580 Zenbakia 2011-05-27 / 2011-06-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Beldurrezko istorioak

BEREZIARTUA, Loren



Beldurrezko istorioak; horixe dirudite telebistako albistegietan entzuten ditugun notiziek azken urteotan. Zer demontre ari da gertatzen?

Saioaren ehuneko portzentaje handi bat berri ilunez beterik dago, eta egia esan behar badut, egunez egun gogo gutxiago edukitzen dut telebista piztu eta munduan gertatu denaz jabetzeko... Eta tamalez, badirudi, gauza negatiboek soilik saltzen dutela produktua. Ez nabil esaten bakarrik kolore alaiekin marraztu behar direnik berriak...

Ados, koloreak eduki, baditu telebistak. Ezen, konturatuko zineten moduan, sarri askotan sentsazionalismoaren hatzaparretan erortzen dira (sasi)kazetariak, eta iristen zaiguna horiz tindatutako informazio andana izaten da.

Eta albistegiz kanpoko programetan horitik arrosara egiten dute gehienek jauzi, guztiok zaku berean sartu eta interesa dugulakoan edo, zabor kutsuko saioak saltzen dizkigute, kate batean, bestean zein hurrengoan.

Asper–asper eginda nago egunero txatxukeriak ikusi eta entzuteaz, batzuek beldurtu eta besteek alienatu nahi gaituztenaren sentsazioak inbaditzen bainau egunero telebistaren ON botoia sakatzen dudan bakoitzean.

Horrexegatik ipini diot nire buruari ariketa sano bat eta zapping egiteko baliatzen dudan atzamarrak, baina batez ere neure buruak bederen eskertuko didatela ez daukat zalantzarik. Azken aldian ia ez dut telebista pizten, ordu jakin batean zerbait konkretua ikusteko soilik. Neuk aukeratzen dut zer ikusi nahi dudan, eta ez dute niregatik hautua egingo telebista–kateetako programatzaileek; edo hori sinetsi nahiko nuke.

Izan ere, orain arte bezala jarraituta, biharko albistegia zabaltzeko baliatuko duten titularra ere zein izan litekeen pentsatu baitut: Gizakitik, zonbi bilakatutako telebista ikusle izatera igaro garela gizartea. Tori, beldurrezko istorioa!