552 Zenbakia 2010-10-29 / 2010-11-05

Euskonews Gaztea

Gaiak: Zelten usadioa, egun zabaldua (edo mozorroen gaua)

BEREZIARTUA, Loren



Banpiroak, zonbiak, kalabazak... Zomorro eta mozorroak areagotzen diren garaia iritsi da beste behin ere; urriaren 31ko gauak magia kutsua ekartzen du urtero berarekin. Beldurra, festa, tradizioa.

Batzuen ustez jai amerikarra dena –arrazoi punturik ez zaie falta, hauek hedatu baitute munduan zehar–, berez, antzinatasun handiko ohitura dugu, zelten garaiko usadioetan baititu erroak. Hain zuzen ere, kultura hartako Sahmain –uda amaiera– urriaren 31n izaten zen eta orduko pentsamoldearen arabera, hildakoen eta bizidunen munduak elkartu egiten ziren gau horretan eta ate bat irekitzen zen, espirituek aspaldi utzitako lekuetara itzultzeko baliatzen zutena. Argazkia: FreeCat

Garai hartatik omen dator bestalde, film amerikarretan ikusten diren etxe apainduen tradizioa, hain zuzen ere, zeltek hezurrekin–eta dekoratzen zituzten beraien bizilekuak, espirituak izutzeko asmoz. Baita trick or treat delakoa; hau da, zerbait ematea edo txantxa jasotzea ordainetan.

Irlandarrek eraman bide zuten XIX. mendean ohitura AEB aldera, nahiz eta beranduxeago, XX. mendearen hasieran hasi ziren masiboki ospatzen; eta ez da harritzekoa daukaten zinema eta telesail industria indartsuari esker, Halloween delakoa mundu osora esportatu izana.

Geurean ere, eta kristautasunaren eraginez, azaroaren 1ak aparteko esanahia eduki du –eta oraindik batzuentzat halaxe da–, hildakoak gogorarazteko data berezia izan baita tradizionalki. Egia da gaur egun gehienentzat adiera berezirik ez daukala dagoeneko –ez paganoa, ezta kristaua ere– baina ohikoak bilakatzen ari dira herri ezberdinetan mozorro gauak. Esate baterako, Mutriku aldean aspaldi ospatzen zuten Arima Guztien eguna –erlijioarekin lotura handikoa– eta 1996tik berriz, Gaba Beltza izan ohi da hitzordu berezia kostaldeko herrian eta aspaldiko ohiturak berreskuratzea izan da xede nagusia.

Festa hau hedatu egin dela ukaezina da, eta askok ez dute gustuko. Amerikartzearen kontrako ahotsa sarri entzuten dugu, elizak ere bere iritzia plazaratzen du... Bakoitzak ikusiko du zein esanahi eman gau magikoari, ospatu ala ez. Baina dibertitzeko aitzakia polita ere izan daiteke, hildako–bizidunak gustuko badituzu, noski.