548 Zenbakia 2010-10-01 / 2010-10-08

Euskonews Gaztea

Gaiak: Martin Ugalde

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Euskalgintzaren arloan ezaguna dugu Martin Ugalde. Kazetaria, idazlea, abertzalea eta batez ere, euskaltzalea izan zen gipuzkoarra.

Andoainen jaio zen Martin Ugalde Orradre 1921ko azaroaren 11n. Ikasketak herriko eskola publikoan burutu zituen aurrena eta La Salleko ikastetxera joan zen ondoren. Martinen amak etxean egiten zuen lan, eta aita berriz, tailer batean aritzeaz gain, EAJk zinegotzia zen udaletxean. Etxean bizi izan zuten abertzaletasunaren ondorioz, 1936an gerra zibila hastearekin batera, herritik kanpora joan behar izan zuen familiak: Hernani, Donostia, Zumaia, Mundaka, Bilbo, Asturias, Bartzelona eta Frantzia izan zuten jomuga. Baina zoritxarrez, familiak ezin izan zuen batera iraun; hala, anaia txikia Errusiara bidalia izan zen, aita hor zehar zebilen, eta Martin eta ama, Frantzian. Ezkerretik eskuinera, Agustín Zubicaray, Bernardo Estornés Lasa eta Martin Ugalde.

Sakabanaketa hark eraginda hazi zen Martin; Frantzian zegoela, gainera, ama Bartzelonara joan eta aitarekin elkartu zen. Ugalde gaztea, Ipar Euskal Herrira joan eta Eusko Jaurlaritzaren kolonietan esku hartu zuen, 1938–39an Donibane Garazin lehenengo, eta Donibane Lohitzunen ondoren, 1939an. Halere, Mundu Gerla hasi eta kolonien amaiera izan zen; hala, bakarrik aurkitu zen giro hartan, eta hori gutxi balitz, 1940ako maiatzean frantsesek Gurseko kontzentrazio eremura eraman zuten eta hilabete eta erdiko egonaldi egin zuen bertan gatibu.

Andoainera itzuli zen orduan, kontrolpean –ezin baitzen herritik atera– lanean aritu zen harik eta 1942an Tetuanera bidali zuten soldaduska egiteko. Itzuleran, bizimodu berri bati ekin eta 1946–1947 urteetan, Diario Vascon herriko kronikak idazten hasi zen. Halere, familiarekin batzeko irrikak bultzatuta, Venezuela aldera egin zuen amarekin 1947ko urriaren 12an. Caracasen, burdin eta gailu elektrikoak saltzen aritu zen herriz herri eta ostean, General Motors enpresan lan finkoa aurkitu zuen.

Baina hori ez zen benetan egin gura zuena; hain zuzen ere, idazteko pasioa zeukan gazte hark, lana utzi eta free–lance moduan hasi zen Elite astekarian. Venezuela aldean eginiko 22 urteetan, besteen artean Nosotros eta El Farol aldizkariak ere gidatu zituen. Amerikako Estatu Batuetan ere egon zen Martin; 1952an ingelesa ikastera abiatu zen eta New Yorkeko unibertsitatean literatur ikastaroak ere burutu zituen. Hirurogeiko hamarkadan itzuli zen bigarrenez AEBra, eta Evanstonen kazetaritza ikasi zuen, bi titulu lortuz: Bachelor of Science of Journalism (1961) eta Master of Science of Journalism (1962).

Venezuelan eginiko denboraldian gaztelania baliatu zuen idazteko eta komunikatzeko andoaindarrak. Ez zen arrotz sentitzen lurralde hartan, eta bere bigarren aberritzat hartu zuen; horren erakusgarri dugu Venezuelako nazionalitatea eskuratu izana. Baina Euskal Herrira begira ipini zen garaia iritsi zen; euskal prentsan idazteari ekin zion eta gainera, Venezuelan bertan, euskarazko ipuin batzuk idatzi zituen, bere haurrak hizkuntza horretan heztea gura baitzuen. Argazkia: Arantza Cuesta Ezeiza.

Euskal Herrira itzuli ziren 1967an eta familia Irunen finkatu zen arren, Martin bertan bizitzeko baimen bila zebilen eta azkenean 1969an elkartu zen emazte eta seme–alabekin, Hondarribian. Venezuelan zuen guztia uztearen arrazoi nagusia, euskaltzaletasuna izan zen, eta horri landuz ekin zion aro berriari; EAJren aldizkari klandestinoaren zuzendaria izan zen 1970tik 1975era.

Tarte horretan, estatutik bidali zuten (1973) eta Donibane Lohizunera igaro zen bizitzera Ugalde harik eta 1976an bueltatzeko aukera izan zuenera arte. Franko hil osteko giroan, Eusko Jaurlaritzan Eusko Kontseilu Nagusiaren buletinak euskaraz ematen jardun zuen (1979), eta 1983an berriz, Kultura Saileko Euskarazko Arazoetarako zuzendaritzan sartu zen.

Ez zituen kazetari lanak baztertu, eta Argia, Diario Vasco, Deia eta beste zenbait publikazio izan zituen bere hitzen plataforma. Halere, beti eduki zuen Martinek euskara hutsezko egitasmo bat aurrera eramateko asmoa, eta 1990ean Euskaldunon Egunkariaren sorrerarekin errealitate bihurtu zuen ametsa. Administrazio Kontseiluko lehendakaria izan zen bederatzi urtez, eta ondoren, Ohorezko Lehendakaria.

Bere sormen lanei dagokienez, aipatu behar da gipuzkoarrak genero ugari landu zituela. Hala, ehunka prentsa artikulu eta erreportajeez gain, ipuinak ere idatzi zituen. Askoren artean, Un real sueño sobre un andamio (1957), La semilla vieja (1958), Iltzailleak (1961), Sorgiñaren urrea(1966), Itsasoa ur–bazter luzea da (1973), Cuentos de imigrantes (1979), Mantal urdina (1984), Mugarri galduen itsumundua (1985), Bihotza golkoan (1990), Erretiradako trena (1997).

Eleberriei dagokienez, Ls brujas de Sorjin (1975), Itzulera baten historia (1990), Pedrotxo (1995), Mohamed eta parroko gorria (2000). Antzerki arloan, Ama gaxo dago (1964) eta Gurpegin aspaldi gertatua (1965).

Historialari gisa berriz, Síntesis de la historia del País Vasco (1974), Historias de Euskadi (1981), Biografía de tres figuras nacionales vascas: Arana–Goiri, Agirre, Leizaola (1984), Manuel de Irujo, un hombre leal a su tiempo (1992) edota Nueva síntesis de la historia del País Vasco (1997). Eta saiakera ere landu zuen, Unamuno y el vascuence: contra–ensayo (1966), El problema vasco y su profunda raíz político–cultural (1980).

Ezin zitekeen halako lan eskerga aintzatetsi gabe utzi. Besteen artean, Jon Mirande nobela saria eman zioten 1990an Itzulera baten historia liburuagatik; 1993an berriz, Pedrotxorekin Euskaltzaindiak ematen duen Txomin Agirre saria eskuratu zuen. Korrikaren zortzigarren edizioak omendu egin zuen 1993an; urte berean, Euskaltzain urgazle izendatu zuten; 1995ean, Euskal Idazleen Elkarteko ohorezko bazkide; 1997an, Andoaingo Seme Kutun bilakatu zen eta urte hartan bertan, Rikardo Arregi Kazetaritza Sarietan Ohorezko Aipamena egin zioten; 1999an Honoris Causa doktore izendatu zuen EHUk; 2000an Andoaingo Kultur Parkeari bere izena eman zioten.

Laurogeita hiru urte betetzeko hilabete pasatxo geratzen zitzaiola hil zen 2004ko urriaren 4an Martin Ugalde. Euskal Herriaren eta kulturaren alde horrenbeste lan egin zuen gizonak ezabatu ezinezko lorratza utzi du gure historian.