734 Zenbakia 2018-10-24 / 2018-12-02

Gaiak

Osasun arloko euskal komunitatea 2040an: arretaren normalizaziotik hizkuntzaren normalizaziora

MONTES LASARTE, Aitor

Ondorengo artikulua Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren baitan, urriaren 19an Gasteizen burutu zen ‘Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen’ kongresu saioan ekarpen libreen atalean aurkeztu zen poster moduan. Lan honen artikulu luzea Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren argitalpenean argitaratuko da.


Sarrera

Euskararen etorkizuneko eszenarioan osasungintzak, batik bat osasun arloko euskal komunitateak, euskararen normalizazioari egin diezaiokeen ekarpena proposatzen da hemen. Gaur egungo paradigmetan oinarrituz, eta hortik abiatuz, arretaren normalizazioa euskararen biziberritzean eta normalizazio-prozesuan palanka eraginkorra izan daitekeela defendatzen da. Izan ere, hizkuntza herri baten muina izan daitekeen moduan, osasuna norbanakoaren lehentasuna izan ohi da, gauzarik baliotsuena.

Osasun arretaren normalizazioa zera litzateke: eskura eta indarrean dagoen ebidentzia zientifikoan oinarrituriko, eta, aldi berean, pertsonan ardazturiko arreta sanitario integratua. Helburua maila goreneko kalitatea lortzea litzateke, segurtasun klinikoa zein kulturala uztartuz. Hizkuntzaren arloa da ekitatez jarduteko hobekuntzarako aukera egingarri gehien eskaintzen duena, eta hortaz, profesionalentzat lehentasunezkoa. Gure eremuaren ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuz, arretaren normalizazioak zerbitzua pertsonaren hizkuntzan eskaintzea dakar, nahitaez. 

Osasun arretaren esparrua euskararen biziberritzean

Osasungintzak euskararen normalizazio prozesuan berebiziko garrantzia daukala esan daiteke, honako arrazoi hauengatik:

a) Duen neurri edo tamainagatik, administrazioaren atal nagusia izanik.
b) Jardueraren berezitasunagatik zein garrantziagatik; osasuna oinarrizko eskubidea da. Norbanakoaren alderidirik intimo eta garrantzitsuei lotuta dago.
c) Jardueraren hedapenagatik zein bolumenagatik. Herritar guztiak gara erabiltzaileak; leku guztietan eta une oro.
d) Berezkoa duen prestigioagatik.

Kultura-aldaketaren beharra: giza kapitala oinarri

Osasun-sistema bat aldatzea ez da nolanahikoa; hainbat eragileek parte hartzen dute kudeaketan eta erabakietan, egoera oso konplexua eginez, eta estrategia egokiak garatzea ezinbestekoa da. Arretaren normalizaziorako kultura-aldaketa beharrezkoa izanik, giza-kapitala da oinarria. 

Giza-kapitala osasun profesionalek eta akademikoek osatuko dute: diziplinarteko ikerketa zein sorkuntzaren bitartez, hala nola beren-beregizko prestakuntzatik abiatuz, batetik hizkuntza eta osasuna uztartuko duen ebidentzia sortuko dutenak, normalizaziorako oinarri sendoak eraikiz; eta bestetik hizkuntza kontzientzia duten osasun langile ekintzaileak izango direnak. 

Hizkuntza kontzientzia hizkuntzak pertsonen bizitzan duen garrantziaz jabetuta egotea, eta, eredu biopsikosozialari jarraituz, ezagutzan oinarrituriko kontzientzia sendoa eskuratzea litzateke, osasun profesionalaren jarduera xedatuko duena. Osasungintzan, hizkuntza kontzientziak berezkoak ditu hizkuntza gaitasuna, hizkuntzak pazienteen izaera pertsonalean duen garrantziaz jabetzea, eta aldi berean jarrerak pertsonaren arabera aldatzea, osasun-langilearen gaitasun maila egokia izan dadin, zerbitzuaren kalitatea bermatze aldera.

Giza-kapitalaren eredu gisa, gurean hiztun aktiboaren kontzeptua erabil daiteke: eremu diglosiko batean, elebidun edo elanitza den osasun profesionala, bere erakundearen jarduera-ereduarekin, kode etikoekin eta lerro estrategikoekin lerrokaturik euskararen erabilera bultzatuko duena, betiere pazienteari lehentasuna emanez. Hortara, osasun-sistema elebidun batean  hiztun aktiboa izatea lanerako gaitasuna litzateke, betebeharreko gaitasuna kalitatezko zerbitzua eskaini nahi bada.

Azpiegitura kapitala: osasun-erakundeak eta akademia

Azpiegitura kapitala nahitaezkoa da, osasun arloko euskal komunitatea eratuko bada. Ezarpenerako palanka izango den giza-kapital ekintzailea hainbat eragile zein erakundeen arteko elkarlan eta sinergiei esker sortuko da; osasun erakundeak, publiko zein pribatuak; gizarte eragileak, eta akademia. Azpiegitura kapitala unibertsitatea eta osasun erakundeak izango dira batez ere: osasun arreta eta osasun profesionalen prestakuntza euskaraz bermatuko dutenak. Besteak beste: Osakidetza, Osasunbidea, UPV-EHU, Mondragon Unibertsitatea, UEU, eta hizkuntzaren inguruko eragileak, hala nola OEE, Soziolinguistika Klusterra eta Eusko Ikaskuntza.

Akademiaren eta osasun zerbitzuen antolakuntzan eta garapenean, hizkuntza kontuan hartuko da, eta aldi berean erabiltzaileak zein komunitate osoa hizkuntzaren erabileran sentiberatu eta aktibatu, eskaintza aktiboaren bitartez. Osasun arloa, hortaz, euskal komunitatearen euskarri eta arnasgunea bilakatuko da. 

Giza eta azpiegitura kapital sendoak dauzkagula esan daiteke; baliabide egokiak osasungintzatik, arretaren normalizazioaren bitartez, euskararen normalizazio-prozesuan egundoko ekarpena egiteko.

Askorentzat euskara mehatxu bat da. Horregatik, hain korapilatsua den hizkuntzaren gaian, ikuspegi akademiko eta profesionala gakoak direla esan daiteke, gatazka soziala ahal den neurrian saihesteko eta, adi berean, euskararen suspertzean era eraginkorrenean laguntzeko. Arretaren normalizazioa aukera bat da, hortaz; nazioartean osasuna eta hizkuntzaren gaian lidergoa lortzekoa, bai ebidentzia sortzeko orduan baita ezarpenaren arloan ere. Mundu mailako prestigioa ekar diezaieke osasun-erakundeei zein akademiari, esparru honetan aitzindari izateagatik. Erakundeak erreferente bilakatuko dira munduan, gogoa baldin badago: berrikuntzan, sorkuntzan eta ezarpenean aitzindariak. Hizkuntza bera gure kapitala izango da.

Osasun arloa, hortaz, euskal komunitatearen euskarri eta arnasgunea bilakatuko da. Horixe da gure helburua eta proposamena.