581 Zenbakia 2011-06-03 / 2011-06-10

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Martxel Arribillaga. (Dirt Jump-eko gidaria): Airean egonda Dirt Jump zirraragarria da

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Argazkiak: Martxel Arribillagak utziak

Airean saltoak eta itzulipurdiak egiten duen horietarikoa dugu Martxel, eta gainera, profesional gisa aritzeko aukera dauka. Hamazortzi urte ditu eta azken bostak daramatza kirol honetan, baina badirudi bizitza guzia eskaini diola, trikimailu ikusgarriak burutzen baititu, ustez, erraztasunez. Baina usteak erdi ustel direla jakinda, badakigu baita ere Martxelek asko entrenatzen duela eta salto bakoitza milaka aldiz errepikatzen duela ongi ateratzeko.

Aurrena–aurrena, zer da Dirt Jump?

Propio kirol honetarako prestatutako mendiko bizikleta baten gainean saltoak ematean datza; baina gainera, airean egonda irudi akrobatikoak egin behar dira, eta jauzi zailenak edo arriskatuenak edo ikusgarrienak egiten saiatu behar gara.

Orduan, entrenatzeko edozein tokik ez dizu balioko, ezta?

Ez. Baina kirol hau praktikatzeko toki aunitz badira. Esate baterako, gure herrian bertan, lagun batzuen artean pabiloi bat daukagu alokatuta eta barrenean ditugun salto guziak guk geuk egin ditugu. Bestalde, nire aitak ere badu bertze lokal bat, eta 36 metro koadroko piztina bat daukat bertan.

Hori barruko tokiei dagokienez, izan ere, lagun baten soroan salto pila bat burutzeko lekuaz gozatzen dugu. Entrenatzeko leku ugari ditugu, bikain!

Kuriositatez, zergatik hautatu zenuen airean bizikletarekin itzulipurdika ibiltzea?

Egia esateko kasualitatez hasi nintzen! Duela bost urte goiz batetan Beratik paseatzen nindoan lagunekin eta bertzeen artean, egun nire managerra den Hegoi Ado ikusi nuen bizikleta gainean saltoak egiten, eta izugarri gustatu zitzaidan. Argazkia: Martxel Arribillagak utzia.

Orduan, amarengana jo nuen bizikleta erosteko eta erosteko eskatuz (barre) eta nahi nuena lortu, nire kabuz hasi eta oso gaizki ere ez zitzaidala ematen ohartu nintzen. Hala, Hegoi ezagutu, lagun egin eta egun dakidan guztia berak erakutsi dit urte hauetan zehar.

Orain profesionala zara, baina kategoria ezberdinak egongo direla pentsatzen dut, ezta?

Bai. Espainia mailan badira bi kategoria: Amateur eta Pro. Aurrenekoa, hasi berriak direnek osatzen dute normalean eta bigarrenean nibel jakin bat dutenek.

Baina horrez gainera, bertze bi kategoria ditugu, nazional mailan lehiatzen direnak eta nazioartean aritzeko aukera dutenak, eta aurten txapelketa internazional batzuetan sartu naiz. Hain zuzen ere, Donostian 2011ko maiatzaren 14an egin zen Freestyle erakustaldiaren ondoren, Mallorcara joateko deitu ninduten. Handik bertze ate bat ireki eta Suitzako Alpeetara joateko gonbita jaso nuen eta Bartzelonan ere arituko naiz. Batean zaudenean poliki ateratzen joaten dira aukera ezberdinak.

Eta txapelketa horietan, epaileek puntuazioa emateko orduan zer nolako xehetasunei begiratzen dituzte?

Gauza asko hartu behar ditugu kontuan gure trikimailuak egiterako orduan. Hala, fintasunak garrantzia dauka, baita zailtasun mailak zein originaltasunak. Esan behar dugu, ez dela berdina bi metroko salto bat egin edota hamabost metroko bat. Hori guzia hartzen dute kontuan epaileek.

Eta noski, emaitza onak lortzeko, izugarrizko lana egin behar izaten dugu! Neure kasuan, esaterako, urtebete baino gehiago behar izan dut zenbait trikimailu ongi egitea lortzeko. Asko kostatu zaidan bat, backflip tailwhip izan da. Duela urtebete lortu nuen, eta orain, ia esfortzurik gabe burutzen dut.

Halere, beti dago sekula irtengo ez dela dirudien trikimailua. Esate baterako, hiru urte eman ditut salto batekin, eta apirilean lortu nuen azkenean, hori bai, igerilekuan. Lurrean saiatzen ari naiz orain eta irteterakoan enteratuko zarete zertaz ari naizen!

Zer nolakoak dira entrenamenduak?

Neguan zehar ezin gara kanpoan ibili beti baitago lurra umelduta, eta Dirt Jump praktikatzeko bertzelako baldintzak funtsezkoak dira. Horrexegatik, neguan barneko entrenamenduak burutzen ditut, dela aitaren pabiloian edota lagunekin batera alokatuta dudanean. Baina eguraldiak hobera egitean, bertzelako entrenamenduak burutzen ditugu, soroan.

Aitortzen dut ez dudala entrenamendu finko ba eramaten, ez eta egunean ordu zehatz batzuk egiten. Egunaren arabera, gogoen arabera moldatzen joaten gara jarduna. Eta bizikleta utzi eta gimnasiora ere joan behar izaten naiz, ezen indarra funtsezkoa da bizikleta nahi bezala mugitzeko. Erresistentziako ariketak ere burutzen ditut noizean behin, bizikletan mendira joanez, esaterako. Argazkia: Martxel Arribillagak utzia.

Arrisku puntu bat dauka kirol honek, ezta?

Bai, sarritan beldurra ere nabaritzen duzu, eta zertan ari zaren zalantza eduki arren, kirol honek sortzen dizun adrenalina ere handia da, eta azkenean trikimailua egitera animatu eta zirraragarria dela ohartzen zara!

Kanpotik begiratuta behintzat, irudi akrobatikoak oso erraz egiten dituzuela dirudi. Baina zenbat golpe hartzen dituzu ongi atera aurretik?

Ez nuke jakingo zenbat diren esaten! (barre) Halere, nahikoa zorte izan dut orain arte, ez baitut ezer seriorik eduki; hiru atzamar xehatzea izan da gertatu zaidan txarrena, ez da deus!

Badago ero antzean ibili eta esaterako, klabikula hirutan hautsi duen jendea. Neu aldiz, burua asko erabiltzen duen riderra naiz; hau da, beti arrisku bat dagoela badakit, eta aurrena igerilekuan probatzen ditut trikimailu berriak, saiatu eta saiatu eta saiatu, irteten den arte, eta ondoren lurrean egitera igarotzen naiz.

Ez al da tranpa igerilekuan frogatzea?

(barre) Pentsa, aurreneko aldietan beti buruz erortzen naizela! Eskerrak igerilekuan saiatzen naizen lehendabizi...

Orduan bizikletak gehiago sufrituko du!

Zalantzarik gabe, izugarrizko astinduak jasaten ditu! (barre)

Eta merezi dute golpeek? Hau da, bizitzeko lain ematen du kirol honek?

Bai, bai! Orain askoz gehiago hasi dira kirol hau baloratzen, eta hagitz ona izatea funtsezkoa da bertzeengandik nabarmendu eta etekina ateratzeko. Eta konpetentzia izugarria da.

Euskal Herrian, halere, nahiz eta jende anitz baden bizikleta gainean saltoak ematen, egia da ez dagoela bertze toki batzuetan bertzeko nibelik. Eta ez da gogorik ez dagoelako, non praktikatu ez daukagulako baizik. Esate baterako, Katalunia aldera joanez gero, badituzu egokitutako bost Bikepark —edo bizikletan ibiltzeko guneak— eta hementxe ez daukagu bat ere. Ni aritzen naizen tokia lagun artean eginikoa da, toki pribatuetan eta ezin da inor etorri. Pentsa, nire aitaren pabiloian norbait praktikatzera etorri eta zerbait gertatuz gero, zer?

Horregatik instituzioei eta, diru–laguntzak edota tokiak atontzea eskatu izan diegu, baina inork ez digu kasurik egiten, eta uste dut horregatik galtzen duela jendeak motibazioa hein handi batean, eta praktikatzen dutenen artean nibela ere horrexegatik ez dela handitzen.

Bultzadatxo bat eman behar zaio. Izan ere, betiko kirolak laguntzen dira baina gurea ez. Zenbat balio du futbol zelai bat eraikitzeak? Guk nahikoa ditugu bost kamioi lurrez beterik zerbait txukuna egiteko!

Bizikleta gainean zara abila, eta beste batzuk motorrean aritzen dira. Ez al duzu inoiz pentsatu ibilgailuz aldatzea?

Pentsatu bai, baina ez daukat dirurik! Moto batek 7000 euro balio ditu gutxienez, eta ez zait iristen! Gainera, orain bizikletan entrenatzeko tokian ezingo nintzateke motorrean ibili eta lehen aipatu bezala, ez gabiltza lekuez gainezka! Baina egunen batean probatzea gustatuko litzaidake, bai.

Bizikletek ere euren kostua daukate, 1500 eurotik gora balio baitute, eta ez dugu bakarra erabiltzen! Baina hobetzen joan naizen heinean, nire managerrak Scott taldean sartu ninduen, eta haiek lagunduta materiala jaso dut; arropak, bizikletak eta abar eskuratu ditut.

Daramazun denboran, zer eman dizu kirol honek?

Gauzarik onena jendea piloa ezagutzeko aukera eskaini didala da, zalantzarik gabe. Gainera, profesionaletara iritsi ahal izatea pozgarria da, bertze batzuk zuk egiten duzuna egin nahi baina lortzen ez dutela ikusten baituzu. Aurrera egiten bultzatzen nau neure helburuak lortzen ari naizela ikusteak.

Halere badauzka alde txarrak. Esaterako, astebururo kanpora joaten hasiko naiz orain, eta egitea gustatuko litzaizkidakeen zenbait gauza galduko ditut. Eta noski, nahiz eta ez dudan ezer serioa eduki, jaso ditudan kolpeak horrenbeste izan dira, nire aitak beti erraten didala Martxelo, ikusiko duzu zer nolako zahartzaroa edukiko duzun! (barre)

Saio batzuk espektakulu hutsak izaten dira, maiatzean Donostian izan zen Freestylea kasu.

Argiak, jendea oihu egiten, txaloka, musika... Azaldu ezineko zerbait sortzen dizu barrenean, izugarria da. Orain arteko sentsaziorik onenetarikoa izan zen Donostian bizitakoa, bene–benetan.

Dena al dago asmatuta, edo inprobisatzeko tartea ere baduzue?

Beti ateratzen dira gauza berriak, baina ailegatzen da ezer otutzen ez zaizun momentu bat. Orduan, existitzen den zerbait hartu eta berritzailea den ukituren bat gehitzen diozu.

Edota bestetan, motoarekin egiten duten trikimailu bat gustuko izan eta bizikletarekin egiten saiatzen zara ?nahiz eta gidari asko ez diren ausartzen.

Lehiaketa batetan pilotu guziek berdina eginez gero, ez dauka graziarik, berezia izaten saiatu behar duzu. Zerbait berria burututa, puntuazioa ere altuagoa izaten da. Beraz, etengabe saltoak berritzen ahalegintzen gara.

Hamazortzi urte besterik ez dituzu, bide osoa ibiltzeko oraindik.

Etorkizunean, gutxienez osasun ona edukitzea desiratzen dut, gurpildun aulki batetan ez geratzea... Hori edukiz gero, egiten dudanetik bizi ahal izatea gustatuko litzaidake, soldata on batekin. Gaur egun ez dut ogibide moduan hartzen nahiz eta profesionaletan aritu; zaletasuna izaten jarraitzen du eta badut lan bat aitarekin eta ez naiz kexatzen ahal!

Eta ezin dut amaitu inguruan eduki ditudan lagun eta familiei eskerrak eman gabe. Esaterako, Hegoik asko irakatsi dit; familiak pazientzia handia eduki du eta nigan sinetsi du. Milesker denoi! Martxel Arribillaga (Bera, 1993ko otsailak 9) Martxel Arribillaga Indaburu Elektromekanika ikasten ari den beratarra da, eta gainera, bere aitaren tailerrean egiten du lan. Horrez aparte, libre daukan denbora bizikleta gainean igarotzen du entrenatzen; izan ere, 2009tik BMX —Bicycle Moto Cross— barruko Dirt Jump modalitatean profesional gisa baitihardu.