689 Zenbakia 2014-09-03 / 2014-10-01

Efemerideak

Efemeridea. Rikardo Arregi Aranburu, euskal idazle, kazetari eta kultur eragilea, 1942ko irailaren 22an jaio zen Andoainen



Rikardo Arregi Aranburu.

Hiru urte zituela bidali zuten Sasierrota eskolara eta 1945-1951 urteen artean, berriz, La Sallen ikasi zuen. Jarraian, hamaika urterekin seminarioan sartu zen, Saturraranen egon zen lehendabizi eta Donostian ondoren. Hamar urte egin zituen apaiztegian, hain zuzen, 1962an Filosofiako ikasketak amaitu zituen arte. Orduan seminarioa utzi eta batxilergo ofizialeko azterketak prestatu, gainditu eta Bilbon Ekonomia Zientzietan eman zuen izena.

Klandestinitateko politikagintzan hasi zen 20 urterekin, eta 1964an EGIko kide izatea leporatuta Donostiako Martutene kartzelan lau hilabete egin zituen. Urte hartan euskaltzain urgazle izendatu zuten.

Ordurako, hasia zen idazten, 1963an ekin baitzion Zeruko Argia, Anaitasuna edota Jakin agerkarietan lanak publikatzeari; 300 artikulutik gora idatzi zituen eta gehienak Zeruko Argian argitaratu ziren, “Erriak eta Gizonak” eta “Nazio arteko unea” ataletan. Agerkari berean sortu zen “Gazte Naiz” sailaren bultzatzailea ere izan zen. Politika gaiak eta nazioartekoak lantzen ziren, batez ere.

Lauaxeta Sariarekin, urteko artikulugile onena izendatu zuten Rikardo Arregi 1965ean.

[+] Informazio gehiago