Euskonews Gaztea
Gaiak: Juan Jose eta Fausto Fermin Elhuyar Lubice
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Nori ez zaio ezagun egiten Elhuyar abizena? Wolframioaren aurkikuntzagatik ospetsu bihurtu ziren bi anaiei buruz arituko gara segidan. Juan Jose, anaiarik zaharrena.
Gurasoak lapurtarrak ziren; aita, zientzia gizona zen eta zirujau moduan egiten zuen lan. Bilbo eta Logroñon aritu zen beharrean, eta azken hiri horretan jaio ziren bi anaiak. Juan Jose –zaharrena–, 1754eko ekainaren 15ean munduratu zen; Fausto Fermin aldiz, 1755eko urtarrilaren 11n.
Nahikoa bizimodu paraleloa eraman zutela esan daiteke, aurreneko urteetan gutxienez. Gurasoen ekimenez, Paris aldera bidaiatu zuten gaztetan; 1772tik antzina, bertako Erret–Eskolan kimika eta fisika ezagutzak bereganatu zituzten, nahiz eta aitaren hasierako asmoa, bera bezala, semeak mediku izatea zen. Europa erdialdetik ere bidaiatu zuten teknika metalurgikoak eskuratuz.
Baina bi anaiek Goi Mailako ikasketak egiten jarraitzeko laguntza behar zuten garaia iritsi zen eta Espainiako Gorteetara jo zuten. Sasoi hartan, Euskalerriaren Adiskideen Elkartearekin tratuan zebilen Itsasoko Ministerioa, hain zuzen, zientzia eta teknologia arloan elkarlana aurkitu asmoz. Bi aldeek zerbait bilatu zuten, batak garapen zientifiko eta tekniko plan bat aurrera ateratzea –Bergarako Metalurgia Erret Eskola eta Laboratorium Chemicumen sorrera– eta Gorteek berriz, Eskoziako enpresa bat zelatatzea.
Helburua lortzeko, anaiarik zaharrenak Suedia eta Alemaniara bidaiatzeko proposamena jaso zuen instituzioetatik eta bertan espioitza lanak burutu behar zituen diru–truke; halere, beste ezinegon batzuk zituen eta Suediako Uppsalako Unibertsitatean kimika ezagutzetan sakondu zuen, besteen artean. Halaber, Faustok Bergaran mineralogian irakasle izateko katedra eskuratu zuen. Elhuyar gazteenak 1785. urtera arte eman zituen eskolak, tartean baliabide teknikorik modernoenekin lan egiteko parada izan zuelarik. Fausto, gazteena.
Bi anaiek bat egin zuten berriz ere 1782. urtean Bergaran, eta Laboratorium Chemicum delakoan sartuta, bien esperientziak uztartuz, 1783an ezagutzera eman zuten aurkikuntza burutu zuten. Hain zuzen ere, wolframioa isolatzea lortu zuten. Albisteak sona eduki zuen, eta beraien izenak ospetsu bilakatzen hasi ziren.
Patuak beste abentura batzuk ekarri zizkien Elhuyar anaiei baina. Juan Joseren kasuan, bere zerbitzuak gehiago behar ez zituztela eta, Bogota aldera bidali zuen Indietako Ministerioak 1784an eta batez ere geografia eta geologia ikerketak burutu zituen Amerika alde horietan, harik eta 1796ko irailaren 21ean hil zen arte.
Faustoren kasuari dagokionez berriz, Hungaria eta Austria bidali zuten aurrena, baina ez zuen askorik iraun. Mexikoko Meatzetako zuzendari nagusi izatea eskaini zioten, eta bertara egin zuen, interesgarriagoa baitzitzaion proposamena. Hogeita hamahiru urtetan zehar gauza ugari egin zituen bertan, hala nola, herrialdeko Erret Mintegia antolatzea, 1792an. Europara bueltan, Madrilen kokatu zuen bizitokia, eta bertako Meatze Eskola fundatu zuen. Hirian hil zen 1833ko urtarrilaren 6an.
Mineralek eta kimikak erakarritako zientzialariek pasioz lan egin eta hogeita hamar urte eskas zituztela euren izenak historian idatzi zituzten betiko.