621 Zenbakia 2012-04-20 / 2012-04-27

Gaiak

Elkarrizketatuek Gernikari buruz esandakoak

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Mendetako bake, askatasun eta justiziaren hiria gerrako krudeltasunaren sinbolo unibertsala bilakatu zen instant batean, 1937ko apirilaren 26an.

“Gernika hiria bonbardatzea faxismoaren ekintza deitoragarria izan zen” adierazteak erredundantzia gordetzen du bere baitan, izan ere faxismoa berez deitoragarria da.

Hirurogeita hamabost urte betetzen dira atentatu latz hartatik eta azken urteotan Euskonewserako prestatu ditudan lau elkarrizketaren zatitxo batzuk aukeratu ditugu, efemeridea gogoan edukitzeko.

Ez da ahaztu behar.

Jose Antonio Arana Martija.Arana Martija. Musikologoa

II Errepublikako egunetan munduratu zinen, non eta Gernikan... edo hobeto esanda Lumon! Zer gogoratzen duzu gerra piztu arteko zure bizitza labur hartaz?

Lehenik esan nahi nuke, sarreran aipatu dituzun euskara eta musika direla-eta, Victor Hugok adierazi zuela hizkuntza baino gehiago musika dela nazio bat bereizten duena eta Euskal Herria musikaz bereizten dela. Beraz, biak uztarturik, horiexek izan dira nire bizitzan erabili ditudan tresnak. Euskal Herriaren nortasuna agertzeko eta iragartzeko oso tresna maitagarri eta sentikorrak izan ditut euskara eta musika.

Hori azalduta, esango dut Lumo dela Gernikako auzo bat baina lehen elizatea genuen. Elizate moduan zeukan Bizkaiko forua Lumok; Gernikari, aldiz, hiria zelako, espainiar legea zegokion, Logroñokoa. Horregatik nik nahiago dut nire burua lumotartzat hartzea. Zer gogoratzen dudan gerra aurreko nire herri hartaz? Erbestera sei urterekin eraman ninduten, beraz oso oroitzapen gutxi ditut garai hartakoak. Aita barku kapitaina zen eta “Sota y Aznar” konpainiaren Axpe Mendi itsasontzian zebilen lanean. Francoren iristearekin batera izena aldatu zioten, Monte Albertia ipiniz. Erbestera barku ingeles batean joan ginen, eta etxera itzuli Monte Albertian.

II Errepublika sortu zenetik gerra arteraino, aittita Melitonen etxea gogoratzen dut oso ongi. Han jaio nintzen hirugarren solairuan, eta amuma Kontzesionen kuttuna omen nintzenez hantxe ematen nuen denborarik gehien. Aittita Ibarrurikoa zen, Nafarroako Gorritiko sendi jatorriarekin, eta erdi bertsotan hitz egiten zuela oroitzen dut. Bestalde, bost bat urte nituenean, Bilbora etorri zen batean aitak ni barruan sartzen nintzen auto txiki bat ekarri zidan, eta Junta Etxetik beherantz dagoen aldatzetik jaisten nintzen aittitaren etxeraino.

Ikastolan hasi nintzen bi urterekin, eta gogoan daukat Sabina Ardanza andereño elantxobetarra. Haren altzoan hainbat aldiz eduki ninduen, oso txikitxoa nintzen-eta. Nahiz eta ikastolan dena euskaraz egin, doktrinarako arazo bat geneukan, izan ere, Andra Maria parrokiako José Domingo Iturraran erretoreak gaztelera nahiago zuen. Hori dela eta, jesuitek ematen ziguten erdi ezkutuan doktrina euskaraz. Eta irakasleak Felipe eta Juan Jose Goikoetxea... eta Raimundo Olabide genituen!

Bonbardaketa gertatu baino egun pare bat lehentxeago hemengo jendea hasi zen alde egiten eta aitaren ama —amuma Salvadora— Muxikan bizi zenez gero, gu hara joan ginen. Bonbardaketa handik ikusi nuen nik, etxe gaineko muino batetik.

Bonbardaketaren ostean, erbestera, Frantzia aldera zoazte...

Bilbon hilabete bat eman genuen, Mallonako baserri batean, eta handik Laredora eraman gintuen nire amaren neba Agustinek, hain zuzen Jose Estornes Lasa gudarien komandantearen txofer lanetan ari zena. Laredon jaio zen nire bosgarren anaia. Han egon ginen bi hilabeteetan eskolara joan nintzen. Frankoren ejertzitoa Bilbora sartu zenean gu Santanderera aldatu ginen trenez, eta hango kaian zegoen ikatz-itsasontzi ingeles batean eraman gintuzten Nantesera. Lehenago itsasontziak geldiune bat egin zuen Bordeleko kaiaren sarreran eta txalupa batean hurbildu ziren zenbait pertsona galdetuz norbait gernikarra ote zen. Nire ama identifikatu egin zen eta handik ordu pare batera ostera agertu zitzaizkigun lagun haiek janari eta goxokiekin. Aita zen, ordurako ezkutuan zegoena, bidaltzen zituena. Hartu genuen poza! Baina aurrera segitu ginen gure bidaian, Nanteseko kai militarrera heltzeko. Nik ditudan oroitzapenen arabera, frantziar errepublika oso ongi portatu zen gurekin. Etxetxo bat utzi ziguten Villemandeur herrian. Gaixotu egin nintzen ni han, tifusaz, eta Montargisko ospitalera eraman ninduten. Hiru hilabete eduki ninduten barneratuta, familiako inorekin egon ahal izan gabe. Ama ikusten nuen noizean behin, ni nengoen aretoko kristalez bestaldean. Huraxe da nik dudan oroitzapenik gogorrena. Behin osatuta, île de Re-ko Rivedoux herrixkara joan ginen bizitzera eta bertan egon ginen 1939ko irailera arte. Itzuli izan naiz horra duela hamar bat urte, bertako lagunei guri eskainitako harrera eskertu nahi nielako. Aita La Rochellen zegoen eta noizean behin agertzen zen. Han jaio zen nire seigarren anaia. Eta sendiak erabaki zuen gu Bilbora itzuli behar genuela. Eta “Monte Albertia” hartu genuen.

Muxikako amuma Bilbon bizi zen, eta han geratu ginen urtebete batez, gu Muxikara aldatu aurretik eta hor egon ginen 1950era arte. Urte hartako errege egunaren bezperatik “villano” naiz.Eduardo Chillida. Eskultorea

Zure ustez, Gernikako arbolak oraindik euskal askatasunaren ikurra izaten jarraitzen al du?

Nire ustez, bai. Inolako ezbairik gabe. Arbolak, ene ustez, sinbolismo handia du. Nik zera proposatuko nuke, Gernikan kanpaina ekologiko bat eratzeko hartu beharreko erabakia hartzea; arbolaren hiritik, Gernikatik, Euskal Herrian zehar eta mundu osoari ideia orokor bat zabaltzea: izadiarekiko begirune eta babesa. Eta zehatzago, arbolen aldeko babesa. Gernikaren antzeko toki batean arbolak lurreratu nahi izatea pekatu larria da. Haritz eder bat bota nahi zutela esan zidaten lehengo egunean. Ziur asko, “gure arbolaren” senitartekoa izango den haritz mardula; eta gogoratu nahi ez ditudan zenbait hirigintza arrazoi direla medio. Ez al duzu uste arras zoragarria izango litzatekeela Gernikatik sortu eta mundura zabaldutako izadiaren aldeko mugimendua? Gernikarrek mundu osorako kanpaina bati hasiera ematea arbola guztien alde eta, bereziki, autoktonoen alde? Gernikak, suntsipena ospatu beharrean, aurrera jo beharko luke, aipatu ekintza horren gisako egitasmoen, tolerantzia, bakea, bizia,...eta hainbat eta hainbat gauzaren bila!. Nik, nire begirunerik handiena diot, Euskal Herriko bihotza den horri. Horrek gu guztiok sinbolizatzen gaitu. Gure sustraiak, kosmosarekiko gure lotura sinbolizatzen ditu.

Eduardo Chillida.

Zer ikusi behar da Gernikari eskaini diozun lanean?

Gernika, lehen esan dudan bezala, gure Herriarentzat zerbait berezia da. Pentsa noraino izango den berezia, nik irudia ipintzeko aukeratua neukan kokalekua —Juntetxe ondoan eta Arbolaz erlazionatua— aldatu zidatenean erabat traumatizatuta geratu nintzela. Ez nuen irudi bere lekuan “ikusten”. Kokalekua aldatzeak, ez zuen irudiaren gaineko lehenengo iritziarekin inolako loturarik. Nik irudia beste inguru zabalago batean ikusten dut.Carmelo Ortiz de Elguea. Margolaria

Zer sentitu zenuen Gernika herriaren bonbardaketaren 75. urtemuga oroitzeko Gernika obra multzoa enkargatu zizutenean?

Erronka oso interesgarria zela eta karga emozional handiarekin, gainera. Berehala onartu nuen. Gernikak barru emozional ikaragarria du, arte unibertsalaren obra nagusi batekin lotura eta sinbologia berezia duena. Niretzat, eta nire barrokismoarekin, erronka handia izan zen. Uste dut egindakoarekin asmatu egin dudala, izan ere, karaktere aldaera zabala eman diot lanari. Gernika beraren esanahi emozionalaz gain, karga piktoriko handia izango duen erakusketa izango da. Denaren gainetik, niri margoa interesatu zait beti. Batzuetan tema ez da nahikoa izaten eta pinturak ematen dio balioa. Picassoren Gernika garrantzitsua bada, oso koadro ona delako da. Izango ez balitz, ezin izango zuen eskuratu duen bizitza unibertsal hori eskuratu. Koadro txar bat ez litzateke sinboloan bihurtu izango. Eta obra multzo hau egitera ausartu nintzen, lan handia egin dut. Gernikako Euskal Herria Museorako erakusketarako 11 margolan prestatu ditut. Detaile guztiak asmatutakoak dira, koadro bakoitzeko errealitatetik hartu dudan detaile bat izan ezik. Obra guztia bonbardaketan inspiratuta dago, bonbek eta sua suntsitutako herrian. Inaugurazioa apirilaren erdialdean izango da eta hiru hilabetez egongo da erakusgai. Gernikan egon eta gero Euskal Herritik zehar edo eta kanpora eramatea gustatuko litzaidake.

Carmelo Ortiz de Elguea.Nestor Basterretxea. Eskultorea

1924tik 1936ra bitartean Bermeon; orduan hasi zen zure bidaldia...

Bermeon gerra zibilera arte egon nintzen. Zaila gertatu zitzaigun gerra piztu zela jakitea. Gogoan dut Otxandio bonbardatu eta hildakoak berrogeita hamarretik gora izan zirenean, bermeotarrok oraindik ere geure buruari galdetzen geniola: “baina, zergatik?”. Laster eman zuten emakumeak eta haurrak Bermeotik irteteko bandoa eta Donibane Lohitzunera joan ginen.

Behartutako ibiltaria izan naiz, gerra zentzugabe eta beldurgarriak behartu ninduelako. Donibanetik Parisera joan ginen, nire aitak hiri hartako euskal ordezkaritzan lan egin baitzuen. Hain zuzen ere, 1937ko Erakusketa Unibertsala inauguratu zenean heldu ginen Parisa. Espainia errepublikarrak erakusketan zuen standa eta standeko edukiak (gerrari buruzko filmak, errefuxiatuenak, etab.) guztiz kontrajarriak ziren, penintsulan bizi zen gerraren ondorioz. Nik 14 urte nituen, baina argi ikusi nuen hango errealitatea: eszenografia zoragarria eta, eduki modura, nahigabe izugarria.

Gernika bonbardatu zuten eta pabiloiko arduradunen ustez mural bat egin behar zen; eta ahal izanez gero, artista euskaldun batek egin behar zuen. Nire herrikide eta erakusketa hartako euskal esparruko komisarioak, Jose Mari Ucelayk, berehala jo zuen Biarritzen zegoen Aurelio Artetarengana, eta pentsatu zutena azaldu zion; Artetak, ordea, uko egin zion gonbidapenari, Mexikorantz ontziratzeko zorian zegoelako. Artetak ezezkoa eman ondoren, zalantzarik ez zegoen Picassok egin beharko zuela.

Nestor Basterretxea.