Euskonews Gaztea
Gaiak: Gabonetan, enpatikoegi?
Urte amaieran merkataritza–guneak jendez betetzen dira. Herrietako dendetan ere erakusleihoak kontsumitzailearen arreta bereganatzen saiatzen dira, salgai dagoen dena gertuko senide horrentzako tramankulurik aproposena dela sinetsarazi nahirik. Eta maiz, gailu, arropa edota pitxi absurduena ere etxera eramaten dugu, itsu–itsuan mundu kontsumista honetan mugitzen diren zonbiak bagina bezala. Argazkia: joshuahinds
Sarritan ahoa hitz hutsalez betetzen zaigu, aurreztea edota krisia moduko eleak bolo–boloka aipatzen ditugularik, berezko esanahia galtzen dutenera arte. Izan ere, azkenean, jai hauetarako burutzen den gastuari erreparatuta, aurreko bi hitzak tokiz kanpo geratzen dira familia askoren hiztegian.
Badira baina, momentu gogorrak bizi dituztenak ere, horiek bai, beste aukerarik ez dutenez gero, kasurik onenean jateko zerbait erosiko dute, bizirauteko ahaleginean. Beste batzuek herri ezberdinetako aterpetxeak izango dituzte ostatu; beste hainbatek aldiz, elikagai bankuetara joko dute etxeko despentsari armiarma sareak kentzea lortuz egun batzuez bada ere.
Halere, aurretik aipaturiko guztiaren gaineko gogoeta soilik Gabon garaian egiten dugula iruditzen zait askotan. Gutxien duten horienganako azaleko enpatia batek barrua hartuko baligu bezala, eta urteko gainerako egunetan apatiko huts edota berekoi xamarrak garenaren beldurra handitzen joaten zait urterik urte.
Eta behin baino gehiagotan erran diot nire buruari datorren urtean desberdin jokatuko dudala. Eta ahaztu egiten zait, beste hainbat promesek egunetik egunera hegan egiten didaten moduan. Eta atsekabetu egiten naiz neure buruarekin zintzo jokatzen ez dakidala konturatzen naizenean, baina Gabonak iritsiko dira berriz ere, eta gomuta bera burutuko dut kaletik noala eskean ikusten dudan gizonari begiratzen diodanean.
Ez dut zin egingo; ez dut esango urte berriarekin pertsona hobea bilakatuko naizenik, hitzak haizeak eramaten dituelako maiz. Ekintzara igarotzeko ordua da, biharko egunari itxaron beharrean.