641 Zenbakia 2012-10-05 / 2012-10-12

Gaiak

Miguel de Unamuno

ZULOAGA, Eneko

Bizitza

Miguel de Unamunoren sortetxearen berri ematen duen xafla aurki daiteke 2012 honetan Bilboko Hirigune Historikoko Ronda Kalean. Hirigune horretan bertan bilbotar filosofoaren irudia dago, Unamuno izeneko plazan. Izan ere, Bilbo erdigunean jaio zen 98ko belaunaldi entzutetsuko idazle eta pentsalaria, Euskal Herrian zein Espainian XX. mendeko lehenengo hamarkadetan hainbat eta hainbat eztabaida sustatu zituena.

Miguel de Unamuno Jugo 1864ko irailaren 29an jaio zen Bilbon, eta aurrez aurre bizi izan zituen garai hartako gorabehera ekonomiko, politiko eta kulturalak. Oinarrizko ikasketak Bizkaiko hiriburuko San Nicolás ikastetxean hasi eta burutu zituen. Artean, marrazkilari ona omen zela eta, Antonio Lecuona margolariaren tailerrean aritu zen ikasle, baina ez dirudi bide hura bere nahiak asetzeko baliagarri izan zitzaionik, eta bertan behera utzi zuen tailerreko jarduera. Gaztetan irakurri zituen zenbait egile foruzale eta federalista (Arakistain, Navarro Villoslada, Pi i Maragall, etab.), eta gaztetan hasi zen, halaber, euskara ikasten. Gertakizunak ikustea ez zen nahiko Unamunorentzat, eta gazterik hasi zen gizarte-eragile gisa jardun nahian: hogei urte bete aurretik garaiko kazeta-egileekin harremanetan jarri eta artikuluak plazaratzen hasi zen (lehenengoa, El noticiero-n argitaratutako “La unión hace la fuerza”, 1880an argitaratu zen).

Miguel de Unamuno Jugo 1864ko irailaren 29an jaio zen Bilbon.

1880ko hamarkadan Bilbo utzi eta ibilbide luze eta gazi-gozoa hasi zuen unibertsitatean. Madrilen Filosofia eta Letrak ikasten hasi zen, eta 1883an amaitu zuen karrera. Madrilgo egonaldian, unibertsitate-ikasketak egitearekin batera, hainbat pertsona ezagutu zituen, eta, hain zuzen ere, horien bidez hasi zen gustuko zenbait ideia eta giro ezagutzen. 1884an Crítica sobre el origen y la prehistoria de la raza vasca doktorego-tesia defendatu zuen. Lan horretan agertzen dira lehenengoz Unamunoren zenbait ideia arazotsu, hala nola, euskararen eta modernotasunaren balizko bateraezintasunarena. Ideiak ideia eta eztabaidak eztabaida, ezin esan daiteke Unamunok euskara hizkuntza gisa gaitzesten zuenik: 1888an Euskal-Erria aldizkarian argitaratutako “Agur, arbola bedeinkatube” artikulua da, esate baterako, horren erakusgarri. Urte hartan bertan, Bizkaiko Aldundiak Bilboko Euskara Katedra betetzeko deialdia egin zuen, eta hiru gizon ospetsu aritu ziren lehian: Resurrección María Azkue, Sabino Arana eta Miguel de Unamuno. Lehenengoak eskuratu zuen lanpostua.

Unamunoren bizitza, arestian esan den bezala, unibertsitateari loturik egon zen XIX. mendearen amaieraz geroztik. 1891n, Concha Lizarragarekin ezkondu zen urtean bertan, Salamancako Unibertsitatean greziera-katedra lortu zuen. Salamancako unibertsitatean irakasle izateak ere bertako pentsalariak eta botere-gizonak ezagutzea ekarri zuen, eta bilbotarraren ospeak gora egin zuen harik eta 1901ean erretore izendatu zuten arte.

Bestalde, garai hartan eztabaida politikoa bizi-bizirik zegoen (aintzat hartzekoa da Euskal Herrian, esaterako, hirugarren karlistaldia 1876an amaitu zela eta, foruzaletasuna indartsu pizteaz gain, Sabino Aranak euskal nazionalismoa gorpuztu zuela), eta Unamuno sozialisten aldamenean agertu zen, Agrupación Socialistako kide gisa, sasoi hartan. Bilbotarra, ordea, bere ezinegonei jarraiki, ez zen luzaroan gustura egon, eta 1897an alderdia uztea erabaki zuen. Urte hartan bertan jo zuen goia bilbotar pentsalariaren erlijio-krisiak.

Salamancako erretore izendatu zuten urteko abuztuan Lore Jokoak antolatu ziren Bilbon, eta ordukoak dira, ideia zaharragoa den arren, euskararen izaerari eta etorkizunari buruz egindako adierazpen polemikoak: euskaldunei (abertzaleei batik bat) Espainiaren menpe gelditzeko deia egin zien. Gainera, euskara hiltzen utzi beharreko hizkuntza zela esan zuen (behar den mailako hileta eginda, ordea), ez omen zelako bateragarria modernotasunarekin eta izan zezakeen interes bakarra zientifikoa zelako: “Eta euskara? Ikerketa-gai ederra! Erlikia ohoragarria! Nobletasun-agiri hori! Lurpera dezagun santuki, dagokion mailako hiletekin, zientzian bildurik; utz dezagun erlikia interesgarri hau ikerketarako” (itzulpena gurea da). Unamunoren adierazpenak, espero zitekeenarekin bat, hautsak harrotu zituen (eta ondo gogoratzen dira oraindik ere) giro abertzaleetan, baina hainbat jarraitzaile izan zituen Espainian.

XX. mendearekin batera, handitu egin zen Unamunoren politika-zaletasuna. Gogor kritikatu zituen erregea, monarkia eta, 20ko hamarkadan, Primo de Riveraren diktadura. Horien ondorioz, unibertsitateko zuzendaritza-karguak, batzuetan lankideei esker berreskuratu zituenak, galdu zituen 1914an eta 1924an. Primo de Riveraren diktaduran Fuerteventurara joanarazi zuten eta, zigorra urte hartan bertan barkatu zioten arren, Espainiatik irtetea erabaki zuen: Parisen eta Hendaian igaro zituen zenbait urte, eta orduan argitaratu ziren La agonía del cristianismo, De Fuerteventura a París eta Cómo se hace una novela lanak. 1930ean, Primo de Riveraren diktadura amaitu ondoren, Salamancara itzuli zen bilbotarra.

Miguel de Unamuno 1929an Hendaiako hondartzan.

Jakina da 30eko hamarkada ere oso gorabeheratsua izan zela Espainian, eta hala izan zen Unamunorentzat ere, dagoeneko oso modu aktiboan hartzen baitzuen parte herrialdeko bizitza soziopolitikoan. 1931ko hauteskundeetan bat egin zuen sozialista errepublikarrekin, eta zinegotzi hautatu zuten. Urte hartako apirilaren 14an bilbotarrak berak aldarrikatu zuen errepublika Salamancan, eta errepublikarrek unibertsitateko erretore izendatu zuten atzera ere. Handik gutxira Madrilgo Gorte Orokorretara aurkeztu zuen bere burua independente gisa, eta diputatu hautatu zuten Salamancako sozialistei esker. Alabaina, orduan ere ez zen pozik gelditu, eta Manuel Azaña presidentearen politika eta jardueretatik urrundu zen harik eta, 1933ko hauteskundeetan, berriz ez aurkeztea erabaki zuen arte. 1934an erretiroa hartu eta unibertsitateko bizi guztirako erretore izendatzeaz gain, bere izena zeukan katedra sortu zen. Errepublikatik gero eta urrunago zekusan bere burua Unamunok, eta, horregatik, 1936ko udako estatu-kolpean, Franco jeneralaren erabakiarekin pozik agertu zen bilbotarra. Handik gutxira, Gerra Zibilean nazionalek eginikoak gehiegizko begitandu bide zitzaizkion, ordea, eta Unamunok aurka egin zien agintari militar eta politikoei. Ordukoa da bilbotarrak Francoren jarraitzaileei esaniko esaldi ezaguna: “Irabazi egingo duzue behar besteko indar basatia daukazuelako; alabaina, ez duzue inor konbentzituko, konbentzitzeko limurtu egin behar duzuelako baten bat, eta inor limurtzeko ez daukazuen zerbait beharko zenukete: borrokatzeko arrazoia eta eskubidea” (itzulpena gurea da). 1936ko urrian kanporatu zuen Francok unibertsitatetik, eta azken asteak atxilotuta igaro zituen, etxean, aski nahigabeturik. 1936ko abenduaren 31n hil zen, bat-batean, lagunekin solasean ari zela.Obra

Obrari dagokionez, Unamunoren lanak bi multzo handitan bana daitezke: Unamuno pentsalaria eta Unamuno literatur idazlea. Banaketa, baina, ez da ematen duena bezain garbia; izan ere, bilbotarraren kezkak, saiakeren bidez azaldu zituenak, bere literatur lanetan ere sarri agertzen dira.

Unamuno arrazionalismoaren eta positibismoaren eraginpean hezi zen, nahiz eta zenbait teologoren lanak irakurri ondoren, arrazionalismotik urruntzea erabaki zuen. Kierkergaard-en lanak zuzenean ezagutzeko daniera ikasi zuen, eta esan daiteke bilbotarra existentzialismoaren aurrekaria izan zela. Bere ustez, biziaren funtsa gizakien hiltzeko gogo-eza da, betikotasuna lortzeko gogoa, eta horri hertsiki lotuta dago itolarriarekin eta sentimendu tragikoarekin (Del sentimiento trágico de la vida, 1913), fedearen eta arrazoiaren arteko gatazkarekin, eta betikotasuna arrazoiaren bidetik argudiatu behar izatearekin (La agonía del cristianismo, 1911). Azken batean, bizitzari eta errealitateari buruzko filosofia da Unamunorena.

Salamancako erretore izendatu zuten.

Beste alde batetik, politikan izan zuen partaidetza aintzat hartuta, begi-bistakoa da Unamunok Espainiaren inguruan izandako kezka, beste zenbait saiakeratan islatu zuena: En torno al casticismo (1895), Vida de Don Quijote y Sancho (1905) eta Por tierras de Portugal y España (1911).

Literaturaz denaz bezainbatean, arestian esan denarekin bat, filosofiari buruzko saiakeretan azaldutakoak berreskuratu zituen, maiz, bilbotarrak. Obra luzea izanagatik, zenbait gai eta kezka maiz errepikatzen dira genero bateko eta besteko idazkietan: fikzioa baliatu zuen askotan, kezka filosofikoak aurkezteko eta gogoeta egiteko.

Narrazioaren esparruan egindako ekarpen garrantzitsuena nivola kontzeptua da: XIX. mendeko errealismoaren ezaugarri batzuei aurre egiteko nahiari jarraikiz asmatu zuen, eta, besteak beste, formaren garrantzia beste guztiaren gainetik eta pertsonaien garapen psikologiko eskasa aipa daitezke nivola delakoari loturik. 1895an Paz en la guerra agertu zen, eta 1902an Amor y pedagogía. Handik sei urtera Recuerdos de niñez y mocedad (1912) lan autobiografikoa argitaratu zen, eta 1913an El espejo de la muerte ipuin-bilduma. Handik urtebetera Niebla (1914) kaleratu zen, Unamunoren literatur lan ezagunena, non norbanakoen arimaren hilkortasunaren eta hilezkortasunaren inguruko kezka ageri baita. Oinarrian, beraz, kezka filosofikoa dago. 1921ean La tía Tula argitaratu zen, non bilbotarraren gainerako lanetan ageri ez den elementua azaltzen baita: erotismoa. 1927an Cómo se hace una novela lanak ikusi zuen argia, Unamunoren beraren nobelagintzaren erradiografia. 1927an, azkenik, San Manuel Bueno, mártir argitaratu zioten, ziur asko, bilbotarraren lan biribilena.

Narrazioez gain, antzerkia eta poesia ere landu zituen Unamunok. Antzerki-lanetan ohiko kezka eta zalantza existentzialistak agertzen dira. Oro har, lan eskematikoak, zuzenak eta gai zurrunekoak dira. Eszenografia soila eta garbia da, eta pertsonaien gogoetak ardatz eta elementu (ia) bakar dira. Besteak beste, honako obra hauek idatzi zituen La esfinge (1898), La venda (1899), La princesa doña Lambra (1909), La difunta (1909), El pasado que vuelve (1910), Fedra (1910), Soledad (1921), Raquel encadenada (1921), Sombras de sueño (1926) eta El otro (1926).

Unamunok ez zuen saiakera eta narrazioekin lortutako arrakastaren parekorik lortu, ezta antzekorik ere, poesiaren esparruan. Oro har, bilbotarraren olerkietan ageri diren gaiak bere kezka nagusiak dira: erlijioa, eguneroko bizimodua eta aberria. Eredu tradizionalak erabili zituen, eta Unamunorena ez da poesia landua: ematen du idatzi bezala argitaratu zuela ia-ia. Bilbotarraren poesia-bildumak dira Poesías (1907), Rosario de sonetos líricos (1911), El Cristo de Velázquez (1920), Andanzas y visiones españolas (1922), Rimas de dentro (1924), Teresa. Rimas de un poeta desconocido (1924) eta De Fuerteventura a París (1925). Bilbotarra hil eta hamazazpi urtera, bestalde, Cancionero (1953) lana argitaratu zen.

Lotutako artikuluak:

Cinco cartas de Miguel de Unamuno para Ignacio Zuloaga

El sentimiento vasco de Unamuno

Federico Nietzsche en Miguel de Unamuno