58 Zenbakia 1999-12-10 / 1999-12-17

Efemerideak

1906ko abenduaren 15a, Zepai bertsolaria jaio zen / 1897ko abenduaren 13a, Joannes Oxalde hil zen / 1925eko abenduaren 12a, Juan Manuel Lertxundi zendu zen

Efemerideak: 1999 / 12 / 10 17 1906ko abenduaren 15a, Zepai bertsolaria jaio zen Iturria: Lur Hiztegi Entziklopedikoa "Zepai", Gipuzkoar bertsolaria (Azpeitia, 1906 Idiazabal, 1971). Azpeitian jaio baina Errezilgo Zepai baserrian hazi zen, Txapel bertsolariaren familian. Baso mutila eta hargina izan zen bizibidez. Idiazabalean ezkondu eta taberna bat jarri zuen bertan. Umore bikaineko bertsolaria izan zen. Hargatik ospe handia izan zuen bere garaian. 1897ko abenduaren 13a, Joannes Oxalde hil zen Iturria: Lur Hiztegi Entziklopedikoa Nafarroa Behereko bertsolaria (Bidarrai, 1814 Bidarrai, 1897). Guarda eta postaria izan zen bizibidez. Aiherran bizi izan zen. Herriz herri bertso kantari ibili bazen ere, ia ez da haren bat bateko bertsorik gorde. Bertso jarri ugari gorde dira, hala ere, Oxalderen bertso jarriak behin baino gehiagotan izan ziren sarituak Lore Jokoetan: Soldado ondoan (Sara, 1868); Kilo egilearen kantuak (Sara, 1878); Beranteko urrikiak (Maule, 1880); Maddalen Larralde (Donibane Garazi, 1894). Argentinan ere ibili zen, Gualegay izeneko herrian. Aipatutakoez gainera, hauek dira Oxalderen bertso sail ezagunenak: Zahar gazteen arteko parabola, Iruñeko ferietan, Lurreko ene bizia, eta batez ere, Otxalde eta Etxahun. 1925eko abenduaren 12a, Juan Manuel Lertxundi zendu zen Iturria: Lur Hiztegi Entziklopedikoa Gipuzkoar idazlea, eskolapioa. Haurrentzako irakaurgaiak egiten nabarmendu zen. Euskal Esnalea aldizkarian hasi zen idazten. Honako hauek dira bere obra nagusienak: Polli ta Pello bi euskaldun bikain eta zintzoen kondaira (1910), Oyalde basoko Maitagarriya (ipuina, 1912), Euskal Iztiya (gramatika elebiduna, 1913) eta Gauzen ikuskizunak umientzako (1925). Euskonews & Media 58.zbk (1999 / 12 / 10 17) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria