562 Zenbakia 2011-01-14 / 2011-01-21

Euskobooks

Aipamena. 10 gako ikasteko ebaluatzen

Egilea: Neus Sanmartí Puig Argitaletxea: UPV/EHU, 2010 Orrialde kopurua: 150 ISBN: 978-84-9860-453-5 Ezaugarriak: 10 gako. Ikasteko ebaluatzen liburuak zorrotz heltzen dio ebaluazioaren gaiari, irakaskuntzaren kalitatea hobetzeko asmoz heldu ere. liburuaren egitura argia lagungarri gertatzen da ideia bakoitza ulertzeko, alderdi teorikotik eta praktikotik azaltzen baita eta, hartara, bi gauza lortzen baitira aldi berean: gaiari buruz aurrez dakiguna finkatzea, eta dakigun horri eduki berriak gehitzea, eskolan parte hartzeko gaitasun profesionala indartzeko balio dutenak, onarturik «berez, irakastea, ikastea eta ebaluatzea banandu ezin diren hiru prozesu» direla. Azaltzen diren gakoek honelako galderei erantzuten laguntzen dute: - Zergatik pentsatu ebaluazioaren helburu nagusia ikaskuntzaren emaitzak erakustea dela, eta ez ebaluazioa ikaskuntza bultzatzen duen eta kalitate handiagokoa izan dadin laguntzen duen jarduera dela? - Zergatik transmititu ikasleei akatsak «zerbait txarra» direla, ezkutatu beharreko zerbait, eta ez transmititu ikastea akatsok gainditzea dela eta, beraz, ona dela akatsak adieraztea? - Zergatik sinetsi erantzun itxiko galderak dituzten probek informazio objektiboagoa ematen digutela ikasleen ikaskuntzaz, erantzun irekiko galderak dituztenek baino? - Zergatik ez pentsatu kanpo-ebaluazioko probak tresna onak izan daitezkeela ikasgelako gure lana bideratzeko, eta pentsatu baliagarritasunik batere ez duten kontrol-tresnak besterik ez direla?...