738 Zenbakia 2019-04-23 / 2019-05-22

Gaiak

Bertsolaritza, diskurtso komunitategintza

AKIZU, Maialen

Lan honek, interes eta esperientzia pertsonala ditu abiapuntutzat. H-a jartzeko arau esplikagaitzaren azalpen bertsukoa da, egun batean, etxean, "bertso-eskolan apuntatu nahi dut" esateko izan nuen okurrentzia.

Bitxia suertatu izan zait Bertsolaritzak sortzen duen fenomenoa. Taldean konpartitzen dena ez zait iruditu izan ikuskizun hutsa zenik, lagun arteko arratsalde pasa edo hizkuntzaren aldeko aldarria. Horietatik ere bazegoen, noski, sentiera desberdinak zeuden taldean, baina norbanakoari baino taldeari begiratu nahian,  Gizarte Psikologiaren definizio eta tresnak eta Diskurtsoaren Analisi Kritikoa (DAK) erabili ditut ikerketa honetan. Bertsolaritza diskurtso komunitate modua aztertu dugu. Diskurtso komunitatea, hitzez eta eginez, elkarrekin, esanahi komunak sortzen dituen jende multzoa da. Esanahiak mundu komun baten egiturak dira, eta komunitateak baliabide batzuk behar ditu hauek sostengatzeko.  

Ikerketaren eremua mugatzeko, eta helburuei jarraiki, 2001eko eta 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusietako Finalak aztertzea erabaki dugu. Lau urtean behingo geldialdi printzipala da Txapelketa Nagusia, eta hartzen dituen dimentsio espazial eta sozialak medio, epealdi baten berri ematen du, are gehiago gailur den finalak. Marko teorikoan, komunitatearen, diskurtsoaren eta hauek gauzatzen/gauzarazten dituzten praktikak nola lotzen diren aztertuko dugu. Bertsolaritzaren historiari hurbilpen laburra eginez, gaien analisia izan da lanaren muina. Zergatik gaiak? Gaien irizpideetan, gaurkotasuna eta ezagutza aipatzen dira, zehatzago esanda, "oholtza gainekoen zein azpikoen mundu erreferentzialarekin bat etorri behar da gaia" (Bertsozale Elkartea, 2002: 12)[1]. Gaiak aztertuz, bertsolaritzaren eta bertsolaritzak sortzen duen mundu erreferentzialaren erradiografia egitea posible dela iruditu zaigu, gai bakoitza diskurtsoa gauzatzeko aukera bat litzateke.

Komunitateak, denboraren eta espazioaren dimentsioak ezinbestean barnebiltzen ditu, eta Bertsolaritzarena ere aldatzen joan da. Diskurtsoak ez dira abstrakzio koherenteak, testuinguru batean kokatzen dira, eta faktore desberdinengatik, 2001eko eta 2017ko Euskal Herriko Bertsolari Txapelketen finaleko gaiak aztertu eta sailkapen analitikoa egin dugu. Galdera: bere diskurtsoaren aldaketan neurtuta, zenbat eta zertan aldatu da Bertsolaritza?

Diskurtsoaren analisia, historikoki, linguistikaren alorrari atxiki izan zaio. Koherentzia eta kohesioa baino, jarduneko gai-edukietan diskurtso jardunean jarri dugu fokua guk, gaietako hitz-gakoak identifikatuz. Bost kategoria bereizi ditugu honenbestez: dilema moralak, ekonomia, familia, harreman afektiboak eta politika/Euskal Herria. Analisia xehatzeko, kategoriak azpi-ataletan sailkatu ditugu:

1. irudia: 2001 eta 2017ko Txapelketa Nagusiko gaien kategorizazioa

Hona ateratako ondorioetako batzuk:

Dilemak ekintza kurtsoen arteko gatazka existitzen denean ageri dira (Montuschi, 2002:19)[2]. Finean, "agenteak bi hautabideren artean aukeratzeko betebeharra du (Mendonca, 2008: 122)[3]. Dilema jokoen bidez, komunitatean dauden kontraesanak edo kode antagonikoak agertu daitezke, eta arazo moral orokorrak ere bai. 2001ean bederatzi gai kokatu ditugu dilema moraletan eta 2017an berriz bost. Desberdintasunetan lehena, dilema beraren kokapena zen. Bi urteen arteko lehen desberdintasuna, dilemaren gaiaren kokapena zen. 2001ean abstrakziotik kantarazten zitzaion bertsolariari "zu A txiroen itxaropena zara, eta B aberatsarena". 2017an gai guztiak, gorputzetan kokatzen dira: "irakasleak zarete. Murrizketen kontrako greba egin ostean, lanera bueltatu zarete".

Moralaren logikak, bi aspektu bereizten ditu: faktikoa eta normatikoa. Bertsolaritzan funtzio normatiboa ageri den arren (komunitateak ontzat eta hobetu beharrekotzat zer duen esatea, besteak beste, funtzio faktikoa agerikoagoa da; bertsolariak komunitatearen balioak transmititzen ditu, balizko egoeretan (gaietan) komunitateak zer egiten duen edo zer egin behar lukeen adieraziz. Horretarako "bazterreko" pertsonaien diskurtsoa darabilte sarri bertsolariek, komunitatea menpeko posizioan irudikatzen da nolabait. "Bestea", hau da, gu ez garena da "gaiztoa", edo guk egiten duguna egin arren, egin behar ez genukeen adierazten du "besteak". Balio orok bere kontrabalioa du, eta 2017 kontrabalio gehiago azaltzen dira.

Bertsolaritzaren baitan biltzen den komunitateak, ez du bere burua "multzo" edo "taldetzat" hartzen, "herria" dela adierazten du bi finaletan. Argazkia: UKBERRI.NET Uribe Kosta eta Erandioko agerkari digitala

Ekonomia dilema moral gisa planteatzen da bi txapelketetan. 2001ean ekonomia etxeko lau hormetan kabitzen zen; 2017an globalagoa da. Bietan baina, diru irabazien logika edo honekiko desira justifikatu egin behar da, lanez, merezimenduz, izerdiz bakarrik da dirua onargarria diskurtsoan.

Familiari ere atal bat eskaini diogu. 2001ean hiru gai ziren familia zehar-lerro gisa lantzen zutenak, 2017an sei, eta ariketen generoari dagokionez, bakarkako gaietan jorratu da batik bat familia. 2017an, familia nuklearretik haragoko iruditegia azaltzen da. Bikote ahaidetasunari beste diskurtso batzuk gehitu bazaizkio ere, gurasotasuna izan da, gure ustez, aldaketa gutxien izan duena. 2001ean eta 2017an, gurasotasuna balore positiboekin lotzen da soilik, sentitze irrazional baten gisa definitzen da. Kategoria honetan, gaien formak aldatu dira, diskurtsoarenak ez hainbeste.

Familiari eskutik helduta doa harreman afektiboen gaia ere. Gai gehientsuenetan planteatzen da bi posizioen nolabaiteko harremana, baina kategoria honetan, afektibotasunarekin zein sexuarekin zerikusia dutenak sartu ditugu. 2001ean, intimitatea afektibitate-sexualean oinarritzen zen; 2017an sexua inplizituagoa da eta gaien hiztegian ere sumatzen da Generoa ikerketan zehar-lerro gisa aztertu badugu ere, genero-indarkeria azpi-atal moduan sartu dugu. Hamaika adibide daude bertsolaritzaren komunitatea genero lanketa egiten ari dela esateko. Gaien azterketa eginda baina, 2017 oraindik, emakumea agentziarik gabeko rolean ageri da, arazoarekin lotzen da eta genero-indarkeria auzi pertsonala bailitzan tratatzen dela iruditzen zaigu. Erasotzailearen eta biktimaren figuren diskurtsoa antzekoa da komunitatean, baina testiguarenean anbiguotasunak azaltzen dira.

Bosgarren eta azken kategoria politika-Euskal Herriarena izan da. Gure ustez, 2001ean Euskal Herriaz hitz egiteko modua zen politika, eta alderantziz. 2017an baina, Euskal Herriaz hitz egiten da, eta bere barneko gaietako bat da politika. 2001ean bertsoa, eta kultura bera, politika egiteko modutzat hartuak zirela uste dugu; aldiz, 2017an, kulturak bere leku propioa du.

Bertsolaritzaren baitan biltzen den komunitateak, ez du bere burua "multzo" edo "taldetzat" hartzen, "herria" dela adierazten du bi finaletan. Herria, 2001ean termino politiko gisa badaiteke ere, eta nazioarekin berdinduta, 2017an dimentsio sozio-kulturalarekin lotuago dago. Alabaina, bertsolaritzaren kasuan kultura eta politika bereiztea zaila iruditzen zaigu. Garbi ikusten da, euskarak herrian zentraltasuna duela. Bertsolaritzaren jarduna ia ehuneko ehunean euskara hutsean egiten da, eta komunitate horrentzat euskal identitatea hizkuntzan eta borondatean oinarritzen da batik bat.

Esan bezala, lan hau analisian oinarritu da. Bertsolaritzaren fenomenoak aldaketa nabariak dituelako ustea dituenaren ustea lurrera ekarri eta kokatzen zein aztertzen saiatu gara. Denbora, jakintza eta baliabide falta medio, lan hori zirrikituak gelditu zaizkio. Betetik, bi Txapelketa Nagusiren finalak bakarrik aztertuta ezin da praktika komunitate horren errealitate totala aztertu. Bestetik, bertsolari fenomeno heterogeneo eta berezia pragmatikoki aztertzea zaila da. Gaiak kategoriatan banatu arren, gaien estatusa desberdina izaten da Txapelketan, baita bertsolaria bera ere. Ez dugu zehaztu nork zer esaten duen, kantatzen zena inorena edo denena bailitzan. Egituran jarri nahi genuen fokua. Diskurtsoa ulertu dugun bezala ulertuta, esamolde performatibo eraginkorra izateko, autoritatea, agintea behar baita. Esamolde performatibo eraginkorra izateko, autoritate-harremana (aginte-harremana) sortu behar da. "Aginteak" ez du aginterik mikrofonoa duelako, mikrofonoa du agintea delako.

Diskurtso Analisian ez dago analisia egiteko teknika zehatzik. Honek ez du esan nahi denak balio duenik, teoriarekin kontrastatu, eztabaidatu eta loturak eginez garatu dugu ikerketa, baina egia da, ikerlariaren ezagutza-posizioak pisua izaten duela, baina diskurtsoen laburpen edo sailkatzea baino, analisia egin nahi izan dugu. Diskurtsoaren analisiak analizatzea esan nahi duelako. Gainera, diskurtsoa aztertzeak badauka beste arrisku bat: diskurtsoa bera ikuspegi oso bezala hartzea. Fenomeno linguistiko guztiak sozialak dira, baina fenomeno sozial guztiak ez dira linguistikoak. Sintomez hitz egin dugu, ez ispiluez. Gure ustez, diskurtsoak ez dira errealitatean deskripzio hutsak, baina errealitatea bera ere ez da produkzio diskurtsiboa bakarrik. Bertsolaritzaren kasuan, badira bertatik kanpo geratzen diren dimentsio material zein inmaterialak, esperientzia-harremanetan sortzen diren botere eta identitateak kasu.

Galdera bati erantzun gabe, beste mila sortu. Hori izaten du askotan, jakin-minaren bilaketak. Diskurtsoek, dena/denetik esango baligukete, aspaldi geundeke mutu. Bertsolaritzak, praktikan egin dut bere mintza, komunitatean bizitza, eta isilean hitza.

 

[1] BERTSOZALE ELKARTEA (2002). Gai-jartzailearen eskuliburua. Sarean eskuragarri: http://bdb.bertsozale.eus/es/web/liburutegia/view/3392-gai- jartzailearen-eskuliburua (Azken kontsulta, 2018-02-22).

[2]MONTUSCHI, Luisa (2002). Ética y razonamiento moral. Dilemas morales y comportamiento ético en las organizaciones. Sarean eskuragarri: http://www.cema.edu.or/publicaciones/download/documentos/219.pdf
(Azken kontsulta: 2018-03-16).

[3] MENDONCA, Daniel (2008). Sobre el concepto de dilema moral. Discusiones, (8), 117-127.