559 Zenbakia 2010-12-17 / 2010-12-24

Gaiak

Espazioa izendatzen: nihil novum sub sole

SALABERRIA, Urkiri



Una obra de arte es un tema con estructura

Oteiza

Ermañamendiko larretan, buruz gora, Perseida iheslari bila nabil izarrez blai oskarbian. Ilargiaren zilarrezko izpiek Adarra eta Aiako Harriak marrazten dizkidate Amalurraren mugarrian.

Une honetan, milaka urte lehenago toki berean nire bilakaeran aritu zena, nire baitan somatzen dut.

Egunsentian bilakaeraren esanahia argitu zen nire begietan: nihil novum sub sole.

Ikerketaren lurraldea ezagutzaren sutondokoa bezalakoa da, belaunaldi-arteko bidegurutzea, non ogibideak, teknikak, ikurrak, eragiteak... batzen diren, kultura, metodologia edo diziplinen ezberdintasunak gainditzen dira.

Garai batean gertatzen zen bezala, mahai inguruan otordutan batzen ziren sendiak edo suaren inguruan batzen zen tribuak sortzen zituen hartu-emanak lantzen dira espazio honetan. Bakoitzak bere ezberdintasuna batzen zuen arazoen konponketarako. Bakoitzak bere ezberdintasunetik, bere errealitatetik onartzeko, ulertzeko eta bestearekiko identifikazioa lortzeko gaitasuna zeukan, guztiok jaki eta espazio-denbora bera partekatzen zuten eta.

Baina, dirudienez, bizi dugun garaietan otorduak bi txandetan egiten dira: Teknozientifikoa eta Humanistikoa. Eta horrela, batzuetan, teknozientzia eta humanitateen artean batuezineko jarrerak sortzen dira.

Argazkia: sergis blog.

Agian horregatik sortzen da Brockmani zeritzon “hirugarren kultura”, ezagutzaren linboetan sortu ditugun hesiak apurtzeko kapaza dena. Tamalez batera biltzeko ahaleginak bazterrekoak dira oraindik, nahiz eta aldeanitzeko eta diziplinanitzeko beharrak izan egungo ezagutzaren edozein arloko ikerketa garatu ahal izateko. Ezagutza zientifikoaren teoriak ikerketarako ardatz nagusia eta eztabaidaezina hartu du, azken finean, arlo horretatik lortu izan da hegazkinak hegan egin ahal izatea. Eta beraien filtroetatik, filtro tekniko-logikoak, pasatzen dira gizakiaren esperientzia guztiak, egungoak eta iraganekoak.

Ez bada garatzen benetako artikulazioa diziplinen artean, konputatzea (kontuan hartzea) kontatzea bihur daiteke eta kultur ondarea ogasun kulturala. Baina utz dezagun gai hori beste artikulu baterako.

Horregatik, gaur egun, beharrezkoa dugu ikerketarako espazioa izendatzea, ez sortzea. Espazioak ez direlako ez sortzen ez deuseztatzen... eraldatu baizik. Eta eraldatzeko modua berrizendatzea da: Izena duen guztia omen da.

Horregatik diziplina bateratasunerako proposamenak beharrezkoak dira, hiztegiak, denbora eta sinergietan oinarriturik espazioak garatu: Espazio dinamikoa, laberintikoa eta aldakorra, mugarik gabeko espazioa baina diziplinen arteko ertzak duena, inter-multi-trans-meta-ultradisziplinarra, garatzen eta birgaratzen den espazioa... Ikerketarako espazioa, aztergaia egituraz.