604 Zenbakia 2011-12-09 / 2011-12-16

Gaiak

Politikari begira begi bioetikoez

MARTÍNEZ URIONABARRENETXEA, Koldo

1. Sarrera

Duela gutxi hauteskunde eguna izan da. Aldaketa garrantzitsu bat gertatu zaigu Euskal Herrian. ETAk armak alde batera uzten dituela aitortu du. Honek, panorama politikoa erabat alda dezake. Eta panorama etikoan ere bere eragina nabariko dugu, dudarik gabe, epe askoz luzeago batean. Aldaketa etikoek denbora eta sakontasuna esijitzen dutelako; politikoek ez horren beste. Horrexegatik pentsatu izan dut politikari bioetikatik gainbegirada bat ematea agian interesgarria litzatekela. Hor doa. Gainera, Nafarroak geroa baduela bozkatu du! 2. Bioetika

Batzuen aburuz, bioetika ezagutza eremu guztiz berria da. Horren alde, Bioetika Van Resenlaer Potter biologoak sortutako neologismoa dela diote, 60-70 hamarkadan biziraupenaren zientzia eta etorkizunerako zubia bezala sortu ere. Urte haietan, André Hellegers jesustarrak ere kontzeptu bera erabili zuen bizitzaren lehen uneetan sortzen ziren arazoez ausnarketak egiteko. Aldiz, nere ustea da, Bioetika Aristotelesek bere “Nikomakori Etika” idatzi zuenean ekarri zuela argitara disziplina hau.

Bioetika hitza grekeratik dator. Bios eta ethos lotzen ditu. Bizitza eta etika, kontzeptu anbibalenteak biak.

Bizitza aipatzean badira bizitza zerbait sakratu bezala ikusten dutenak, jainkoak emana, guk deus egin gabe eman zaiguna, eta horrexegatik, bere mugak —ez hasieran ez amaiaren— ukitzeko eskubiderik ez daukagu. Sakratua baita. Beste batzuek, bizitza bizitzea merezi ahal izateko oinarrizko ezaugarri batzuk bete behar dituela uste dute, hots, kalitate minimo bat behar duela izan. Kalitate minimo hori gabe, agian, bizitzak ez luke pena mereziko eta hoberena hiltzea litzateke. Gaur egun bizitzaren bi kontzepzio hauen inguruan ematen dira arazo etiko-politiko ugari, abortuarena eta eutanasiarena adibidez, argienak aipatzearren.

Etika hitzak ere badu bere anbibalentzia. Alde batetik, ohiturekin, tradizioekin, folklorearekin dago loturik. Komunitate bakoitza dena izatera lagundu duten arauekin. Horrela, etikak egin behar duguna agintzen digu. Baina beste aldetik, etika bertutearekin, izaeraren bikaintasunarekin, hobekuntzarako tentsio iraunkor batekin loturik dago ere. Horrela ikusirik etikak helbururik hoberena bilatzen du bere baitatik eta balioak eta ideialak errealitate bihurtzera, transzendentziara, bikaintasunaren bilaketara bultzatzen gaitu.

Bioetika, beraz, bizitza eta etika lotzen duen ezaguera praktikoa da eta horrexegatik hainbat arlo ezberdinez arduratzen da: ekologia, populazioa, harreman klinikoa, bizitzaren hasiera (ernalketa, abortua, ingeniaritza genetikoa), bizitzaren amaiera (testamentu bitala, eutanasia, suizidio lagundua), ikerketa, globalizazioa, politika eta abar luze batez. Gaur azken honi lotuko natzaio soilik.

Bioetika bizitza eta etika lotzen duen ezaguera praktikoa da eta hainbat arlo ezberdinez arduratzen da: ekologia, populazioa, harreman klinikoa, bizitzaren hasiera (ernalketa, abortua), bizitzaren amaiera (eutanasia, suizidio lagundua), ikerketa, globalizazioa, politika eta abar luze batez.

Argazkia: CC BY - LaNotizia 3. Etika eta Politika

Etika eta Politika betidanik egon dira elkarri loturik. Hor daude, baieztapen horren erakusgarri, Hammurabiko kodea, Konfuzioren Lau Liburu Handiak, Aristoteles, Plutarko, Zizeron eta Senekaren idazkiak...

Bioetika hainbat faktore moral, zientifiko, sozial eta politikoren eraginpean sortu zen eta hasieratik moraltasun politikoaz zer ikusirik zuten alorrak landu zituen, Estatua eta indibiduoaren arteko harreman moralean eragina zuten alorrak, alajaina.

Gaur, gizartea geroz eta kezkaturik dago zientziaren eta bere helburu eta medioen politizazioaz, zientziaz egiten den edo egin daiteken erabileraz eta manipulazioaz, jasotzen duen finantziazioaz eta berau lortzeko erabiltzen diren moduez, berarengandik eta bere lorpenez hiritargoak lortzen duen informazioaz, eta hauei esker sortzen diren itxaropenez —baita faltsuetaz ere— eta guzti honek geure identitatean izan dezaken eraginaz.

Hori dela eta, Bioetikak plaza publikora, arazo moralak erabakitzen, legeak eta erabaki politikoak hartzen diren lekuetara jalgi egin du eta nolabait politizatu egin da. Bada ere Bioetika Politika bihurtu dela esaten dutenak. Politizazio hau zoritxarrekoa izan daiteke baina ezinbestekoa da.

Horrexegatik, nire ustez, bioetikariok —elkarrekikotasunez, agerikotasunez eta erantzukizunez— aurre eman behar diegu galdera berri askori. Hauei ematen zaizkien erantzunak etika eta politikaren arteko harremanaz aurrez aurre dauden jarrerekin loturik doaz. Eta norberak gizakiaz duen irudiarekin ere. Batzuek gizakia naturaz ona dela, arrazionala, kontzientea eta hezigarria uste dute eta politika munduaren hazkunderako eta giza aurrerapenerako tresnatzat jotzen dute. Beste batzuek, aldiz, gizakia izaki ustel eta usteldutzat hartzen dute, bere natura irrazionalagatik, galbidetsua, eta politika negozio zikin eta inmoraltzat jotzen dute. Aristoteles dugu lehenbizikoen eredu, eta Maquiavelo bera bigarrenena.

Badira, baita, POLITIKA politikatik bereizten dutenak. Politika partidista honek legezkotasun morala izan dezan, egiazko konbikzioetan oinarrituta eta eztabaidara irekita egon behar du, bere agenda moralki defendagarria izan behar du beste agenda moralki defendagarrien artean, eta gizartearen onerako ausnarketa lasai, zentzudun, kritiko eta zehatz baten fruitu izan behar du. Honexegatik politikan erabakiak ezin dira hartu etikaren laguntzarik gabe. Baina etikak ezin du, ezta ere, politikaren lekua hartu. Biak dira beharrezko, baina batere ez da aski estatu demokratiko batetan helburu politikoak lortzeko zeren politika demokratikoak ez du botereaz tratatzen soilik; boterea hiritar guztien onerako nola kudeatzen den kontutan hartzen du ere.

Hori dela eta, bioetikarion erantzukizuna da ustez ezker eta eskuin, aurrerazale eta kontserbadore bioetikari bloke zentzubakarren arteko —erlijio gerren antza dutenak, agian hain bortitzak izan gabe antzeko neurrian tolerantziarik gabeak direnak— “kultur gerretatik” alde egitea. Horretarako politika partidistaren erabilera egokia babestu eta bultzatu egin beharko da bere erabileran inolako gaiztakeriarik gerta ez dadin, eta zuhurtasun etikoren eredu bat eskaini beharko da politikaren erabilera txarra leuntzeko lan politikoaren —eta politikoen— sinesgarritasuna ahultzen duelako eta lan bioetikoarena berarena ere, erabilera txar horrek dialektika zibil eraginkorretik eztabaida ustel eta garratzetara desbideratzen gaituelako, hausnarketa leialetik irain pertsonaletara, demokrazia posibletik demagogiara, tolerantziarik ezera eta fanatismora. Bioetikariok deliberazio zibilizatuaren artearen berreskurapenean liderrak izan behar dugula da nire ustea ere. 4. Desadostasun morala

Batzutan onartzea zaila bada ere, beti izango dira gatazka moral eta politikoak. Eztabaida moralak politikan gizartean aldez aurretik dauden zatiketak eta jarrera politikoen muturkeria areago ditzake eta denontzat pozgarriak izango diren konklusioetara ailegatzea zaildu ditzake. Baina arrazoi horiengatik ebitateza auto-suntsitzailea da zeren zatiketek, muturkeriek eta adostasun ezak iraungo dute eta ezberdintasun horiek mantentzen duten arteko lankidetza sozialaren bilaketa aukerak murriztu egingo da. Arrazoizkoa dirudi, bada, politika publikoetaz hiritarrek euren artean moralki ados ez datozenean, beren artean egin behar dutena deliberatzea dela pentsatzea, ahal dutenean adostasun morala bilatuz eta lortzen ez dutenean elkarrenganako begirunea mantenduz.

Gaur, gizartea geroz eta kezkaturik dago zientziaren eta bere helburu eta medioen politizazioaz, zientziaz egiten den edo egin daiteken erabileraz eta manipulazioaz, jasotzen duen finantziazioaz eta berau lortzeko erabiltzen diren moduez.

Argazkia: CC BY - askthepixel 5. Demokrazia deliberatiboa: deliberazioa demokrazian

Demokraziak aniztasunari aurre egiteko sortu ziren. Demokrazia da politikan desadostasunari irtenbideak bilatzeko sistemarik justitifikagarriena. Demokraziaren oinarrian pertsona guztiak hiritar libre eta berdinak bezala tratatuak izan behar direla aldarrikatzen duen ideia dago, eta beren gizartearen gobernuan berdintsuki parte hartzeko onartuak izan behar direla.

Baina desadostasun moralari aurre egiterakoan, demokraziek bi teoria ezberdinetan oinarritzen diren metodo ezberdinak erabil ditzakete. Teoria batzuek desadostasunari erantzuteko besteen printzipioak deuseztu behar direla diote, bakoitza gai delako gatazka morala irabazi eta konpontzeko. Beste teoriek, aldiz, gatazkan dauden teoria horien baieztapen eta aldarrikapenei aurre egiteko bideak eskaintzen dituzte, gatazka moral iraunkorrari leku eginez. Hauen artean demokrazia deliberatiboa aldarrikatzen duena dago.

Deliberazioa erabaki hartze prozesu arrazoinagarri batetan kontutan hartu behar diren faktore guztien ponderazio prozesu intelektuala da. Hots, baldintzen, ondorioen, ekintza norabide posible guztien, eta guzti hauen artean, hoberenaren ikerketa xehe eta mugatua. Deliberatzea arrazoiak emanez, besteenak entzunez, inork egia osoa ez duela inoiz guztiz izango ez dugula guztiz konbentziturik, erabaki zuhurrak hartzea helburutzat duen prozedura intelektual praktikoan aritzea da. Azken finean, deliberatzea arte bat da, elkarrenganako begirunean oinarritua, apaltasun intelektual maila batean eta gertakizunetaz norberaren ulerpena aberasteko desioan, entzutearen eta iritzi eta argudio trukaketaren bitartez, prozesuan tartekatzen diren beste pertsonekin.

Horrela, bada, demokrazia deliberatiboa gobernu mota bat da non hiritar libre eta berdinek —eta haien ordezkariek— beren erabakiak mutualki onargarriak eta denentzat eskuragarriak diren arrazoiak mutualki emanez justifikatzen dituzte, presentean denontzat derrigorrezkoak diren ondorioetara ailegatzeko asmoz baina etorkizunean erronka berrietara irekita daudenak.

Hiritarrei beren jarreren status morala baieztatzera deitzen dien demokrazia deliberatiboak karakterraren osotasuna eta eskuzabaltasuna esijitzen die. Ezaugarri hauek era askotan frogatzen dira baina batez ere politikarako oso garrantzitsuak diren hiru atal hauetan: hizkuntzan, ekintzetan eta printzipioetan. Osotasuna hizkuntzan zintzotasun politikoaren seinale baita, pertsona batek bere jarrera defendatzen duenean jarrera moraltzat hartzen duelako egiten duela eta ez interes edo abantail politikoen eraginpean. Osotasuna ekintzetan esandako eta egindakoaren arteko osotasuna erkusten duelako. Osotasuna printzipioetan norberaren printzipioen inplikazio guztiak onartuz. Eta eskuzabalatsuna ere, hizkuntzan, ekintzetan eta printzipioetan, onartzen ez dugun jarreraren status morala geureraren neurri berean onartzen dugula aldarrikatuz.

Eta hemen, Ricoeur pentsalariak —Aristotelesi jarraituz— eman zuen etikaren definizioa aipatu nahi dut, gaiarekin oso harreman sakona duelako uste baitut. Etika, berarentzat, instituzio justoetan, besteekin eta besteentzat, bizitza onaren bilaketa ariketa bat da. Horrela lotzen dira —lotu beharko lirateke— berriz, Etika eta Politika.