739 Zenbakia 2019-05-22 / 2019-06-19

Gaiak

Fernando Elosu, Iparraldeko lehen anarkista (1875-1941)

ARBELBIDE, Xipri

Hegoaldean anarkisten oroitzapenak odolsuak dira gerla zibilaz geroztik. Gogoan daukat oraino Barbastoko diosesan gertatu zena : 124 apaiz bildu zituzten eta denak han berean fusilatu, apezpikua barne, hau xikitatu, eta oren bat hil zorian utzi ondoan. Bederatzi Nabartar baziren apezen artean. Beste Euskaldunik ere garbitu zuten Espainian barna,  kurioski guti baizik  ez aipatuak. Frankistek garbitu zituzten hamabostak arazoi osoz gogoan dauzkagu, bainan zergatik ixildu besteak ?

Iparraldean ere izan dira anarkistak eta horietan famatuena Fernando Elosu medikua. Aiton-amonak Etxalarrekoak zeuzkan, Baionarat etorriak 1850an beren haurrekin. Rosa Antonia, ama, jostuna zen, Bourgneuf karrikan. Ernest Lafont Baionako diputatuak esperantzetan eman zuen, bainan haurra semetzat hartu eta seme bezala altxatu. Haurrak guti baizik ez zirelarik eskolan ibiltzen, Fernando, Baionako lizeoan eta gero Bordaleko unibersitatean ibili zen ; mediku atera zen 1900an. 

Therèse Peyroutet, Baionako goxoki egile baten alabarekin ezkondu zen orduan : 50.000 liberako dotea eman zion aita deputatuak. Fortuna bat garai haietan !  Therèse ere eskolatua zen : « brevet », garaian baxoaren heineko zen diploma bazeukan eta piano jotzen ikasia zuen, bai eta harrigarriagoa oraino emazte batentzat, txirindulaz ibiltzen ! Anaia inginadorea, Panamako ubidearen idekitzen ari izana zen, Ferdinand de Lesseps, beste Baionarrarekin. Gero, Garazirateko trenbidearen egiten.

Kuple gaztea, berehala  Alduderat joan zen, Etxepare medikua han zegoelarik jadanik. Honek ez zuen gehiagokorik preziatu konpetentzia ! Erretora lehen auzo izanez, harekin adiskidetu zen eta bi alabak bataitatu, hari kausitzeko : emazteak bezala komea egina izana gatik, ez zuten gehiago sinesten. Lekarrozeko kaputxinoetan ere ibiltzen zen zaldiz, han baitzeukan liburutegirik hurbilena. Suzanne, alaba gehiena, mediku aterako zen eta Baionako lehen hautetsi emaztea izanen, De Gaulek emaztei ideki zielarik hautetsi izateko bidea 1945an. Fernande Paule, bigarrena botikari izan zen.

Haurrak eskolan ibiltzeko adineratu eta, Aldudetik Baionarat egin zuen aldaira. Katedraletik 50 metrotan jarri zen.  Hiriko familia onetan laster ohartu ziren ez zuela zangorik elizan sartzen : egoitzaren jabeak kanpoa eman zion. Xuri eta gorri, errepublikar eta eskuindiarren arteko gerla beroenean zen : Estadoak eta Elizak elgarren arteko harremanak haustiak zituzten 1905an. Victor Hugo karrika erdian jarrin zen orduan, zenbai urratsetan.

Langile eta jende xumeen medikua izan zen. Egunak beteak zeuzkan. Bostetan jeiki. Irakurtzen eta idazten zortziak arte. Zortzitan erien etxeetarat eguerdi arte. Hamabitan,  etxerat heldu ziztaizkion eguerdiko lan mozteaz balia. Hiruetarik harat  etxeetara joaten zen berriz , arratseko zazpiak arte, berdin berantago.

Fernand Elosu. Argazkia: Iparraldeko Hitzatik aterata

Mundu horren beharrei ohartu zen.  Beren atsegina, ostatuan zeukatela ikusirik, liburutxo bat atera zuen mozkorkeria salatzeko : Le poison maudit, espainol bai eta katalandarrez ere agertuko zena. Artikulu asko idatzi zuen anarkisten entziklopedian eta aldizkarietan, bereziki Tolstoi Errusiarraz : hau zeukan bere ebanjelioa ; erruosa ikasi zuen honen bere hizkuntzan irakurtzeko.

Altxa ahala baino haur gehiago  bazuten emaztek, ez baitzen ez begiragailu, ez pilularik. Zuhurki aritzea artoski gomendatzen zien senarrei: « Haurrik ez izan, ez bada gogoetak ongi egin ondoan. Bien akortean . » « Anarkistak ez du aborturik probokatzen,  ez baitu emaztea esperantzetan emaiten behar ez delarik. » Sortzeen neurtzearen alde zen. Liburu bat  idatzi zuen arazo horretaz, « L’amour infécond », auzitarat eraman baitzuen. Frantziaren ametsa zen, 1870an Alemaniak hartu Alzazia eta Lorrena probintziak berreskuratzea. Gerlarako soldadoak behar ziren. Ahal bezainbat. Emaztek haurrak egin behar zituzten. Ahal bezainbat. Eta Elosuk haurrak neurtu nahi !

Pazifizta zen. 1914n gerla hasi baino zenbait egun lehenago, mitin bat antolatu zuen, gerlaren kontra.  Aurkakoek kontramanifestaldia, askoz ere jendetsuagoa : mendekatu zitzaizkion eta  poliziari zor izan zion, bizirik ateratzea ! Biharamunean idatzi zuen, bai, gerlaren kontra zela, bainan etsaia Frantzian sartzen baldin bazen, bere eginbidea beteko zuela bestek bezala. Haren arabera, arazoak bazirelarik, mintzatuz konpondu behar ziren eta ez gerla eginez. Gerla, aberatsek asamatzen zuten, dirua egiteko. Behin erran zuen ez lezakeela bere gorputzeko milimetro bat ere eman Alemaniaren kontra. Hamalaueko gerla garaian, nahiz soldado izateko adina pasatua zuen, erizain xoil bezala sartu zen Baionako ospitale militarrean, soldado xoilaren pagarekin.

Gizartea aldatzeko ere bortizkeria ez zuen onartzen. « Iraultzak ez ditu baionetak asmatu ,  baionatetak apurtzea du asmatu ».

Bi puntu horietan eta beste askotan, anarkista zen edo garaian erraten zen bezala, libertarioa.  Anarkista militantea : langileen unibersitate bat antolatu zuen, Giza Eskubideen aldeko elkarte bat Zernahi bilkura eta mitina egin zuen bere ikusmoldeen  zabaltzeko hemen gaindi. Orain ahoa zabalik uzten gaituzten jendeketak biltzen zituen. Noiz nahi 300 jendez goiti, batzutan 500, 600 edo 700. Lanjerosa ikusia zen : mitin guzietan polizia bat bazuen barrandan. Bilkura bururatu orduko, txosten bat igortzen zion  prefetari : zenbat jende zen, zertaz mintzatu zen, entzuleek nola ihardoki zuten eta beste. Pabeko artxibotan daude denak ! Parisen berean bazekiten haren berri ministeritzetan. Behin Bartzelonan mintzatu baitzen, hori ere jakin zuten.

Gerla zibila izan zelarik Espainian, bere etxean hartu zituen iheslariak.

Zenbaitek akusatu zuten komunista izateaz, bainan ez zen hala. Tolstoi Errusoa izanez, Errusia maite zuen. Komunistetan gustatzen zitzaion, denak denena izateko ideala, bainan nihondik ere ez haien dikatura eta gerlarako ixurgia. « Hitler ala Staline, biak berdin » idatzi zion alabari. Bizkitartean komunista zelako akusapean, preso sartu zuten. Gurs-eko preso kanpoan ere egon zen besteak beste. Azkenean libratu zutelarik, eri handi zen : etxean sartu eta hamar egunen buruan hil zen 1941an agorrileko 19an.

Egunkari guziek, kontrakoek barne, goretsi zuten bere bihotz ona gatik, bizia behartsuen zerbitzuko eman zuelakotz. Anarkista guziak hura iduria izan balire,  biltzen zuten baino askoz ere jende gehiago bilduko zutela azpimarratu zuten.

Nolako bihotza zeukan erakusten du ondoko gertakariak. Presondegitik etxean sartu eta, nolako egoeran zen ez zekien norbaitek eskatu zion eri baten ikusterat joaitea. Eta joan zen… gauez gau !