734 Zenbakia 2018-10-24 / 2018-12-02

Gaiak

Sare sozialetan euskal hiztunek dauzkaten harreman sareen eta jorratzen dituzten gaien analisia

FERNANDEZ DE LANDA, Joseba

Artikulu honen egilea Eusko Ikaskuntzaren ‘Gazteak –euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak’ deialdiaren irabazletako bat izan zen. Bere Master Amaierako Lan-a ‘Gazteen harreman SAREAK euskararen sozializazioan’ gaian txertatzen da. 
Orain argitaratzen dugun artikulua Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren baitan, urriaren 19an Gasteizen burutu zen ‘Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen’ kongresu saioan ekarpen libreen atalean aurkeztu zen poster moduan. Lan honen artikulu luzea Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren argitalpenean argitaratuko da.


Laburpena

Sare sozialak adierazpen librerako esparru bilakatu dira, nahi dena nahi den momentuan esateko aukera zabalduz eta gazteen esparru bezala kontsideratuz. Honek aukera ematen du euskararen inguruko hausnarketa burutzeko, batez ere gazteen errealitatea ezagutzeko. Euskara teknologia berrietara nola moldatzen den jakiteko eta gazteen euskararekiko atxikimendua ezagutzeko asmo bikoitzarekin, sare sozialetan euskararen inguruko ikerketa burutu da, zehazki Twitterren. Teknika berritzaileetan oinarritutako ikerketa honi esker, sare sozial honetan garrantzitsuenak diren euskal erabiltzaileen komunitate eta gaiak identifikatzea lortu da. Gainera, gazteak helduengandik bereizi dira, gazteengan bereziki fokua jartzeko intentzioarekin, haiek izango baitira euskararen etorkizunaren bermea. Alde batetik, euskara ze gaietan indartsu dagoen azaleratuko da, euskal txiolarien ohiko gaiak edo lehentasunak zeintzuk diren ezagutzeko. Bestalde, txiolari euskaldunen harremanetan oinarrituta, hauen azpitaldeak ezagutuko dira, euskal txiolariak nola harremantzen diren modu sakonean ezagutzeko. Horretarako, datu kopuru handiak (Big Data) erauzi dira Twitterretik eta hauek Ikasketa Automatikoan (Machine Learning) oinarritutako tekniken bitartez arakatuak izan dira. Era honetan, euskal gazteen komunitatearen baitan, euskararen indar-guneak azaleratuko dira, gazteak motibatzen dituzten gaiak ezagutaraziz eta zein harreman sareetan mugitzen diren erakutsiz. Guzti honen intentzioa, euskararen aldeko edozein lanketan gazteen ikuspegia txertatzen laguntzea izango da, gazteen lehentasunak azaleraziz.

Ondorioak

Twitter sare-sozialera konektatuta dauden euskal hiztun gazteen on-line errealitatera hurbilpen bat egitea lortu da. Helburu orokor hori betetzeko hainbat pausu eman dira, lehenik eta behin Twitter sare-sozialetik euskal erabiltzaileen datu kantitate erraldoiak erauzi dira. Bigarrenik, erauzitako euskal txiolariak sailkatu dira gazte eta heldu artean, gazteen errealitatea ezagutzea baita helburu nagusia. Hirugarrenik eta azkenik, gazte eta helduen gaiak zeintzuk diren eta harremanak nola ematen diren argitu da, bi talde ezberdinen errealitatea zein den erakutsiz. Lan honekin, frogatuta geratzen da gizarte-zientzia eta konputazio-zientzien arteko konbinaketa aberasgarria dela, Hizkuntzaren Prozesamenduko teknikak aplikatuz, ezaugarri demografikoak iradoki edota diskurtso analisia bezalako atazak burutu daitezkeela erakutsi delarik.

Datuen erauzketaren inguruko balorazioa burutzerakoan, esan daiteke datu iturri berri bat ireki dela Twitterreko informazioa erauzteko garatutako teknikari esker. Erauzketa teknika honi esker, datu kantitate handiak (Big Data) lortu dira oso kostu txikiarekin. Horrez gain, sarritan ailegatzea zaila den, gazteen ingurunera hurbiltzea lortu da, hauen errealitatea hobeto ezagutzeko lehenengo pausua emanez. Hala ere, datu iturri berri honek ere baditu bere mugak, Twitterreko erabiltzaileengan mugatzen dela ikerketa. Hobekuntza moduan, datu iturri berriak gehitu daitezke beste sare-sozial batzuen erauzketa burutuz, adibidez Instagram, Snaptchat edota Facebook erauziz, edukia publiko jarriko balute. Baina, teknika honekin sare-sozialen erabiltzaileen informazioa soilik lortuko litzateke eta, gaur egun behintzat, populazioaren zati handi bat kanpo geratuko litzateke. Horrez gain ere, Twitterrek berak jarritako mugak (erabiltzaileko 3.200 txio gehienez jota eta 15 erabiltzaile bakarrik 15 minuturo) ere kontutan hartu behar dira, lana dezente mantsotu egiten baitute muga horiek. Datu iturri berri honen mugak alde batera utzita, sistema arrakastatsu bat garatu dela onartu beharra dago, ia 8.000 euskal erabiltzaile erauztea lortu baitira, 10 milioi txio baino gehiago geureganatuz.

Ikerketa lan honen atal garrantzitsuetako bat gazteak eta helduak ezberdintzean oinarritu da, interesetako bat gazteen errealitatea ezagutzea izanik. Gazte/heldu ezberdintzea adinaren arabera burutu ordez, testuaren formaltasunaren arabera burutu da, adinaren araberako etiketatzeak kostu altuegia baitzuen. Hortaz, adinaren etiketatzearen zailtasunen aurrean, lasterbide metodologikoa erabiltzea erabaki da, testu informalaren kontzentrazioa altua bada gaztea izango dela erabakiz. Honela, txio corpus txiki bat etiketatu ostean, sailkapena burutu da ixa-pipes-doc sailkatzailea erabiliz erabiltzaile bakoitzaren testuaren formaltasunean oinarrituta. Sistema honek, emaitza altuak lortzeaz gain, etiketatutako corpus txikiekin ere sailkapena ondo egiten duela esan beharra dago. Etorkizunerako, egokia izango litzateke sailkapena adinaren arabera burutzea, horretarako corpus berri bat etiketatu beharko litzatekeela argi edukiz. Hala ere, ixa-pipes-doc sailkatzaileari esker, etiketatutako corpus txikiekin ere sailkapen egokiak burutu daitezke, sistema hornitzen duten, egiturarik gabeko datu multzoetan oinarritutako hitzen irudikapenei esker. Etiketatutako corpus txikiekin ere ondo sailkatzen duen sistema bati esker, ikertzaile txikiek aukera gehiago daukate atazak modu arrakastatsuan garatzeko, corpus handiak etiketatzea lan eta kostu handia baitira.

KLIKATU HANDITZEKO

Behin gazte eta helduen taldeak ezberdinduta daudelarik, hauen gai ohikoenak zeintzuk diren azaleratu eta hauen harremantzeko modua zein den argituko da. Lehenik eta behin, euskal erabiltzaileek ze gairi buruz aritzen diren argituko da, horretarako txio pertsonalen testuetan LDA teknika aplikatzean oinarritu garelarik. Gazteek gehienbat, beren gertukoekin komunikatzeko erabiltzen dute sare-sozial hau, egunerokotasuneko gertakariak adieraziz. Helduen artean ostera, mezuak gizarteratzeko lanabes modura kontsideratzen dela ikusi daiteke, batez ere izaera politikoa daukaten gaiak plazaratzeko, gizartean pil-pilean dauden gaiei buruz arituz. Gazte eta helduen tematikak ezberdinak izan arren, komunikatzeko eta informazio trukerako lanabes moduan erabilia da sare-sozial hau. Bigarrenik, harremanak nola ematen diren azaleratu da, horretarako euskarazko birtxioetan oinarrituta harreman sare bat sortu delarik. Honez gain, aipatu beharra dago, komunikabideekin erlazionatutako erabiltzaileek garrantzizko papera jokatzen dutela, Twitterren izaera informatiboa konfirmatzen delarik. Erabiltzaile euskaldunek euskara erabiltzen dute, batez ere, beren inguruko gertakari edo gaien inguruan hitz egiteko, gaien arabera ere harreman taldeak sortuz. Harremanak komunitate konkretuen baitan ematen da eta Euskal Herriko testuinguruarekin erlazionatuta daudela esan daiteke. Ondorioztatu daiteke, euskara, euskaldunen gaiei buruz hitz egiteko erabiltzen dela gehienbat.

Lan honen galdera nagusiari erantzuteko asmoarekin, euskaraz aritzen diren gazteak zertaz aritzen diren eta zeinekin harremantzen diren argituko da orain. Sarritan ezezaguna den gazteen errealitateari hurbilpen honekin, etorkizuna izango diren gazteen euskararekiko portaera ikusi ahal izango da. Gazteak euskaraz hitz egitera bultzatzen dituen gaiak eta harremantzeko moduak azaleratzea izango da asmoa, gazteak euskaraz hitz egitera animatzen dituzten zergatiak argituz. Gazteak eguneroko bizitzari eta kirolei buruz aritzen dira gehienbat, honek erakusten du, beren gertukoekin komunikatzeko erabiltzen dutela sare-sozial hau, egunerokotasuneko gertakariak adieraziz. Harremanei begira, euskal erabiltzaileak intereseko gaien arabera harremantzen direla ikusi da, gazteen harremanak, euskal herriko gai politikoekin eta aisialdiarekin lotzen direlarik.

Lan honek ere, euskara XXI. mendeko testuingurura nola moldatzen ari den ezagutzeko aukera eman du ere, ikusi ahal izan da, euskara presente dagoela sare-sozialetan, euskarazko 6 milioi txio baino gehiago lortu baititugu ia 8.000 erabiltzaile ezberdinenak. Euskara sare-sozialak bezalako teknologia berrietan presente egoteak esan nahi du, geure hizkuntza erronka berrietara egokitzeko kapaza dela, euskaldunen sorkuntza kapazitateari esker teknologia berrietan ere erabilia delarik. Euskal komunitatearen baitako erakunde eta norbanako erreferentzial gehienak komunikabideekin eta Ezker Abertzalearekin zerikusia daukatela ikusi ahal izan da. Honez gain, erabiltzaile euskaldunek eginiko erabileratik ondorioztatu dezakegu, euskara euskaldunen inguruko gaiez aritzeko erabiltzen dela gehienbat. Laburbilduz, esan daiteke, euskara testuinguru berrietara moldatzeko gai dela, betiere hiztunen komunitatearen egunerokotasuneko errealitatearekin modu estuan lotuta. Honek erakusten digu, globalizatutako eta etengabe konektatutako mundu honetan ere, euskaldunek badutela gaitasun berezi bat beren lekua bilatu eta bertan finkatzeko.