734 Zenbakia 2018-10-24 / 2018-12-02

Gaiak

Euskararen erabileraren aldeko motibazioak gazteengan

ALVAREZ IRUGUENPAGATE, Libe

Artikulu honen egilea Eusko Ikaskuntzaren ‘Gazteak –euskara binomio dinamikoa: erabilera sustatzeko gakoak’ deialdiaren irabazletako bat izan zen. Bere Master Amaierako Lan-a ‘Euskararen erabileraren aldeko MOTIBAZIOAK gazteengan’ gaian txertatzen da.
Orain argitaratzen dugun artikulua Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren baitan, urriaren 19an Gasteizen burutu zen ‘Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen’ kongresu saioan ekarpen libreen atalean aurkeztu zen poster moduan. Lan honen artikulu luzea Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren argitalpenean argitaratuko da.


Denborak aurrera egin ahala gizartea eta honen funtzionamendua aldatuz doaz, eta hizkuntzen alorra ez da salbuespen bat. Azken hamarkadan, eleaniztasunaren ildoa dezente bultzatu da, hizkuntzak nahaste-borrastean eta kontaktuan baitaude txoko guztietan. Geure hizkuntzaren egoera ere aldatu egin da, txarrera neurri handi batean, izan ere, euskararen erabilera kezka zentral bilakatu da Euskal Autonomia Erkidegoan. Hori dela eta, proiektu honetan egoera horren atzean dagoen errealitatea aztertu nahi izan da esplorazio-ikerketa baten bidez. Proiektuan EAEko bi ikastetxeetako datuak aurkeztuko dira, bata Bilbokoa eta bestea Gasteizkoa direlarik. 

Ikerlanaren xedea 15-16 urte bitarteko gazteen errealitate soziolinguistikoa hurbiletik ezagutzea izan da, fokua motibazioaren alorrean jarri delarik, hau da, gazteek euskara erabiltzeko edo ez erabiltzeko dituzten arrazoiak identifikatzea izan da xedea. Lan honek epaiketak albo batera utzi eta gazteen ikuspegi ezberdinak ezagutarazten ditu. Errealitatea azaltzearen arduradunak gazteak izan dira, eurei eman zaie hitz egiteko txanda eta mikrofonoa; hortaz, hitz egiten ari den hau kontaketaren narratzailea baino ez da. Proiektuko datuak eskuratzeko hiru tresna metodologiko erabili dira: lehendabizi, galdetegiak; ondoren, focus-groupak; eta amaitzeko, banakako elkarrizketak. Proiektu honetan emaitza kuantitatibo eta kualitatiboak eskuratu diren arren, azken hauek dira lanaren mamia eskaini dutenak. Jarraian ikerketan eskuratutako emaitza esanguratsuenak aipatuko dira, betiere informazioa ikerketa-galderetan antolatu delarik.  

1. Zein da gazteen euskararen erabilera?

Proiektuan eskuratutako datuen arabera euskarak presentzia ahula du gazteen egunerokotasunean; dena den, egoera batzuetan erabiltzen dute euskara, esaterako irakasleekin komunikatzeko. Kultura-kontsumoa ere aztertu da eta ikusi da alor horretan ere gaztelania nagusi dela; horren arrazoia eskaintza urritasuna edo egokitasun eza izan liteke.

2. Zein faktorek eragiten dute euskararen erabileran?

Ikasleei galdera hau egin zitzaienean baieztatu zen faktore gehienen atzean arrazoi bera ezkutatzen dela: gizarteak ezarritako “arauak” edo aurreiritziak. Ikasleek baliagarritasuna aipatzen dute euskararen erabilera oztopatzen duen eragile gisa eta jakina denez erabilgarritasuna ukaezina da hizkuntzaren produkziorako (van Benthem, 2000).

Hiztunek hizkuntza baten inguruan duten irudiak ere asko eragin dezake erabileran eta pentsamolde horiek negatiboak baldin badira, ondorioak ere halakoxeak omen dira. Datuetan ikusi da gazteek euskara hizkuntza babesgabe, txiki, zahar eta ezezagun gisa pertzibitzen dutela; eta gaztelania eta ingelesa aldiz, hizkuntza moderno eta boteretsu gisa. Irudiaren alorrarekin loturik, ezinbestean aipatu behar da hizkuntzak izan duen eta oraindik egun duen konnotazio politikoa. Amorrotu et al-en (2009) ustez kutsu politizatua negatiboa da euskararen egoerarentzako; Odriozolaren ustez (2017), aldiz, irauteko beharrezkoa da.

Beste faktore bat hiztunek ingurune geografikoen inguruan duten pertzepzioa da. Gazteek Donostia eta oro har Gipuzkoa euskal zona gisa dituzte; eta Bilbo eta Gasteiz, aldiz, erdal gune gisa. Faktore honen atzean estereotipoak izkutatzen dira (Etxenike, 2017) eta horiek ez diote mesederik egiten euskarari.

Adina beste eragile ahaltsu bat da hizkuntza-praktikari dagokionez, izan ere, gizartean adin-tarte bakoitza hizkuntza konkretu batekin uztartzen da; esaterako haurtzaroa euskararekin eta nerabezaroa gaztelaniarekin, eta horixe egiten dute gazteek ere. Joera horren arabera gazteen artean gaztelaniaz aritzea da ohikoena eta horri heltzen dira estu-estu,  haurren hizkuntzatik aldentzeko asmoz. Fenomeno hori “euskararen bizitza-ziklo” gisa definitu zuen Iurrebasok (2012).

Hurrengo faktoreak sarri entzun dugun “euskara: euskaldunon hizkuntza” esaldiarekin du lotura. Gazteek euskarari erreferentzia egiteko “gure” hitza erabiltzen dute eta horrek euskaldun jendea hartzen du barne. Baina egungo gizartean kultura eta hizkuntza asko daude eta aurreko filosofiak kanpoan uzten ditu guzti horiek. Odriozolak (2017) aldaketa baten premia aipatzen du, hizkuntzak etniarekin baino komunikatzeko gaitasunarekin loturik egon beharko bait luke.  

Horrez gain, ikasleek hiztegi ez-formalaren premia aipatu dute. Gazte gehienen kasuan euskararen erabilera eskola-eremura mugatzen da eta bertan hizkuntza formala lantzen da soilik. Ondorioz, gazteek erregistro kolokiala, adierazkorra eta erakargarria erdaratik hartzeko joera dute, hori Zabaleta-ren (2000) lanean ere ikusi zen. Azkenik, aipatu beharra dago, ikasleek D eredua euskara erabiltzeko aukera gisa pertzibitzen dutela.

KLIKATU HANDITZEKO

 

3. Zein da gazteek euskara egiteko duten motibazioa?

Galdera honi behar bezala erantzuteko ikasleei bi azpi-galdera egin zitzaizkien. Lehenengoa hauxe da: zeintzuk dira ikasleek euskara erabiltzeko dituzten arrazoiak edo motibazio-iturriak?

Ikasleek lehengo aipatu zuten arrazoia derrigortasuna da, hau da, gazteek euskara erabiltzen dute negatiboak edota liskarrak ekiditeko. Bigarrena hizkuntzarekin eroso sentitzea da, beraz, kasu honetan gazteek hautua borondatez egin dute eta ez presiopean aurreko kasuan bezala. Asko aipatu den beste faktore bat norbaitek beraiei euskaraz egitea da, beraientzako hori elkarrizketa euskaraz jarraitzeko arrazoi indartsu bat baita. Horrez gain, nola ez, motibazio instrumentala aipatu dute arrazoi gisa, hau da, euskara lana topatzeko edota EGA titulua gainditzeko helburuarekin erabiltzen dute.

Erabiltzeko pizgarriekin jarraiki, euskara hizkuntza sekretu gisa erabiltzea pentsatu baino ohikoagoa omen da. Gazteek barre eta algaraz onartu zuten euskara funtzio horrekin sarri erabiltzen dutela: besteek ez ulertzeko. Horrez gain, batzuek azaldu dute euskara beraien identitatearen parte dela eta horrexegatik erabiltzen dutela. Amaitzeko, ezinbestean aipatu behar da egindako behaketa bat. Ikusi ahal izan da euskara erabiltzen duten ikasleek amankomunean ezaugarri bat partekatzen dutela: euskalkiak erabiltzen dituztela. Behaketa hori Quintanillaren (2014) lanaren irakurketaren ondorioz burutu zen eta ideia baieztatu egin zen ikerketako datuetan.

Jarraian, galderaren bigarren zatia azalduko da, hau da: zeintzuk dira gazteek euskara ez erabiltzeko dituzten arrazoi edo motibazio-ezak?

Erabilera oztopatzen duen lehenengo arrazoia hauxe da: gazteen ustez gizartearen arabera euskara hizkuntza ahula da eta gaztelania, aldiz, ahalguztiduna. Ondorioz, bi hizkuntzek topo egiten dutenean euskaraz ari denak aldatu behar du bere hizkuntza gaztelaniara, ziurtzat jotzen baita euskaraz dakienak gaztelaniaz ere badakiela. Bigarren oztopoa erreferente euskaldunen presentzia eza da. Ikasleei beraien eredu edo idoloen inguruan galdetu zitzaienean gehiengoak eredu erdaldunak zituela aitortu zuen. Aurreko arrazoiarekin loturik euskarazko bizipen positiboen urritasuna aipatu dute ikasleek, gehienen. kasuan euskararen erabilera eskola eremura mugatzen baita eta, beraz, familiarekin eta lagunekin bizitako une goxo eta atseginak ez dira euskaraz ematen. Honek lotura zuzena du atxikimenduaren faktorearekin.

15-16 urteko ikasleek hizkuntza-gaitasun eta zailtasunaren ideia aipatu dute. Gazteen ustez euskara gaztelania baino zailagoa da eta batzuk euskaraz akatsak egiteko beldurra dutela ere aipatu dute.

Jarraian, gazte adinarekin loturiko arrazoiak aipatuko dira. Batetik, talde onarpenaren premia dago. Beraien esanetan nerabezaroan “normalena” kuadrillan gaztelania erabiltzea da eta, beraz, euskara erabiltzeak bi ondorio izan ditzake: lotsa sentitzea edota beraien hitzetan “rarito” gisa gelditzea. Bestetik, ohitura aipatzen dute arrazoi gisa, beraien ustez gaztelania erabiltzeko usadiotik aldentzea ia-ia ezinezkoa da. Azkenenik, gazte batzuk azaldu dute nerabezaroa errebolta momentua da eta, hortaz, arauei uko egiteko unea dela. Arau horien artean hizkuntzarenak daude eta ikastetxean euskara erabiltzea derrigorrezkoa denez ahal duten neurrian hori apurtzeko joera dute (Quintanilla, 2014).

Euskararen praktika baldintzatzen duen beste arrazoi bat aukera eza litzateke eta horren harira nerabeek etsipen-sentsazioa aipatu dute, esanez beraientzako euskaraz aritzeak ahalegin extra bat exijitzen baitu.

Arrazoiekin amaitzeko, irakaslegoaren jarrera aipatu dute gazteek. Beraien ustez irakasleek sarri jarrera gogaikarri eta inposatzailea dute euskararen alorrean eta horrek hizkuntza hori erabiltzeko gogoa kentzen duela azaldu dute nerabeek.

4. Etorkizunari begira gazteek nola ikusten dute egoera?

Etorkizuneko egoerari dagokionez, gazteek aurreikuspen positiboak dituzte, izan ere, beraien ustez hezkuntzari esker gero eta jende gehiago baitago euskara ikasten. Datu kualitatiboen arabera ikasle batzuek hizkuntza babestu eta mantentzeko inplikazioa dute, beste batzuek, ordea, zeregin hori beste batzuen esku uzten dute, eginkizun horrek beraiekin zerikusirik izango ez balu bezala. Inplikazioaren alorrean adostasunik ez dagoen arren ikasle denek ideia bat argi dute: ez dute euskara galtzerik nahi.

Laburbilduz, gazteek duten erabilera eskasa faktore anitzen ondorioa da. Horietako batzuk euskararen egoerarekin daude lotuta, esaterako konnotazio politikoarekin; beste batzuk arrazoi indibidualekin, esaterako hizkuntza gaitasuna, antsietatea edota taldearen onarpen beharra; eta gainerako arrazoiak gizartean hedatutako arauen ondorio dira, adinaren faktorea adibidez.