazietan amildu gabe, genetikoki eraldatutako organismorik bai (zenbat, zein, nolako baldintzetan) ala ez, paderari teflonezko ipurdia jarri ala ez, zerk sortzen duen alergia, zerk intolerantzia, zerk burukomin, azkura edo nekea, kolesterola benetan hilgarria den ala ez…
Hainbat herrialdetan ateak zabaltzen ari zaizkio produktu batzuen kontsumoari eta beste zenbaitetan horiexen kontsumoa debekatzen. Zientzia enpirikoa da, unibertsala, baina… Lurra karratua zen garai batean, zientifikoki.

11. Kontsumitzailea, labeldun. Ekoizle, transformatzaile edota kontsumitzaile garen aldetik, geroan identifikazio txartela patrikan eraman ordez, txip antzeko bat txertatuko digute guri ere; bertan azalduko dira gure akats demokratikoak (isunak, desobedientzia zibil, erlijioso eta militarrak, kazetan idatzitako artikulu ausartegiak, etab.), finantzen gorabeherak (zorrak, maileguak, eskaerak, kontu zenbakiak…), historia klinikoa (jasaniko gaitzak, alergiak, odol mota, tabakismoa, aurrekinak, ea.) eta beste datu mordo bat, curriculum potoloa osatuz. Erosi nahi ditugun produktuak datu horien arabera saldu edo ukatuko dizkigu azalera handiko aztergailu orojakileak.

12. Genetikoki eraldatutako organismoez. Eraldaketa genetikoa fatidikotzat jotzen du zientifikoak, XIX. mendearen kondarrean Mendelek bidea urratu zuelako. Energia nuklearra edo telebista bezala, egokiro aplikaturik, herritarrok guztiz mesedegarria izango dugula dio. Telebista eta energia nuklearrarekin gertatu dena ikusirik, herriari kontsulta egin beharko omen zaio, herriak ere erabakia har dezan.
Aldakuntza genetikoa, egundaino, negozioaren eskutik ibili da, eskrupulurik gabe.
Botere politikoak eman du amore lehenik, botere ekonomikoen promesen aurrean; ondoren, botere zientifikoaren perbertsioak etortzen direlako, herritarren kaltean eta botere polizial-judizialen babespean. Bai Washingtonen, bai Zornotzan.

13. Haragiaren kontsumoa jaitsiko. Argi dago nekazaritza abeltzaintza baino bide ekonomiko eta ekologikoagoa dela. Okelaren (behikia, batik bat) kontsumoa aurki eta azkar asko jaitsiko da, haragizko produktuek antibiotiko ugari txertatuak dauzkatelako,  hausnarkariek metano-emisio gaitzen eragileak direlako, azido urikoaren beldur dagoelako kontsumitzailea, animaliei ematen omen zaizkien tratu txarrek kontzientzia-arazoak sortarazten digutelako, etab. Haragi gorriaren ordez zuria kontsumituko dugu: hegaztiak eta txerrikia, batik bat.
Axioma ezagunak dioenez, herbiboroa haragijalea baino tentelagoa da (belarjaleak, landarezkoari etekin guztiak ateratzeko denbora asko behar du, bere heste luze-luzera odola bideratuz, garun edo adimenaren kaltean). Beste batek: karbohidratoak eragin lasaigarria du eta proteinak, bizkorgarria; hortaz, gidariek aginduko dute nolako elikadura eman behar zaigun, zientifikoak eta artistak ala poliziak zein bizkar-zainak ugaltzeko, esate baterako.

14. Otorduz kanpoko elikagaiez. Horrelakoetan irinezkoen eta oilaskoaren presentzia jeneralizatuko da, abantaila asko dituztelako: lehengai merkeak, erraz garraiatzeko modukoak, nonahi eta noiznahi kalitate, zapore-usain eta itxura berdintsukoak ekoitz daitezke, transformatzeko ez dago sekulako makineriaren premia, ezta berebiziko jakinduriarena ere, oinarrizko zaporekoak direnez, erraz kontsumitzen dira ia-ia edozein kulturatan, etc.

15. Erantsitako ezaugarriak. Erantsitako zapore-usainen multzoa izango da bereizgarri nagusietako bat etorkizunean, are elikagaien gainetik ere (bai lehengaiak, barazkiak batik bat, berauek direlako genetikoki eraldatzeko materia aproposena —merkea da, ez du protesta egiten, etc; lurrin nabarmenagoko boilurrak, adibidez—, bai produktu elaboratuak ere —pastak, opilak, hestekiak, pateak, papilak, esnekiak, plater moldatuak—): gaur baditugu gazta zaporeko patata frijituak, antxoa gustuko olibak, oilasko zaporedun zopa begetariano hutsak, etc.

16. Eroso jatea. Mendebaldeko kultura askotan hatzekin jateko ohitura zabaltzen ari da, tradizioari jarraiki, koilarako jangaiak (zopak, eltzekiak) ia erabat desagertuta. Horrela izan dadin, etorkizunean elikagaiak pusketa txikitan iritsiko zaizkigu platerera, mokadu bakarreko anoetan eroso (hezur, ezkata, zurdarik gabe) kontsumi ditzagun. Pusketa txikitan eta, areago, dagoeneko hedatzen hasia den modura, murtxikatzeko premiarik ez izateko, pure eginda: kremak, saltxitxak, gazta guriak…

17. Zapore tradizionala. Kontsumitzaile zorrotzak (gutxiengoak) “jatorrizko” zaporearen bila segituko du eta, ondorioz, biziki preziatuko ditu lehengai lurrintsu freskoak eta horiek laguntzeko ardo kalitatedunak. Txalupatiko arrantza amukoa, baserriko arrautza benetakoak, larrean hazitako arkumea, azalore eta piper usaintsu bildu berriak… luxuzko: izen handiko jatetxeetan baino ez dira kontsumituko horrelakoak, ez dira dendara iritsiko.

18. Abere estabulatuak, zaporez ahulagokoak (oilasko, txekor, arkume, untxi…) kontsumitzen segitu beharko? Ingeniari genetistek manipulatutako barazki eta fruta eder gezak irentsiko beti?

19. Eraldaketa industrializatzeaz. Sukaldeko transformazioa etengabe industrializatuz doa. Etxeko sukaldean egiten ziren lan gehien-gehienak industrian egingo dira, elikagaia “nortasun gabeko”, “anonimo”, “urruneko”, “arima bako” bihurtuta. Sustrai bila abiatu beharko da, arrasto guztiak erabat ezabatu aurretik.

20. Gutasuna galtzear. Euskaldunok, bizi garen etxeaz, senideez, herriaz, automobilaz eta beste hamaika kontuz ari garenean “gure” ipintzen diegu hitz horiei aurretik, ez “nire”. Talde-kontzientzia edo gutasun horren arrastorik mahaian ere agertzen da, jatun guztiek mahai erdiko kazola edo azpil beretik hartzean, zahatoa elkarri pasatzean, etc.
Gutasuna pixkaka galtzen ari gara, mahaian, hizkuntzan eta kontzientzian orobat, nitasunaren mesedetan, inkomunikazio eta indibidualismoaren eraginez. Aurki ez gara gu izango, ni + ni… baizik; ondorioz, ez gara elkarrekin fidatuko, elkarte gastronomikoetan lapurretak areagotuko dira, auzolana erabat desagertuko da eta telebista izango da gure jainko bakarra, berak erauzi dizkigu-eta giza baliorik ederrenak, beraren gainekotzat geneuzkanak.

21. Etxekoandrerik ezean, otorduz kanpoko kontsumoa. Egun, produktu asko “ia erabat prestaturik” merkaturatzen dira (bizkotxoak, souffleak, entsaladak, zopa eta saldak, haragi beratuak, saltsak, arrain xerra birrineztatuak, kroketak, ogi eta ore ia erreak); eta beste batzuk, berriz, jateko pronto (izozkiak, opilak, quicheak, budinak, entsaladak, lasagnak, arrain pastelak, zopak…). Etxean ez etxekoandrerik, ez sukaldari profesionalik izango ez denez, jendeak ez du jakingo nola prestatu elikagaiak, nagiagoa izango da, kuzinatzea aparteko lantzat hartuko du eginkizun hori “artistena”bihurtuta: “sutondoko saltseroa” eta filatelikoa antzekoak izango dira.

22. Merkatuen mundializazioa. Fenomeno horrek hiru adarreko mugimendua sortaraziko du:

  1. tokian tokiko bereizgarritasun askoren suntsiketa,
  2. elikadura-plegu berrien agerpena (mestizaia prozesuen ondorioz), eta
  3. hainbat elikagai eta elikadura-praktikaren hedapen transkulturala.

Alderdi onuragarri eta kaltegarriak izango ditu fenomenoak:

  • Onuragarriak: elikagaien aprobetxamendu hobea, nutrizioan hobekuntzak, higiene neurri zorrotzagoak, bitamina-iturri berriak ezagutzea, jangaiak prezioak merkatzea.
  • Kaltegarriak: elikagaiaren eta naturaren arteko lokarria etetea mundializazioaren ondoriozko deslokalizazioak, kontsumitzailea bere unibertso biokulturaletik hein batez bereizten, jangaien parasito diren mikroorganismo berrien aurrean jatunak antigorputzak ez izatea, kontzeptu asko asimilatzeko astirik ez izatearren iritsi berrien ideiak, gauzak (eta pertsonak berak) errefusatzea. 

23. Esku hartzea. Kontsumo, ekoizpen eta eraldaketane, zenbat eta gutxiago esku hartu —lorategi edo belartegitxoa nornahik izan dezake etxean, janari amiñi bat ekoizteko—, orduan eta protagonismo txikiagoa, isiltasun handiagoa, zernahiri men egite errazagoa, erantzuteko gaitasun ahulagoa izango dugu. Orduan eta zerotik gertuago kokatuko gara. Eroso zentzen hasteko bidea izan liteke hori.

Sukaldeko transformazioa etengabe industrializatuz doa. Etxeko sukaldean egiten ziren lan gehien-gehienak industrian egingo dira, elikagaia “nortasun gabeko”, “anonimo”, “urruneko”, “arima bako” bihurtuta.

GARRAIOA, METAKETA, BANAKETA

  1. Orokorrean

Bildu, garraiatu eta banatzea: etapa antzu honetan ez da ezer gertatzen (zaku handian zetorrena zorro txikietan biltzea baizik ez), baina prezioak izugarri garestitzen dizkio banatzaileak kontsumitzaileari. Hortxe jazoko dira espekulazioaren ondoriozko sarraski larrienak.

PEKATU (Produktorearen Eta Kontsumitzailearen Arteko Tarte Ulergaitz) hori, batzuetan ehuneko milatik gora doana, handitzen ari da, trazabilitateaz ez dakigu ezertxo ere, ez ditugu elikagai askotxo (arrainak, fruta barietateak, haragi-ebakerak) bereizten, preziatzen…

  1. Behar adina jangai. Egun badago planeta osoko populazio guztia elikatzeko adina janari, baina justiziaz banatzean datza gakoa, jan asko alferrik galtzen baitugu:  nazioarteko merkatuko eskaera-eskaintza eta gainerakoak indarrean, produktore eta banatzaile handiek agintzen dutelako zer hartu behar dugun.

Gizakiak elikagaiak gainerako animaliek baino ugari eta seguruago biderkatzen (abeltzaintza, nekazaritza) eta kontserbatzen dituenez, gosea ez da izango gizadia beldurtzeko motiboa. Beste kontu bat da sistemari interesatuko ote zaion ur lasai horietan nabigatzea.

  1. Elikagaien deslokalizazioa. Lehen sektoreak ekoitzi eta bigarrenak transformatzen duena konpainia transnazional agroalimentario itzelek metatzen dute, arma hori indartsuenetako bat baita populazioaren parte bat mendean edukitzeko. Elikagaia deslokalizatua egongo da, zegozkion sorterri, lantze eta gorabehera klimatikoetatik deskonektatua. Elikagai gehien-gehienak hirugarren munduan ekoitzi, transformazioa azalera handiagotara hedatu da eta kontsumitzailea banatzaile horien morroi izango da.
  1. Estandarizazioa. Garraioa eta banaketa errentagarriak izatearren ere, ohiko produktuak geroz eta estandarragoak izango dira. Epe luzera negozio joriagoa da populazioaren joerak aldaraztea, komunitate bakoitzarentzat berariazko elikagaiak ekoitzi eta transformatzea baino. Hortaz, jakiak berdinduko gaitu gizakiok.
  1. Zerbitzuetan ere, kalitatea ipar-orratz. Landa-ingurunean, etxez etxe dabiltzan kamioitxo horietako jarduera jeneralizatuko da, eskuko telefonoari esker. Etxeko aparatu adimentsuek erosiko dute dena, gure partez. Edo dendari multiestatalak gure ordenadorean sartuko dira, nola hornituta gauden jakin eta interesatzen zaiena sartzeko.

Hipermerkatuak geroz eta erdigunerago sartuko dira, tamainaz urrituta, beren burua gizakien bizi-bilbean txertatzeko. Hurrengo fasean, oso litekeena da tamaina dezente txikitzea, zerora iritsi arte.

  1. Geroaldiko saltokiak. Plegu hauetako saltokiak aurreikusten ditugu, oraingo joerei erreparatuta:
  1. Herriko edo auzoko denda txikia: jenero gutxi baina klase askotako (ogia, opilak, lekaleak, laboreak, hestekiak, latak, etc.) eta marka bakarreko produktuak, ordutegi mugagabea, prezio biziak, nagusiarekiko tratu pertsonal atsegina erdiesteko aukera, apaindurarik gabea. Komunikazio gunea, informazio bulego egiazkoa.
  1. Denda espezializatua: jenero-mota batzuk (txarkuteria, gozokiak, arraina, okindegia, ardoa, kontserbak…), prestigioa helburu. Inoiz, ohiko produktuez osatzen du eskaintza (kolakao, letxu eta tipulak, litxarreriak) eta alpiste-bidea. Sakela askorentzat delicatessen moduko zerbait. Aurrekoan baino, eskuarki, tratu “ortodoxoagoa” ematen zaio bezeroari. Dendaria, zenbaitetan, militante.
  1. Eremu txikiko supermerkatua: apaletan klase, marka eta formatu denetako jenero ugari-ugaria, prezioa muga. Kutxaraino iritsi arte, ez zerbitzari, ez nagusirik. Prezio “neurtuak” (eskaintzak, kanpainatxoak…) baina ez merkeak. Establezimendu mota hau auzoko dendaren eta supermerkatuaren artean zangalatrau doanez, bataren eta bestearen onurak (aukera) eta eragozpenak (profesionaltasunik eza) ditu.
  1. “Erabilera anitzeko” azalera handia: magazine orokorraz gainera (20.000 erreferentziatik gora), denda espezializatuen antzekoak (bitxi-denda, ardandegia, lentzeria, arropa moda-modakoa) eta inguruan dena kontsumitzeko aukerak (zinema, putetxeak, zabor-jatetxeak, optikak, solarium eta saunak, automobila garbitzeko munstroak, jolastokiak, sinagoga, denetarako agentziak…); ordutegi etengabea, prezioetan denetik (eskaintza egokiak, diseinuzko diru-zurrupatzeak eta iruzur gordinak), apaingarri eta produktuen kokapenak garrantzi handia dute. Polizia mota asko bertan.
  1. Etxez etxeko denda edo inon ere ez den denda: erraldoiak eta fantasmak (bitartekariak), espezializatu eta orokorrak (banka, aseguru, janari alorrekoak) zerbitzu sektorekoak. Guk edo gure etxeko aparatu “adimentsuak” eskatutako jeneroarekin arituz, lokalen premia gutxiago dutenez, baliteke horrelakoek denda konbentzionalek baino prezio txikiagoak eskaintzea. Onurak: ezin duzu inorekin hitz egin, kontrolatuta sentitzen zara (nortasun agiria, helbidea, kontu korrontea, lantegiko telefonoa, posta elektronikoko klabea eman dizkiozu Ana izeneko bati), ordaintzen duzuna ez dakizu nora doan… Hauek jeneralizatuko dira, beraz.
  1. Etorkizuneko jatetxeen tipologia. Euskal hektarea urri hauetan aukera anitza izango du jatunak, hara:

Fast food. Oilasko-etxe, pizzategi eta tripa-zorriak isilarazteko bakarrik balio duten establezimendu berri hauen bezeroa ugaltzen ari da egunez egun.

a) Fast food. Oilasko-etxe, pizzategi eta tripa-zorriak isilarazteko bakarrik balio duten establezimendu berri hauen bezeroa ugaltzen ari da egunez egun.

b) Bokategia. Ogitartekoak eta edari soilak (ardoa, zukuak, ura) saltzen ditu, bertan irentsi edo etxera eramateko. Goraka doa.

c) Restopa. Establezimendu prekario, despertsonalizatu, deseroso hauetan ia denetik (garesti) erosteko aukera dago, makinatxoetan. Restop batzuetan ez dago zerbitzaririk, ez kalitatezko elikagairik, ez jan-edari merkerik.

d) Erretegia. Dagoeneko bakandu samarrak. Lehengai onen (edo txarren) zerrenda laburra, postrea industrial; apainketa, tamalgarria, oro har. Ugaltzen ari dira erretegi on eta bikainik, ez baina merkeak.

e) Sagardotegia. Sagardotegi batetik besterako aldea izugarri zabalduko da. Lehengaia ona izango da gehienetan, baina geroz eta sos ugariago utzi beharko dituzu bakailao tortilla, bakailao frijitu, txuleta eta postrea, urri-urri, hartzearren. Jendea gustura joaten da horrelakoetara, dela sagardoa atsegin duelako, dela sustrai bila.

f) Atzerriko abertzalea. Asiatik etorri, Goizuetan txinoa zabaldu eta, zorrak kitatu ondoren, Shangain euskal jatetxea irekitzera joango den horrena, alegia (txinatar, turkiar, italiar eta gainerakoak). Nagusia gamelu-txofer, sermolari edo gerrilari artatsua zen sorterrian. Gazte jendea doakio gehienbat, merkea baita.

g) Eskergak. Lilura efimeroko ezkontza, jaunartze edo aitasantutzeak ospatzeko toki gaitzak, berdintsuak denak: hirigunetik at, bere aparkaleku eta guzti, haserreak harturiko ehun zerbitzari prekario hara-hona korrika, karta luzea iruzurrez josia, masibizazioa. Labe garaietako burrundaren parekoa.

h) Food truck. Furgoneta edo antzeko batean babestutako sukaldari ohi langabea eta laguna animatu dira beren lanbidean zintzo segitzera, baxerak, zergak eta gainerako horiek prezioa altxatuko ez duten segurantziaz.

i) Kafeteradun pasteleriak. Alkohola ospe-bide ez denez, taberna tradizionalak eskaintzen zituenak te, kafesne edo zukuez bustitzeko aukera emango digu establezimendu honek.

j) Eguneko otordukoak. Errepide ertzean, hipermerkatu eta parke teknologikoetan... Hegoaldekoan potajea, jaki frijitua edo tripakiak, flana eta fruta; iparraldekoan, potagea, berdura, jakia, gazta eta fruta. Geroz eta gehiagok jaki bakarra ematen dute.