68 Zenbakia 2000-02-25 / 2000-03-03

Gaiak

Oinezkoari zuzendutako laudorioa

DELGADO, Manuel

Oinezkoari zuzendutako laudorioa Oinezkoari zuzendutako laudorioa * Manuel Delgado Bartzelonako Udaleko Bide Publikoen Zinegotzigoak iazko urtearen erdialdera argitara emandako txosten batek zioenaren arabera, asko handitu da hirian zehar oinez ibiltzen direnen kopurua. Argi dago leku batetik bestera oinez joateko edo paseatzeko ohiturak, hiri handi guztietan automobila hartzeko gogoa bertan behera uzten duten udal neurriak indartu izanari erantzuten diola, baina baita ere auzo eta hirietako guneak merkataritza zabalgune bilakatu izanari, jendeak denbora pasa eta kontsumitzeko. Hiriak oinezkotzeko prozesu honek gauza bat gogorarazten digu: alde batetik bestera mugitzen ikusten dugun eguneroko irudi horrek, oinezko izendatzen dugunak, ibili baino zerbait gehiago egiten duela. Bere ibilera guztiz da poetikoa, idazteko modu bat da; ibilaldi bakoitza kontakizun bat da, istorio berri bat, memoria sortzea, eta hiriari dagokion esperientzia modernoen oinarri bihurtzen du egilea, hau da, hiriaren dimentsiorik egonezin eta likidoenena. Baina, nor da ezezagun hori? Bere jantziak, zeharka begiratutakoan istant batean ikusi diogun bere aurpegiak edota ibilkerak iradokitzen diguna besterik ez dakigu. Nonbaitetik atera da, baina ez dakigu nondik. Ez dauka, beraz, jatorririk. Ez dakigu ez nora doan, ez zein asmo dauzkan. Hortaz, ez dauka patu zein eginkizunik. "Beste nonbait" dago gainera, bere pentsamenduak ez baitaude hor, urruti baizik, "bere gauzetan". Horregatik, enigma bat da. Hain zuzen ere, eta funtsezko printzipio bati esker, ia ezagutu ere egiten ez dugun hori da gizarte demokratikoko benetako jaun eta jabea: bere joan etorrian eten nahiz oztoporik gabe ibiltzeko eskubidea dauka, justifikazio eta azalpenik eman beharrik gabe, kalea guztiona baita. Espazio publikoa ibilterraza izateak bihurtzen du oinezkoa hiritar. Itxuraz kapritxozko diagramak marraztuz alde batetik bestera doazen ibiltariak dira gizartearen modernotasuna islatzen dutenak. Gizarte peripatetiko horiez da sekula finkatutzat ematen; moldatzen ari da beti. Organo eta egiturarik gabeko gizarte bat da, milaka molekula independienteren arteko bat bateko itun automatiko batean oinarrituz etengabe antolatu, desegin eta birrantolatzen dena. Bertakoek ez diote elkarri hitz egiten. Are gehiago, edozer galdetzeko elkarri zuzentzerakoan, barkamena eskatzen hasten dira ("barkatu, esango al zenidake...?"). Ez diote elkarri begiratzen, ezezagunen begiradek kalean berehalako eraso bat besterik ez baitezakete adierazi edota maitasun handi baten hasiera . Ez diote elkarri ukitzen. Milaka dira leku txikietan norabide guztietan doazen pertsonak... eta hala ere ez dira ukitu ere egiten! Etengabe mugitzen ari diren kolektibitate honetako kideek, anonimatuaren geruza finaz babesteko konpromisoa daukate. Bata bestearekiko axolagabeak dira, alegia, errespetatu egiten diotela elkarri. Hori, jakina, solidario izateko arrazoi ñimiñoren bat sortu artean. Baltzu anonimo honetako kideek ez dute elkar ezagutzen, baina badakite edozein unetan izan dezaketela elkarren beharra. Ohartzen ez bagara ere, kalean anarkia da nagusi. Hortxe dago komunismo libertarioaren proiektu zaharra, gutxieneko arau integratzaileak besterik jasotzen ez dituen elkarte espontaneoa, ia koakziorik gabea, une oro elkarri laguntzeko prest dagoena. Ez dago kaleekin eta kaleetan gerta daitekeenarekin obsesionatuta bizi ez den botere totalitariorik. Fraga Iribarnek "kalea nirea da!" aldarrikatu zuen behin, bai baitzekien kalea ez zela sekula berea izango. Horrexegatik daude izkina orotan poliziak, patruilak, kamerak, kamuflatutako espioiak. Botere despotiko guztiek dakite bulebar eta merkataritza guneetan zehar noraezean dabilen jendetza talde opaku bat dela, laberinto bat, marmar ulertezin bat. Kalea ez da paseatzeko leku bat bakarrik, desobeditzeko, matxinadetarako, desertatzeko ere bada. Horra hor mende honetako protagonista nagusia: jendetzen artean dabilena, oinezkoa. Horra hor zelatatu edo suntsitu beharreko etsaia.Berari aurka egitearren sortu dira diktadura eta gerrak. Bera izan zen Gernikan, Londresen edo Hiroshiman jaurtitako bonben xedea. Bera izan zen Madrileko kaleetan frankismoa suntsitu zuena, Parisen naziak eta Pragan sobietarrak geldiarazi zituena. Bera izan zen 1951ean Bartzelonako tranbien greba garaian mugitu zena. Bera da bonba auto terroristaren hartzailea, bera Sarajevon frankotiratzaileei gehien gustatzen zaien jomuga. Inor ez dela, baina era berean guztia dela, ongi baino hobeto adierazten du Tianamengo sarraskiaren biharamunean mundu guztiari bira eman zio irudiak: izenik gabeko gizon txiki bat, eskuan poltsa bat zeukala "erosketak" egitetik itzuliko zen , gerra gurdiek osatutako zutabe ahaltsu baten aurrean geldirik, demokraziaren sinbolorik beldurgarri eta egiazkoenaren aurrean deus egin ahal izan gabe. Egia da gorputz bat besterik ez zela. Baina, norbaitek esan bezala, inork ez daki zenbaterako den gai gorputz bat. Manuel Delgado, Bartzelonako Unibertsitateko irakaslea Euskonews & Media 68.zbk (2000/ 2 25 / 3 3) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria