553 Zenbakia 2010-11-05 / 2010-11-12

Euskonews Gaztea

Gaiak: Garrantzia gutxiago itxurari, arren

GALDOS, Aintzane



Nahikoa egiten al da pertsona osasuntsuak izan gaitezen? Behar adina bultzatzen al dira usadio osasungarriak, edota urrats bat haratago joan gintezke? Argazkia: malias

Gai hauen gaineko kezka piztu zitzaidan duela denbora gutxi nire inguruko batek daukan arazoa ezagutu eta gero. Egia da ongi jatearen gaineko geroz eta informazio gehiago jasotzen dugula –normalean, bai etxean eta baita ikastolan txikiak garenetik; baita ohitura osasungarrien gaineko irizpideak ere. Badakigu ez dela komenigarria litxarreriak egunero jatea; edota kirola egitea bikaina dela; edota erretzeak kalte itzelak eragin ditzakeela epe ertain luzera eta berdin alkoholarekin; eta abar, eta abar, eta abar.

Ez gara inozoak, eta jakin badakizkigu oinarrizko kontuak. Orduan, zein da arazoa? Ezen gizarte moderno honetan ez dira gutxi jendeak pairatzen dituen gaitzak, eta beldurgarria dela iruditzen zait, 15 urte eduki edota 30, edozeini gerta baitakioke halako gaixotasuna sufritzea. Gaitzen zerrenda luzea

Anorexia edo bulimia medikuntza arloak aspaldi diagnostikatu zituen elikadura desorekak dira. Aurrenekoari buruz, gizentzeko beldurra izaten da nagusi, hala, ahalik eta pisu gutxien izatea dute xede gaixotasuna pairatzen dutenak, eta nahiz eta oso argal egon, distortsionatuta ikusten duten euren burua. Bulimiaren kasuan berriz, baraualdiaz gain, noizean behin kontrol gabeko betekadak eman eta ondoren konpondu nahian–edo, oka egiteko joeran oinarritzen da gaitza. Argazkia: wheat_in_your_hair

Baina egun badira bestelako desorekak ere. Bigorexia moduan ezagutzen denak, gorputz gihartsua edukitzeko obsesioa adierazten du, eta hau jasaten dutenek sekula ez dute nahikoa euren gorputzarekin. Bestalde, geroz eta gehiago dira jaki osasungarriak bakarrik jatearen obsesioa daukatenak; edo ahalik eta gorputz ederrena dutenen itsumena, eta abar.

Makina bat izan daitezke gaitz hauek pairatzearen arrazoiak, norberaren burua bakarra da, eta edozeini gerta dakioke zirkuitulabur bat izan eta batean edo bestean erortzea. Halere, denborarekin argi geratu da komunikabideek–eta gizartean duten eragina handia dela; eta oraindik ere, norberaren itxura fisikoari larregizko garrantzia ematen zaiola.

Horren adibide ugarirekin egiten dugu topo egunero: haur eta gazteei zuzendutako telesailek proiektatzen duten irudiarekin mezu arriskutsua helarazten zaie askotan. Gaur egun oraindik moda munduan ibiltokietara igotzeko ateak ixten zaizkie muturreko argaltasuna barik, gorpuzkera normala dutenei, salbuespen gutxi batzuk aparte. Albistegiak aurkezten dituzten emakumeen portzentaje altuak eder eta argala izaten jarraitzen du...

Hamar urte pasatu dira XXI mendean sartu ginenetik eta ziurrenik, etorkizunak ezusteko ugari ekarriko dizkigu. Bakoitzaren ahaleginarekin, gizarte osasuntsua lortzeko urratsak ematea, eta itxurak gaur egun daukan garrantzia galtzen joango denaren esperantza bizirik mantentzen dut, maite ditugun horiek inoiz ez dezaten bere buruaren kontrako gerra bat hasi.