556 Zenbakia 2010-11-26 / 2010-12-03

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ibilaldiak Euskal Herritik (LVII): Oñatira bidean

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Gauza eder ugari topatuko ditugu Oñatira egingo dugun bisitaldi honetan. Historia ugariz zipriztindua, aro ezberdinen testigantzak jasotzen dituzten altxorrez beterik dago udalerria. Gipuzkoatik at

Mendeak atzera egin eta XII. mendeko agiri batzuek Oñatiren aurreneko datuak eskaintzen dituzten arren –San Migel monasterioaren harira–, herriaren inguruetan Brontze Aroko dolmen, tumulu eta menhirrak ere egon badaude.

Egun Gipuzkoaren parte bada ere, Oñatik bere bidea jarraitu zuen 1845. urtera arte jaurerri eta konderri moduan. Leinu ezberdinak bizi ziren Aloña eta Aizkorri mendien magalean dagoen herrian, baina Gebara sendia zen batez ere nagusitasuna izan zuena; honek, Iruñeko koroari fideltasuna erakutsi zion. Horrek zenbait pribilegio edukitzea ekarri zien, zela zergak kobratzekoa, edota Zubillagako burdinolen jabetza, besteen artean.

Halere, herritar ugarik ez zuten babesten familia hau eta mendetan beraien menpetik askatu guran aritu ziren borrokan; batzuetan indarra baliatuz, bestetan aldiz, legeen bideari jarraituz. Mende guzti horietan, jauntxo eta konde ezberdinak ezagutu zituzten oñatiarrek, Pedro Velez Gebarakoa –Arrasateren erreketaren erantzulea– edota Iñigo Velez Gebarakoa, esate baterako. Monumentuak bisitatzera

Oñati herri ederra da, eta bisitariari eskaintza zabala luzatzen dio, arkitekturari dagokionez; ondorioz, tartetxo bat ateratzea funtsezkoa da gure bisitaldiaz osotasunean gozatzeko. Aukera on bat izan daiteke, adibidez, Turismo Bulegoak eskaintzen dituen bisita gidatu ezberdinei probetxua ateratzea. Baina guk ohi dugun bezala, udalerriaren altxorrei buruzko apuntetxo batzuk jasoko ditugu segidan.

Nondik hasi ez badakigu, San Migel elizara gerturatuz ekin dezakegu osteratxoa; 1305ean nabe bakarreko eraikina altxatu zuten, Errosariokoa moduan ezagutzen dena. Halere, egungo itxura beranduxeago hartu zuen, XV eta XVI. mendeetan beste atal batzuk gehitu baitzizkioten, klaustroa esaterako. Hala, estilo nahasketak nagusitzen dira bertan aurkituko ditugun xehetasunetan: gotikoa, flamigeroa, errenazentista, barrokoa... Gainera, Pedro de Gebararen hilobia ere aurkituko dugu, alabastroz egina dagoena.

Parrokiaren parean aldiz, Sancti Spiritus unibertsitatea zain izango dugu. Rodrigo Mercado de Zuazolak XVI. mendean (1534) bere pasioa zen letren mundu akademikoa eraman gura izan zuen herrira, eta bere poltsikotik ordaindu zuen fakultate honen eraikuntza; denbora luzean egon zen martxan (1542–1901era bitartean).

Atariak berak bisitariaren arreta bereganatzen du. Eraikin guztiko apaingarrietan gai mitologikoak eta erlijiosoak ikusiko ditugu batez ere. Unibertsitateak klaustro bat dauka, eta haren erdian 1995ean Jorge Oteiza eta Jose Luis Pequeño artistek buruturiko Lurra eta ilargi eskultura ikusiko dugu. Horrez gainera, barrualdean sabai eder askoak aurkituko ditugu, kasetoidura mudejarrak dituztenak, hain zuzen.

Oñatik beste hainbat eraikin eskaintzen digunez gero, aurrera jarraituko dugu gure zertzeladekin. Besteen artean, Bidaurretako monasterioa ikustera joan gaitezke, XVI. mendeko eraikina, Juan Lopez de Lazarraga eta Juana de Ganboak euren hilobiak kokatzeko pentsatutako tokia.

Berrehun metro ingurura, Erdi Aroko Olakua Dorretxea ikus dezakegu. Beste dorre batzuk ere baditugu Oñatin, Zumeltzegi (XIII), Lazarraga, Urain... Foruen enparantzan joanez gero berriz, 1780an altxatutako udaletxea dago. Hortik gertu, Santa Marina enparantzan, estilo barrokoko Madinabeitia eta Barruena etxeak begiztatuko ditugu.

Beti diogun bezala, hauek Oñati apur bat gehiago ezagutzeko ohartxoak besterik ez dira izan. Hurrengo batean inguruneak ezagutzeko osteratxoa prestatuko dugu.

Orain arteko ibilaldiak: :: Bizkaia :: Nafarroa :: Gipuzkoa :: Ipar Euskal Herria :: Araba :: Nazioartea Ibilaldiren bat proposatu nahi al duzu? Bidali iezaguzu helbide honetara: gaztea@euskonews.com