735 Zenbakia 2019-01-22 / 2019-02-18

Gaiak

“Euskaldunen lorategi kristaua”. Hizkuntza, liberalen aurkako erreakzioa eta ideologia Jose Paulo Ulibarriren diskurtsoan (1775-1847)

ESTEBAN OCHOA DE ERIBE, Javier ULIBARRI ORUETA , Koldo ARTOLA RENEDO, Andoni

Azken urteotan nahikoa arrakastatsuak diren mugimendu politiko berrien jaiotza ikusi du Mendebaldeak. Mugimendu horiek, ohiz kanpoko indarrez, zalantzan jartzen dute askatasun, anaiartekotasun eta berdintasun hirukoa, zeinen bitartez XVIII. mende bukaerako eta XIX. mende hasierako iraultzek gure gizartea aldarazi zuten. Testuinguru honetan, denbora batetik hona euskal agintariek Euskal Herria oasi moderno, progresista, tolerante eta integratzaile bezala aurkeztu nahi izan dute. Euskaldun izaeraren barnean omen dira ezaugarri hauek, diskurtso ofizialaren arabera. Amnesia historikoari emana den herri batean, gogorarazi behar da ezen, euskaldun izaera hori existitzen bada ere, ez dituela beti bere barnean balore horiek izan. 1823an, mundu-mailan gertatzen ari ziren bilakaera iraultzaile indartsu horien erdian, Abandoko elizatean bizi zen Jose Paulo Ulibarri albaitari eta ferratzailea lagunarteko gutuneria biltzen hasi zen liburuki batean, eta bere gutunliburuaren diskurtso-gaia aurretik esandako ezaugarrien aurkakoa da oso. Horren erakusgarri, bere lehenbiziko gutunaren pasarte bat: bertan adierazten da gaztelania dela “Suleze edo Infernuko erdara madarikatu, arnegu, atsitua”, eta “den legez Luziferrek aterea, dakar Bizkaiari, Arabari, Nafarroari eta Gipuzkoari milioi bat kalte”.[1]

Gutun kopiadore hau, Euskal Herriko filologo eta historiadoreek ezagun dutena, aparteko dokumentua da. Tokian tokiko interes hutsa gainditu egiten du ez egilearen gizarte egoeragatik, lagunarteko idazkiak izateagatik edo bere ideologia atzerakoi markatuagatik bakarrik, baita haren osotasunean euskaraz idatzita egoteagatik ere. 1823tik 1838ra idatzia dago, eta gutuneriaz gainera oharrak, itzulpenak, poesiak eta hiztegitxo bat ere baditu eskuizkribuak. Mota askotariko testu-bilduma honen barruan ildo nagusi bat ikus daiteke: bere oinarria izango litzateke erdarek Euskal Herrian sartu duten ustelkeria. Horrela, Jose Paulo Ulibarrirentzat euskara ez den hizkuntza guztiek dakartzate ideia arriskutsuak, liberalak, heterodoxoak eta berrespen jainkotiarra duen ordena tradizionalaren kontra egingo lituzketenak; oro har, foru sistema mehatxatu eta arbasoen ohitura zaharrak arriskuan jartzen zituzten ideiak. Hizkuntzaren bitartez egiten den zitaltze hori jatorrizko beste iturri birekin konbinatzen da: lehenengoa zitaltze morala, tabakoaren eta alkoholaren gehiegikerien bitartez letorkeena (bere diskurtsoan pipak eta ardoak irudikatua); eta bestea zitaltze sozioekonomikoa, kasu honetan merkatarien diruzalekeriak lekarrena, ohitura garbiak dituzten nekazari xumeen interesak erasotzen baititu.

Jose Paulo Ulibarrik hirurteko konstituzionalaren ostean idazten du (1820-1823). Bere ikuspegiaren arabera XVIII. mende bukaeratik aurrera mugimendu iraultzaileek errotik aldatu zuten mundu hura berreskuratzeko, euskararen edo euskal erakunde berezien aurka egiten zuten pertsona oro kanporatzea beharrezko ikusten zuen. “Geure forua saltzen; Kristo saltzen; abade, fraileak kentzen eta euren ondasunak saltzen” zebiltzaten heterodoxo politiko sorta egotzi behar zen hemendik. Halako neurriekin batera, defentsa kulturalaren gailua planteatzen du berak, eta horretan iraultzak zekarren gaitzen aurrean babesle izango zen euskara, euskaldun lorategi ederrean irudikaturiko utopia erreakzionarioa bere garbitasunean zainduz.

Abandoko albaitaria haren gutunliburua idazten hasi zen 1823. urte horretan bertan, ekingo zioten erreakzio mugimendu bati Bizkaiko foru-instituzioek. Hirurteko konstituzionalak Espainiara liberalismoaren lehenbiziko aplikazio praktikoa ekarri zuen; eta era berean, lehenengo aldiz ideologia politiko ezberdinak esparru publiko berri batez baliatu ahal ziren euren ideiak adierazteko, 1820. eta 1823. urte bitartean gai politikoa hizpide zuten lan inprimatuek erakusten dutenez. 1823an, erregimen liberala deuseztatu ostean, Bizkaiko agintariek monopolio absolutista sortuko dute, eta hura berretsiko duen oinarri ideologiko sendo batez jarraitu zen, liberalismoaren edozein formari hesiak ipiniko diona. Ideia eta praktika liberal horiek bere testuetan zehar diabruzioa esapidearen bitartez aipatuko ditu Jose Paulo Ulibarrik.

Bertso paperak. Bonaparte fondoa. Euskaltzaindiako Azkue Biblioteka.

Baina, nondik datoz haren ideiak? Nor zen pertsonaia hori? Jose Paulo Ulibarri Okondon jaio zen 1775. urtean, familia xume batean. Bederatzi urterekin Abandora joan zen, eta bere osaba-izebekin bizi izan zen. Ferratzaile eta albaitari ikasi zuen. 1794. urtean Konbentzio iraultzaile Frantsesaren aurkako gerran parte hartu zuen eta hiru urte geroago Maria Josefa Landa Urquizarekin ezkonduko zen. Napoleonen okupazioan zehar tropa frantsesak hornitu behar izan zituen. Paradoxikoki, bere lehenengo parte hartze politikoa Abandoko alkate konstituzional moduan izan zen 1814. urtean, Fernando VII.aren lehenengo kolpe absolutista baino lehen. Ez berez Konstituzioarekiko begikotasuna zuelako, baina bai tradiziozko Elizateko fiel karguaren eta alkate karguaren baliokidetasunagatik. 1816an bizkaitartasuna lortu zuen. Lau urte geroago Abandoko artxibuzain eta kontulari aukeratua izan zen, baina 1820. urtean kargutik kendu zuten erregezale atzerakoia izateagatik. Hirurteko konstituzionala pasatu zenean berriz ere kargura itzuli zen, 1826. urtera arte. Lau alditan behintzat elizateko fiel erregidore izendatu zuten. 1814 eta 1829ko Gernikako Batzar Nagusietan parte hartu zuen. Azken urte hartan proposamena aurkeztu zuen Jaurerrian euskara modu ofizial batean irakas zedin. Gerra Karlistetan, kontrairaultzaileekiko begikortasuna izan arren, bere jarrera ez zen argia izan: batzuk altxamendua bultzatzea leporatu zioten, baina Abandoko gazteen armagabetzean paper garrantzitsua izan zuen. Gutxi dakigu hortik eta 1847an bere heriotza gertatu zen arte. 

Guztiarekin, pertsonaia horrek leiho bat zabaltzen digu Antzinako Erregimenaren amaieran erdi mailako eta gizarte klase herrikoietan gertaturiko politizazio prozesua ulertzeko. Jose Paulo Ulibarri bezalako albaitari batek lehenengo garaietan klase altuagoko pertsonentzat gordetako gobernu postuak bete izanak erakutsiko luke garaiko desordena politikoak aukerak zabaldu zizkietela ordura arte bigarren maila batean zeuden gizarte sektoreei. Independentzia Gudaren gerraosteak ordura arte ezagungabeko zatitze ideologikoa ekarri zuen. Proiektu politiko ezberdinek elkarren aurka aritzen ziren hegemonia lortzeko eta berritasun bat ekarri zuten oraingo honetan: gizatalde herrikoiak ere inplikatu behar zituztela. Jose Paulo Ulibarrik erakusten duen proiektuaren buruek testuinguru berri hura ulertzen dute. Hortik letorke bere protagonismoa euskarazko inprimatuetan. Izan ere, 1814. urtetik aurrera ordura arte ezezaguna zen garrantzia hartu zuen inprimatze-lanak. Idazle elkarte txiki batek, tartean Juan Jose Mogel apaiza eta bere arreba Bizenta Mogelek, mezu erreakzionarioa zabaltzeko aproposak ziren testuak argitaratu zituzten —gabon kantak, debozio liburuak, egutegi edo almanake bat edo Baseerritaar Nequezaleentzaco escolia nobela kutsuko testua. Giro berean dagoen beste egile nabarmena genuke Pedro Astarloa frailea, frantziskotarren Abandoko komentuko jagolea, inprimaki horiek banatzen zituen gune kontrairaultzaile ezaguna.

Testu bilduma hauek, era ezberdinean bada ere, mezu erreakzionario, ortodoxo, landatar eta berdinzale bera transmititzen dute; luxua eta lizunkeria gaitzetsi eta erlijioa eta euskara goratzen eta berdintzen dira, hizkuntza horretan idatzirik baitaude. Hartzaile esplizitua nekazari edo artisau xumea da, eta hiriko bizimoduaren arriskuez eta haren ustelkeria maila altuaz gaztigatzen dio.

Diskurtso mota hau “foru mitologiarekin” enbortzen da, XVI. mendetik aurrera Monarkia Hispanikoaren barruan euskaldunek zuten berezitasuna legitimatzeko balio izan duen ideologia konstruktua. Hala ere, azken beltzean topoi berdinen gainean eraikia badago ere, hortik aldentzen da bai formatu eta baita hartzaileen aldetik ere. Era batean, Mogel anai-arrebek, fray Pedro Astarloak eta Jose Paulo Ulibarrik berak, mitologia horretako oinarrizko gaiak gizarteratzen dituzte (euskoiberismoa, tubalismoa, kantabrismoa, jatorrizko kristautasuna...) bere helburu erreakzionarioetara egokituz. Hizkuntza bera izatea euskaldunen berezitasunaren markatzaile bizia, froga ukaezina teoria horiek benetakoak direla baieztatzeko, Jainkoak aukeraturiko herritzat hartzeko, funtsezko garrantzia hartuko du talde hartako idazleen lanetan.

José Paulo Ulibarriren gutunliburuaren dokumentu baten irudia. Gerrate Karlistaren garaian idatzitako manifestu bat da.

Hortik ulertzen da zergatik Jose Paulo Ulibarriren utopia erreakzionarioan  funtsezkoa den hizkuntza oinarrizko baliabidea izurrite iraultzaileak, ordena tradizionalaren disolbatzaileak, gelditzeko. Ordena horren ulermen zuzena euskal hiztunentzat gordetzen da eta. Mundua hizkuntzaren bidez interpretatzen da, eta komunitate etnolinguistiko horretatik kanpo direnak ezin dituzte herriaren esentziak ezagutu. Blindatzeko, euskara bultzatzeaz gainera, bestelako neurriak beharrezko ziren: tabernetan murrizteak izatea, erdaldun eskale eta arloteak kanporatzea eta ohitura txarrezko gaizkileen errepresioa egitea. “Kristau lorategi” horren garbiketan apaizek oinarrizko papera beteko zuten, izan ere, eurak arduratu behar ziren “suge, sapo eta lupu” ideologikoen garbitzeaz. 1834an esaten duen moduan, bere ustetan karlismoaren helburua hau izan behar zen: txiroen kaltetan jardunbide txarren bidez aberasturiko merkatariak Bizkaiko gobernutik baztertu behar ziren; liberalen edo erdal izena zuten maiorazkoen etxeak su garbitzailetik pasatu behar ziren, ondoren euskal probintzietatik kanporatuz; eta euskaraz hitz egiten ez zuten elizgizonak ere kanporatu behar ziren.

Laburbilduz, Jose Paulo Ulibarriren lagunarteko idazkiek euskal identitatearen ikuspegi xenofobo, ultra erlijioso eta purifikatzailea erakusten digute. Oinarrian Aro Modernoaren “foru mitologiaren” konstruktua egonik ere, gure pertsonaiaren inguruko zirkulu intelektualak XIX. mende hasieran berritu eta hartzaile espektro zabalago batengana gizarteratzen saiatu zen. Diskurtso horrek gizarte sektore ezberdinetan, bereziki erdi maila eta klase herrikoietan, izan zuen barneratze gradua aztertzea zabalik geratzen den ikerketa gai bizigarri bat da. Gauza bera esan genezake diskurtso horrek lehenengo karlismoan izan zuen eraginaren gainean. Aldaketa azkarrak, traumatikoak eta hautemanezinak bizi izan zituen garai horiek eta orduko aktore ezberdinek egoera horientzat proposatu zituzten konponbideak hobeto ulertzeak erremintak eman diezazkigukete aldaketa azkarrak, traumatikoak eta hautemanezinak bizi duen beste gizarte bat, egungoa, ulertzeko.

"Vista de la Muy Noble Villa de Bilbao", XVIII. mendearen bigarren erdialdean, Francisco Antonio Richter-ek egina. Bilboko Euskal Museoa.

Oinarrizko bibliografia

AGIRREAZKUENAGA ZIGORRAGA, Joseba, “Bilbo aldeko euskaltasun politikoaren ahotsen literatur moldeak eta ideologia ildoak: Jose Paulo Ulibarri eta Cosme Belaunde, herri literaturaren adierazle”, Bidebarrieta, 19, 2008, 105-162 orr.
ALTZIBAR ARETXABALETA, Xabier, “Bizkaiko euskal idazleen gizarte ikusmoldea (1800-1833)”, Bidebarrieta, 24, 2013, 20-31 orr.
AQUESOLO OLIVARES, Lino, “José Pablo de Ulíbarri Galíndez (1775-1847)”, BRSBAP, 18, 1. koad., 1962, 25-35 orr.
ARTOLA RENEDO, Andoni, ESTEBAN OCHOA DE ERIBE, Javier y ULIBARRI ORUETA, Koldo, “En torno al pensamiento reaccionario en el País Vasco: el ensueño contrarrevolucionario del herrador José Pablo Ulíbarri (1775-1847)”, RÚJULA LÓPEZ, Pedro y RAMÓN SOLANS, Francisco Javier (eds.), El desafío de la revolución: reaccionarios, antiliberales y contrarrevolucionarios (siglos XVIII y XIX), Granada, Comares, 2017, 107-123 orr.
ESTEBAN OCHOA DE ERIBE, Javier, Discursos civilizadores. Escritores, lectores y lecturas de textos en euskera (c.1767-c.1833), Madrid, Sílex, 2018.
ULIBARRI ORUETA, Koldo, “Euskal testu corpusa osatzen: J.P. Ulibarriren Egunare eusquerazcoa erderascotic itzuliya”, en ASJU, XLV-2, 2011, 71-113 orr.
ULÍBARRI Y GALÍNDEZ, José Pablo, Gutunliburua. Faksimila, Vitoria-Gasteiz, Diputación Foral de Álava, 1975.


[1] Jatorrizko testuak (grafia, ezaugarri linguistikoak...) moldatu dira euskara batura.