Euskonews Gaztea
Gaiak: Gorka Zabaleta, kantautorea
Oiartzuarra da Gorka Zabaleta; 1989an jaio zen eta txikitatik musika gustuko du. Denbora librean abestiak konposatzen ditu euskaraz; bai letrak eta baita musika ere bere sormenetik jaiotakoak dira. Gorka eta Eider, anai–arrebak. Argazkia: Gorka Zabaletak utzia.
Nondik datorkizu musikarekiko zaletasuna? Txikitatik, 6 urterekin amak opera abesten entzun zidanean, ea abesbatza batetan sartu nahi nuen galdetu zidan. Horrela Andramari abesbatzan sartu nintzen 10 urtez.
Baina gainera, aspaldi hasi zinen gainera, zure kantuak osatzen, oker ez banago. Bai, 15 urterekin hasi nintzen, gaztaroko amodio kontuk direla–eta... (barre) Badakizu, sentimenduk askatzeko bide bat bezala.
Aitonari gainera, abesti batzuk idatzi nizkion eta horrela gaur arte, buruan bueltaka izan ditudan gaien inguruan idazten jarraitu dut. Dagoeneko 50 bat abesti izatera iritsi naiz. Chillidalekun, zuzenean. Argazkia: Gorka Zabaletak utzia
Gitarra lagun izaten duzu, nahiz eta a capella ere abestu... A capella abestea asko gustuko dut, jendeari azkarrago iristen baitzaio mezua. Gainera lekuko akustikak laguntzen badizu askoz ere hobeto. Baina diozun bezala, gitarrak ere erabiltzen ditut nire abestietan, bai elektrikoa eta baita akustikoa ere. Hala ere lagunartean su bati begira abestea bezalakorik ez dago.
Estilo ezberdinak lantzen dituzu, ezta? (folka, pop–rocka... ) Jorratu nahi duzun gaiak asko laguntzen dizu abestiari ze itsura eman nahi diozun erabakitzen. Ni ez naiz kapaz zehatz mehatz nire abestiak duten estiloa ezberdintzen, horretarako daude adituak!
Baina benetan diot, abestiak berak eskatzen dizula zerbait tristea kontatuz gero alaitasunez amaitzea. Maitasun kontuak gogorrak diren arren, alai hartzea bezalakorik ez baitago.
Letrak ere zuk sortuak. Zer transmititu nahi izaten duzu haiekin? Hori da, letrak, musika moduan nik sortuak dira. Gauza asko adierazten ditut horietan, tristura, iritziak, aholkuak, poza... Eta dena ironiarekin, noski. Gainera ironiak eta subjektibotasun horrek entzuleak, iritzi propioa aukeratzea ekartzen du, entzun nahi duena emanez baina era berean, erreflexio bat sorraraziz.
Zure arreba abesti batzuetan ere lagun duzu. Eiderrek musika klasikora bideratu nahi izan duen arren, ahotsarekin laguntzen dit. Asko abestu dugu elkarrekin eta bat egitea erraza egiten zaigu. Xelebre suertatzen da kontzertuetan neska lagun garen galdezka etortzen direnean. Argazkia: Gorka Zabaletak utzia
Abestiak sortzeko inspirazioa nonbaitetik etortzen zaizu? Nonbaitetik? Nik nahi bai, baina ez! Etorri baino gehiago bizipenak ekartzen dizu inspirazioa. Ohean etzan eta nire lehen abestia idatzi nuen koadernoa erabiltzen dut sortzeko. Hala ere, aldez aurretik bueltak emandako errima edota hitz jokoa erabiltzen dut abiapuntu.
Orain arteko emanaldiak... Dezente izan dira! Batzuk aipatzearren, Lekeitioko Zine eta Bideo Bileran, Bordeleko eta Bartzelonako Euskal Etxeetan, L?Abbadiako gazteluan, Chillidalekun eta nire herriko jaitan azkeneko aldiz.
Zer sentitzen duzu jendaurrera irteterakoan? Lasaitasuna argiek jendearen aurpegiak ikustea oztopatzen ez didatenean, baita abesteko grina ere.
Interneten entzun zaitzakegu, baina gainera, CDak ere kaleratu dituzu... Dagoeneko bi CD kaleratu ditut: batean a capellak agintzen du, eta bestean berriz, gitarrak. Prozesu guztia nik neuk egiten saiatu naiz eta “Ezintasunak” eta “Bidai luze bat luze...” diskoak egin ditut zabaltzeko intentzioarekin. Abendu ingururako nire hirugarren diskoa bukatu nahiko nuke, gainera.
Nire abesti batzuk entzun nahi izanez gero www.myspace.com/gorkazabaleta helbidean sartuz aukera izango duzue. Harremanetan jartzeko berriz, zabaleta_gorka@hotmail.com
Noraino heldu nahiko zenuke musikarekin? Euskal Herrian leku txiki bat edukitzearekin konformatzen naiz eta ez da gutxi.