690 Zenbakia 2014-10-01 / 2014-11-05

Euskobooks

Aipamena. Eremu elektromagnetikoen oinarriak ingeniarientzat

Egileak: Gaizka Durana Apaolaza, Gotzon Aldabaldetreku Etxebarria Argitaletxea: Euskal Herriko Unibertsitatea, 2014 Orrialde kopurua: 192 ISBN: 978-84-9860-950-9 Ezaugarriak:Informazioaren teknologietan erabilitako haririk gabeko eta zuntz optiko bidezko komunikazioak ahalbidetzen dituzten uhin elektromagnetikoen oinarriak jorratzen ditu testuliburu honek. Egileek urte luzeetan Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHUko) telekomunikazio-ingeniaritzako ikasle ugariri emandako irakaspenaren pizgarriak eragin du testuliburu honen sorrera. Liburuaren argitalpena urteetan erabili eta landutako eskola-apunteen bilketa eta orrazketaren emaitza da. Testuliburuan aurkezten den materiala nagusiki telekomunikazio– ingeniaritzako ikasleei zuzendurik badago ere, ingeniariek eta zientzialariek ere erabil dezakete kontsulta-tresna azkartzat. Uhin elektromagnetikoen oinarriak eta propietate garrantzitsuenak deskribatuz abiatzen da liburua. Ondoren, testuaren muinak ingurune mugagabe eta mugatuetan uhin elektromagnetikoen hedapena aztertzen du, betiere estilo zuzen eta argia erabiliz. Azaldutako kontzeptuak eta ideiak finkatzeko asmoz, adibideak eta irudiak tartekatzen ditu momentu oro. Gaur egun hain interesgarri diren bandgap fotonikodun egituretan, gainazal-plasmoietan eta metamaterialetan oinarritutako aplikazioen hastapenak ulertu ahal izateko testuliburu aproposa duzu esku artean. Egileek UPV/EHUko Komunikazioen Ingeniaritza sailean dihardute irakasle-lanetan. Beren ikerkuntza-interesen artean, zuntz optiko mikroegituratuen fabrikazioa eta zuntz optikoetan oinarritutako sentsoreen diseinua eta garapena daude.