734 Zenbakia 2018-10-24 / 2018-12-02

Gaiak

Euskaltzaleen Topagunea, aniztasuna balorean jarriz

MARTIN RETEGI, Jurdana SANTAQUITERIA ETXARRI, Ainara

Mugikortasuna gizakien ezaugarrietariko bat da, historian zehar betidanik emandako fenomenoa. Hala ere, globalizazioarekin migrazio mugimenduak areagotu dira eta ezaugarri bereziak hartu dituzte, herrialdeen arteko migrazio fluxuak areagotuz. Gurean ere aspaldikoak dira populazio mugimenduak. Oso ezaguna da adibidez Euskal Herritik emandako emigrazioa munduko beste herrialdeetara, batez ere Amerikara, “euskal diaspora” izenarekin ezagututa. Egun ere anitz dira Euskal Herritik kanpora doazen gazteak, ikastera zein lan egitera. Euskal Herria helmuga izan duten giza mugimenduez ari garenean, 60. 70. hamarkadetan Estatu Espainoletik etorritako pertsonen kopurua oso esanguratsua izan zen. 1990tik aurrera eta, arestian esan bezala, globalizazioaren eraginez, nazioarteko immigrazioa pisua hartzen hasi zen Euskal Herrian. Ordutik etengabeko gorakada izan zuen fenomenoa izan zen, krisi garaia heldu arte, non fluxuak apaldu egin ziren. Azken datuen arabera, ordea, gora egiten ari den fenomenoa da berriro ere.

Migrazio mugimendu hauek ekarritako ondorioetariko bat Euskal Herria gero eta  herri anitzagoa bilakatzea izan da, bai kultura aldetik, baita hizkuntza aldetik ere. Gero eta hizkuntza gehiago entzuten dira gure herrietako kaleetan. 100 baino gehiago, Ikuspegik eta Unesco Etxeak 2008n egindako “Hizkuntzak eta Immigrazioa” lan ezagunaren arabera; edo egun Badihardugu euskara elkarteak jasotzen duenaren arabera 101L proiektu interesgarrian.

Hizkuntza aniztasun egoera berri honek euskararen normalizazio prozesuan izango zuen eraginaren inguruko hausnarketak eta hauei lotutako praktikak abiatzen hasi ziren euskalgintzaren aldetik XI. mendeko lehendabiziko urteetatik aurrera batez ere.

Aniztasunaz hausnarketa euskaltzaleen mugimendutik

Euskaltzaleen Topagunea, euskara elkarteez osatutako mugimendua da eta euskararen erabileraren sustapena du helburu. 10 urte daramatza euskara eta hizkuntza aniztasunaren gaia jorratzen, gaiaren inguruko hausnarketak bultzatzen eta praktikak diseinatzen, batak besteak elikatuz. Esan beharra dago euskalgintzako beste erakundeek ere gaiaren inguruko ekarpen eta proiektu oso aberasgarri eta kontuan hartzekoak egin dituztela, baina lerro hauetara gure esperientziatik ikasitakoa ekarriko dugu, egun martxan dauden eta Topaguneak sustatu dituen praktika batzuk azalduz.

Argi dago, aniztasunaren eta euskararen kudeaketa elkar lotuta daudela eta elkar eragin behar dutela. Zentzu honetan garrantzitsua da aniztasunaren inguruan ikuspegi partekatu eta komun bat izatea, eragin bideak norabide berean joan daitezen, helburu berarekin. Zein da Euskaltzaleen Topagunetik aniztasunaren inguruan dugun ikuspegi komuna? Nola hartuko dugu aniztasun egoera egitate hau: mehatxu edo aukera moduan? Nola kudeatuko dugu aniztasuna euskararen sustapenarekin bat? Halako galderei erantzuteko nahian, Topagunearen bazkide diren elkarteekin hausnarketa prozesu bat egin genuen eta, ostean, Euskaltzaleen Topagunearen gaiarekiko posizionamendua eta oinarriak adostu genituen mugimendu gisa. Prozesu honek “Euskara Partekatzen duguna” Dekalogoa izan zuen emaitza nagusia. Dekalogoaren muinean aniztasunarekiko ikuspegi positiboa, aniztasunak dakarrena aintzat hartu eta balorean jartzea, heldu zein  haurrak euskarara gerturatu edo ikasteko apustu sendoa egitea, euskararen sustapena hizkuntza aniztasunari egiten diogun ekarpen moduan eta elkar ezagutzarako gune eta uneak sustatzea dago.

Harreraren garrantziaz

Horrez guztiaz gain, dekalogoaren baitan, gurera datozen etorri berrientzat harrerarako egitasmoak bultzatu behar direla adostu genuen. Izan ere, iritsi berriei herria ezagutzeko eta herrira egokitzeko egiten diren ekintzek (alegia, harrerak) berebiziko garrantzia dute pertsona hauen gizarteratze positiboa bilatzen badugu. Gizarteratze hau, gainera, bi norabideko prozesu bezala ulertzen dugu eta horregatik diogu garrantzitsua dela ez soilik harrera egitea, baizik eta harrera horretan zer komunikatu nahi dugun hausnartzea, konpartitzea eta sistematizatzea. Harrera plan bat osatzerako garaian, herrietako erakundeak, elkarteak eta, ahal dela, herritarrak inplikatu behar baitira.

Praktikak erakutsi digu harrera prozesuetan hizkuntzaren gaia erdigunean jartzea garrantzitsua dela; gure kasuan, euskararen normalizazioaren bidean pauso bat aurrera ematea delako eta, etorri berri ez euskaldunentzat, aukera berdintasunaren bidean ere laguntza izango delako. Zentzu honetan, ailegatu bezain pronto euskararen inguruko eta euskarara gerturatzeko bideen inguruko informazioa ematea ezinbestekoa da. Topagunetik, Euskal Herriko herri desberdinekin egin dugu lan harrera planak eta protokoloak eraikitzen eta, azken urtean, adibidez, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearekin bideratutako hizkuntza harrera plana landu dugu; estreinakoz euskaratik eta euskararako harrera plana izango dena hain zuzen ere. 

Hizkuntza harrera egitasmoak hizkuntzara gerturatzeko zubi moduan ulertzen ditugu baita ere. Topaguneko beste adibide bat ematearren, Auzoko izeneko egitasmoa dugu Euskal Herriko herri desberdinetan martxan: euskaratik urrun sentitzen direnak euskarara gerturatzeko lehen pauso gisan funtzionatzen duen harrera egitasmoa da. Auzokon, auzokide (euskaratik urrun dauden herritarrak) eta auzotarrak (euskaratik gertu daudenak) astean behin elkartzen dira modu ludiko batean euskarazko lehen pausoak elkarren eskutik emateko. Egitasmo hau sortzeko UEMArekin lankidetza adostu genuen 2008an eta orduan sortutako talde pilotuetatik hasita gaurdaino hamaika herrietatik pasa da.

2016an argitaratutako "Auzokoak" dokumental laburrean proiektua bera partaideen esperientzietatik islatu genuen. Bertan gure herrietako errealitatea geroz eta kulturanitzagoa eta eleanitzagoa dela erakusten zen; eta aberastasun hori ezagutu eta berdintasunean oinarritutako elkarbizitza bultzatzea dela Auzokoren helburua, beti ere euskara komunikazio eta kohesiorako tresna moduan ulertuta. Euskararen bitartez herritarrak harremanetan jartzen dira eta praktikak erakutsi digu harreman hauek direla helduak euskara ezagutu eta euskarara hurbiltzeko biderik onenak; euskara ikasten hasteko nahia izateko hizkuntza bera ezagutzea baita lehen pausoa. Etorri berrien kasuan, gainera,  herrikide berriekin gertuko harremanak sortzeak herrian bertan saretzen eta egonkortzen lagun diezaieke, eta harreman horiek euskaratik eta euskaraz sortuak izatea da egitasmoak duen balio erantsia.

Harrera ezinbesteko elementua bada ere, aniztasunaren kudeaketa oso bat egin beharra dago, lehen aipatu bezala gizarte anitza osatzen dutelako gure herriek. Beraz, parte-hartzea, aukera berdintasunez baliabideak erabili ahal izatea, sentsibilizazioa eta bestelako elementuak sustatu beharko dira. Horietan guztietan, hizkuntzaren garrantzia azpimarratuz. 

Aniztasuna balorean jartzea

Besteekiko interesa izatea eta kulturartekotasunari aitortza egitea da aniztasunaren kudeaketaren oinarrietako bat. Gure herrietako aniztasun linguistikoa ikusgai egiteko eta bestearekiko kuriositate hau piztu edo areagotzeko sortu genituen zehazki Lingolang webgunea eta programazio didaktikoa; azken finean ikastetxeak gure herrietako egoera soziolinguistikoaren isla direlako eta eskolak aniztasuna lantzeko esparru pribilegiatuak direlako.

Lingolang webgunean herri desberdinetako ikastetxeetako haurrak filmatu genituen euren ama hizkuntzetan hitz egiten, hizkuntza aniztasun honen froga gisara. Adibide batzuk ematearren, Tolosaldean 18 hizkuntza desberdin hitz egiten zituzten haur eta gazteak ageri dira bideoetan euren ama hizkuntzetan hitz eta esaldi sinpleak esaten; Aretxabaletan 10 hizkuntza ingurutako ikasleak grabatu genituen; eta Irunen ia 30 hizkuntza jasotzera iritsi ginen.

Lingolang programazio didaktikoan, ordea, Lehen Hezkuntzako 3. mailan dauden 8 urte inguruko haurrekin hizkuntza aniztasuna lantzen dugu lau saiotan, modu ludiko eta parte-hartzailean. Saio hauen helburua munduko aniztasunaren errealitatetik hasita, gure klasekora edo gure etxeetan dugunera iristea da. Gainera, jatorri desberdinetako gurasoak ere gonbidatzen ditugu saioetara, haurrek beste hizkuntza edo kultura batekiko harreman gertukoa izan dezaten. Saio berezia izaten da honako hau, eskola komunitatearen zikloa betetzen baita modu batean eta sorpresa politak jasotzen ditugulako baita ere.

Programazioa martxan jarri genuenetik, hainbat ikastetxetan landu dugu aniztasuna. Elkarrengandik ikasteko espazioak sortu nahi izan ditugu, haurrek euren esperientziak konta ditzaten; baina era berean beti errespetatzen dugu haurrek, eta bereziki jatorri atzerritarra duten haurrek, ez dutela beti hitz egin nahi izan bere jatorriaz edo etxean hitz egiten duten hizkuntzaz. Delgadok zion bezala, indiferentziarako eskubidea ere izan badugulako.

Elkarrizketan jarriz

Orain arte esan dugun bezala, elkarren arteko ezagutza klabea da gizarte inklusiboago baten bidean, eta horretarako berebizikoa da elkar ezagutzarako guneak eta uneak sortzea. Espazio hauetan arduratzen gaituzten gai komun konkretuekiko ikuspuntu desberdinak partekatu ditzakegu eta korapiloak askatzeko bideak topatu. Hauxe bera egiten saiatu gara Zubideiak gizarte elkarrizketak antolatu ditugun bi urteetan. Aurtengo edizioan Donostiako Miramar Jauregian bildu ginen lagunek euskara nola bizi dugun partekatu genuen eta “open space” metodologiarekin, gure kezketatik ekintza zehatzak irudikatu genituen.

Azken urteetako esperientziek eta denbora honetan egindako bidelagunek erakutsi digute hizkuntza aniztasunak ez dituela arazo berriak ekartzen euskararentzat; alderantziz, jada badituenak azaleratu egiten ditu eta, era berean, irtenbide berriak bilatzeko aukera ematen digu. Bide hau hasi besterik ez dugu egin, baina bide polita dugu aurrean.