734 Zenbakia 2018-10-24 / 2018-12-02

Gaiak

Euskara bermatuko duen eskola gizarte eleanitzean: hizkuntza komunitatearen indartzeko funtsezko kapitala 2040 urtera begira

GARAIO, Beñat

Ondorengo artikulua Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren baitan, urriaren 19an Gasteizen burutu zen ‘Euskararen Etorkizuneko Eszenarioak Elkarrekin Eraikitzen’ kongresu saioan ekarpen libreen atalean aurkeztu zen poster moduan. Lan honen artikulu luzea Eusko Ikaskuntzaren XVIII. Kongresuaren argitalpenean argitaratuko da.


Sarrera

Europako herrialde gehienetan gertatu diren aldaketa sozioekonomikoak direla medio, gizarteak zeharo aldatu dira, eta ezinbestean, hezkuntza sistemaren erronka eta behar berriak sortu dira (May, 2013). Europako zenbait lekutan hizkuntza aniztasunari lotuta hizkuntza gutxituak babesten dituzten hizkuntza politikak garatu dira (Kraus, 2008) eta lagungarriak izan dira hezkuntza sistema eleanitzetan jatorrizko hiztunek erabilerari eutsi diezaioten eta hiztun berriak sor daitezen (Gorter et. al, 2014; Ortega et al., 2016). Ikusi daitekeen bezala, eskolak ardura eta erronka garrantzitsuak ditu gaur egungo eleaniztasuna eta gizartearen integrazioa bermatzeko, baita euskararen kasuan ere.

Gaur egungo egoera

Esan bezala, euskal eskolaren helburua euskararen biziberritzea eta gizarte-taldeen integrazioa dira. Errealitatea Euskal Autonomia Erkidegoan, ordea, bestelakoa da, izan ere, 1) D ereduak ez du bermatzen ikasle guztien euskara maila egokia, beraz, zer esanik ez A eta B ereduekin; eta 2) integraziorik ezin da gertatu eskolak segregatzen ari direnean. Segregazio edo “ghettizazioaren” prozesu hau hirigune handietan gertatzen ari da, batik bat, eta honen arabera, maila sozioekonomiko eta jatorri soziokultural jakinetako taldeak eskola batean edo bestean taldekatzen ari dira. Banaketa honek bi ondorio garbi ditu: alde batetik, euskara ezin da biziberritu, eskola ghetto horietan ez baitago ia etxetik euskaldunak diren familiarik; eta bestalde, gizartea kohesionatu baino, urruntzen ari da.

Gurean ere segregazioari aurre egin eta emaitza onak lortu dituzten kasuak aurki daitezke eta doktoretza tesi honetan eskola horren bilakaera ‘arrakastatsuaren’ atzean zer dagoen ikusi nahi genuen, neurri batean e5-eko metodologia apreziatiboa jarraituz.

Eskola arrakastatsu hauen aktiboak

Gasteizko D ereduko eskola publiko segregatu batzuetako irakasle, ikasle, familiak eta aisialdi taldeko langileak elkarrizketatu ondoren, ikusi dugu, guk aztertutako eskoletan behintzat, faktore batzuk errepikatzen direla. Faktore edo aktibo horiek dira, hain juxtu, eskola horietako arrakasta ahalbidetzen dutenak eta aktibo horiekin kontatu behar dugu etorkizunera begira eskola-eredu hau indartu nahi baldin badugu.

Aipatuko dugun lehenengo aktiboa eskolak bere auzoarekin duen elkarreragina da, izan ere, askotan entzun izan dugu “eskolak bakarrik ezin du”, baina komunitatearen hauspoa duenean, orduan eskolaren indarra biderkatu egiten da. Bigarrenik, guraso-talde aktibo bat egon behar du eskola, auzo eta komunitateko kideen arteko zubi-lana egin eta lanerako giro kitzikagarria sortzeko. Hirugarrenik, eskola barrutik ere bultzada egon behar du, eta hori Zuzendaritza eta Irakasleen klaustroak egiten du posible. Laugarrenik, berrikuntza pedagogikoa aipatu nahiko genuke, izan ere, eskola publikoak prestigioa lortzeko biderik eraginkorrena da orain arteko metodologia tradizionalak irauliko dituen ikuspegi bat lantzea. Bukatzeko, eta denetan arrazoi garrantzitsuena, eskola batek, D eredua eskaintzeaz gainera, euskararen biziberritzerako lan-ildo eta ikuspegi aktibo bat abian jartzen dituenean, auzoaren euskalduntze bat gertatzen da, eta horrekin auzoaren eraldaketa bat.

KLIKATU HANDITZEKO

2040 urterako desiratzen duguna eta horretarako palankak

Eszenario horretan ez da ghetto eskolarik egongo eta Euskal Eskola Publikoak (ez soilik Euskal Autonomia Erkidegokoak, jakina) helburu bikoitz hori lortuko du erabat, hots, euskararen biziberritzearen motorea(go) bilakatzea eta euskal gizartearen integrazioa bultzatzea. Horretarako, hiru aldaketa gertatu beharko lirateke euskal eskolen barruan: lehenik, etorkin jatorriko ikasleak modu orekatuan banatuko dira ikastetxe guztietan, ghettoak ekidinez; bigarrenik, D eredua unibertsalizatuta egongo da, hizkuntza ghettoak ekidinez; eta hirugarrenik, D eredu bakar horrek ikasleen %100 euskaldundu eta aktibatuko ditu.

Horretarako, baina, palanka batzuk beharko ditugu, edo beste era batera esanda, desiratutako eszenario hori desblokeatzeko beharrezkoak diren hiru ekinbide. Horietatik lehena Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren politika aldaketa da. Bigarren ekinbidea lehenarekin lotuta dago, gizarteak eta hezkuntza-komunitateak euskalduntzea-integrazioa bikotea jarri beharko bailukete lehentasun gisa. Hirugarren palanka, ostera, irakasleen formakuntza da.

Eskola-eredu honen garapenean zeresana duten kapitalak

e5-en hiztegira ekarriz, euskal eskolak inbertsio bat beharrezkoa du bere kapitaletan. Kapital politikoan inbertitu behar da, aurreko lerroetan aipatu dugunak adostasun politikoa eskatzen duelako, baina inbertsio horren emaitza atxikimendu eta parte-hartze politikoa areagotuko duen gizartearen integrazioa litzateke. Giza-kapitalean ere inbertitu beharko genuke, ikasle eta irakasle trebatuagoak nahi ditugulako, baina eskola-eredu honek belaunaldi berriak euskaraz eta kulturartekotasunean heziko baditu, ez al dago hori baino inbertsio mesedegarriagorik? Gizarte-kapitala ere ildo honetatik doa, izan ere, kohesionatutako gizarte bat dugu helburu, nahiz eta horretarako aldarrikapen, bilera eta sukaldeko-lan asko dugun egiteko. Kapital kulturala ere ageri da kinka honetan, euskal kultura transmititzeko gune garrantzitsua (izango) baita eskola-eredu hau. Bukatzeko, Euskal Herriko azpiegituren arteko elkarlana beharko litzateke dugun beste azpiegitura funtsezko bat indartzeko: gure eskolak.

Beñat Garaio benat.garaio@ehu.eus (ELEBILAB ikerketa taldea –EHU- eta Eusko Ikaskuntzako e5 Talde Eragileko kidea)