548 Zenbakia 2010-10-01 / 2010-10-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: Oihane Gutierrez, saskibaloi epailea

BELTRÁN DE OTÁLORA, Nora

Gasteiko OLABIDE Ikastolako ikaslea



Gaur Oihane Gutierrez elkarrizketatuko dugu. Izan ere, 17 urteko gazte gasteiztar hau Arabako saskibaloiko epaileen artean neska bakarra da.

Zenbat urterekin sartu zinen epaileen munduan?

Hamasei urte nituenean eman nuen nire lehenengo saltoa jokalekura. Egia esan, jendeari oso bitxia iruditu zitzaion ni bezalako neska gazte bat mutilen mundutzat daukagun arlo honetan sartzea.

Eta zerk bultzatu zintuen epaile izatera?

Saskibaloia izugarri gustuko dudan kirola da eta jokatzeaz aparte, kirol honetan oinarrituta beste gauzaren bat egitea bururatu zitzaidan. Hasieran, saskibaloiko mahaiko ohar–hartzailea izatea nahi nuen baina ondo pentsatu ondoren, jokalekua aukeratu nuen. Hain zuzen ere, jokalariak alde batera utzita, epaileak dira partidu batetan garrantzi handiena dutenak; beraz, era horretan saskibaloia gehiago gozatuko nuela iruditu zitzaidan. Horrela hasi nintzen epaile izaten.

Oso interesgarria benetan. Esan duzunaren arabera saskibaloian jokalari moduan aritzen zara ere. Zenbat urterekin hasi zinen?

Onartu behar dut nahiko berandu hasi nintzela saskibaloian jokatzen. Dena den, kirol honetan hasi baino lehen gimnasia erritmikoan jarduten nuen. Hamabi urterekin alde batera utzi eta saskibaloian jokatzeari ekin nion.

Eta nolatan eman zenuen horrelako aldaketa? Arazoren bat izan zenuen gimnasia erritmikoan?

Ez, ez. Ez nuen inolako arazorik eduki baina kirol horretaz nahiko aspertuta nengoen. Izan ere, sei urte nituenetik egiten nuen gimnasia eta egia esan, nire adinekoen artean onenetarikoa nintzen (irribarrea ahoan...). Baina mundu horretan aritzeko kemen handia behar da. Dakizuenez, profesionala izatea oso zaila da eta beraz, ordu asko eman behar dira. Horregatik, egunero hiru ordu entrenatzeko unea heldu zen eta ni ez nengoen horretarako prest, beste gauza batzuk ere egin behar nituen eta. Hori dela eta, nire lehengusin zaharrak bera entrenatzaile moduan aritzen zen saskibaloiko taldean sartzeko proposatu zidan. Ideia ona iruditu zitzaidan eta horretara ekin nion.

Esanak esan lau urte daramatzazu saskibaloian.

Saskibaloian jokatzen hasi nintzen unetik, Abaroa klubeko jokalaria naiz. Gaur egun, Araba mailan indar handien duen kluba da eta bertan aritzen dira probintziako neska hoberenak.

Zure taldearekin sariren bat lortu duzu?

Bai, aurreko hiru urteetan Araban lehenak gelditu gara. Hori dela eta, Euskadi mailan jokatu dugu eta beti lehenengo postuetan ibili gara.

Suposatzen dut momentu oso onak igaro izan dituzula kirol honetan. Baina zein izan da hoberena?

Oro har denak izan dira oso onak. Aukeratzekotan, Arabako selekzioan lehenengo aldiz jokatzeko aukeratu nindutenean hautatuko nuke. Izugarrizko ilusioa egin zidan. Izan ere, nire lehenengo urtea zen eta Arabako 12 jokalari hoberenen artean nengoen. Horrek meritua zuen! Argazkia: Håkan Dahlström

Jokalari gaia alde batera utzi eta bueltatu gaitezen epaileen mundura. Denbora asko igaro zenuen epaile titulua ateratzen?

Hamar hilabetetan zehar, ikastaro batzuk egin behar izan nituen ostiralero. Bertan bi ordu igarotzen nituen eta eskolako klaseak ziruditen, hau da, ikasi eta ikasi aritzen nintzen. Esan beharra dago, titulua lortzea ez dela oso zaila baina bi faktore kontutan izan behar dituzula; batetik, saskibaloian aditua izan behar zara eta bestetik, saskibaloia maitatu behar duzu.

Epaile bezala estreinatu zinen lehenengo aldian laguntzarik jaso al zenuen?

Bai, jende asko nuen niri begira, hau da, lana nola egiten nuen begiratzen zuten; hutsarteetan gaizki egiten nuena esaten zidaten laguntza emanez. Bost partidutan zehar egon ginen horrela eta benetan lagungarria suertatu zitzaidan.

Eta ze kategorietan jarduten duzu epaile moduan?

Batez ere kadeteak eta juniorrak arbitratzen ditut, hots, nire adinekoak edota urte bat gazteagoak. Hala eta guztiz ere, senior partiduetan ere aritzen naiz; hori bai, kategoria altu horretan bakarrik emakumezko partiduetan.

Eta ez zaitu kezkatzen irainak jasotzea edota jarrera bortitzak ikusteak?

Onartu behar dut, lehenengo partiduetan irainak jaso ostean etxera hunkituta bueltatzen nintzela. Baina denbora igaro ahala, horretara ohitu egin naiz jendearen jarrera penagarriei eta baita kexei ere.

Zerk eragiten dizu aurrera jarraitzeak?

Niretzat garrantzitsuena jendearengandik jasotako babesa da. Horrek aurrera jarraitzeko indarra ematen dit.

Zure ustez nola izan beharko luke epaile batek?

Ausarta izatea funtsezkoa da. Are gehiago, jendearen kritikei aurre egiteko eta erantzukizuna hartzeko prest egon behar da. Bestalde, besteen begirunea lortu behar du. Horretarako, ikaragarrizko konfiantza izan behar du bere buruan, kontrolatzen eta egoerei aurre egiten jakin behar du. Dudarik gabe, epaile ona partidua bere irizpidearekin, hau da, hasitako ideiarekin bukatzen duena da.

Ba al dago desberdintasunik jokalari moduan edo epaile moduan aritzeko momentuan?

Noski baietz! Jokatzen ari zarenean, zure entrenatzailearen edota taldeko kideen berma duzula sentitzen duzu; epaile bezala aritzen zarenean, berriz, bakarrik zaude eta neutrala izan behar zara, zure irizpideak defendatuz.

Ba al duzu helbururik epaile bezala?

Oraingoz ez dut helburu zehatzik. Egia da maila goreneko kategorietan arbitratzea gustatuko zitzaidala, baina hori ia ezinezko da; beraz, ez dut uste lortuko dudanik. Hori bai, saiatu, saiatuko naiz!

Mezuren bat al duzu saskibaloia gustuko duten neskentzat?

Lehenik, saskibaloi talde batetan jokatzeaz gain, honekin lotura duen ekintza batetan aritzera gonbidatzen ditut, bai entrenatzaile edota epaile bezala jardutera, esaterako. Izan ere, saskibaloia ikuspegi desberdinetatik ikusteko balio du.

Zer esanik ez, nik epaile izatera animatzen ditut gaur egungo emakumeak, esparru horretan etorkizuna dugula uste dut eta; eta horretarako, saskibaloia maitatu eta konpromisoa hartzea besterik ez dute egin behar. Izan ere, jendearen laguntzaz beste guztia erraz egiten da.

Egia da neska asko mundu honetan sartzeko beldur direla, gizonen mundutzat hartzen dutelako. Hori niri gertatzen zitzaidan hasi baino lehen; baina ohartu nintzen ez zela horrela.

Mila esker gure galderak erantzuten onartzeagatik. Espero dut saskibaloia munduan urte asko igarotzea, ikusi dudanez hori gustuko duzu eta. Bestalde, zortea opa dizut bai jokalari eta epaile moduan. Ea urte batzuetan ABC partiduak arbitratzen ikusten zaitudan Oihane!!!