Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Miren Arrizabalaga. (Ginekologoa): Abortatzea ez da momentuan egin eta ahazten den zerbait
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Testua eta argazkiak
Diotenez udan gazteen artean harreman sexualek gora egiten omen dute...
Bai, eta normala dela esango nuke. Udan erlazio berriak sortzen dira, eta nahiz eta gazteek urtean zehar ere edukitzen dituzten harremanak, urtaro honek beste zerbait sortzen du, beste giro batetan daude, erlaxatuago oporretan daudelako eta abar, eta momentu ona izaten da.
Halere, oraindik maiz etortzen zaizkigu neska–mutilak infekzioren bat hartuta, edota hardun geratu direla esanez. Esan genezake nahiz eta gaixotasun eta haurdunaldien gainean gaur egun daukaten besteko informaziorik egon ez den, oraindik ere arazoek hor jarraitzen dutela presente, zoritxarrez.
Zein garrantzitsua den informatuta egotea, ezta?
Zalantzarik ez! Guk ez dugu esaten ez dezatenik harremanik eduki, baina behintzat, zerbait egin aurretik burua erabiltzeko. Gainera, edozein zalantza izanez gero erantzuna jasoko dute dela anbulatorioan, familia planifikazioko zentroetan, sexologia bulegoetan...
Hitz egin dezagun orduan, prebentzio moduez.
Esparru horri dagokionez, aukera askori buruz hitz egin beharko dugu, eta ez dira berriak! Hasteko, kondoia edo preserbatiboa daukagu, behar–beharrezkoa, ezen metodo hau da harreman sexualetan infekziorik ez harrapatzeko daukagun modu bakarra. Esate baterako, bikotekide finkorik ez dagoenean eta harreman batetik bestera joatean, ezinbestean erabili beharko litzateke, zalantzarik gabe. Baina ez da kasu bakarra, ez baitago inoiz tokiz kanpo! Hau da, zuk zer egin duzun badakizu, baina ziur al zaude %100an bikoteak zer egiten duen, zenbat bikote izan dituen edota infekziorik ote daukan?
Bestaldetik, urte mordoa daramatza kalean emakumeentzako preserbatiboak baina oso arrakasta gutxi eduki du; mutilena finagoa da, ipintzeko errazagoa da...
Eta haurdunaldia saihesteko, hormonak hartzeko aukera ere badago, eraginkortasun handiagoa du. Baina gogoratu behar dugu horrek ez duela kutsaduratatik babesten. Honen gainean, urteekin asko aurreratu dela esan behar dugu. Hau da, aurreneko antikontzeptiboak agertu zirenean oso dosi altukoak ziren, eta oso eraginkorrak izan arren, albo–ondorio bat baino gehiago ekartzen zizkien zenbait emakumeri: buruko minak, gizentzea... Orain dosia minimoa da, eta oso ondo toleratzen dira.
Pentsatu hardun geratu eta aurrera egin nahi ez duen 16 urteko gaztea naizela.
Kasu horretan bi aukera egongo lirateke. Babesik erabili ez, edota erabili arren sistemak kale egin badigu hurrengo eguneko pilula hartu dezakegu, izenak dioen bezala, erlazioak izan eta hurrengo egunean. Gaur egun ez da errezetarik behar, farmaziara joan eta eskatzearekin nahikoa litzateke. Eta egoera luzatu eta haurdun gaudela ohartu bagara, abortatzeko aukera dugu, orain lege aldaketa dela eta, 16 urtetik gorako gazte batek ez du gurasoen baimenik behar.
Gainera, azken aldian eman diren lege–aldaketak direla eta, era guztietako erreakzioak izan ditu bai batak eta bai besteak ere. Baina beno, beti egongo dira kontrako jarrerak, hori argi eta garbi!
Abortatzeko baimena ez, baina esan egin behar zaio guraso bati behintzat, ezta?
Bai. Halere, uste dut normalean egon badagoela nolabaiteko konfiantza gurasoekin gai hau tratatzeko, eta abortatu behar duenarentzako ere behar hori existitzen dela gaineratuko nuke. Hau da, egoeraren aurrean babestuta sentitzea garrantzitsua da. Gutxi dira prozesua ezkutuan eramaten dutenak.
Egia da ez garela ebakuntza batez hitz egiten ari, abortatzea askoz errazagoa den zerbait baita, baina bere arriskuak ditu. Fisikoki baino –normalean azkar errekuperatzen dira–, psikologikoki ematen dira ondorio handienak.
Horregatik azpimarratzen duzue adituok heldutasun maila bat egon behar dela?
Zalantzarik ez! Ez da momentuan egin eta ahazten den gauza bat; jendeak abortatu eta denbora bat igarota, egindako aukeraketa horri bueltak eta bueltak ematen dizkio, eta batzuek gainditzen dute eta aurrera egiteko gai dira eta besteak, aldiz, ez. Gogorra da.
Baina ezin dugu ahaztu norberaren hautua dela, eta bide hau hartzea erabaki duen neska gaztea ez genukeela epaitu behar. Guk ez dakigu zein egoeratan dagoen, zer gertatu zaion. Legea hor dago, eta behar edo nahi duenak eskura dauka, modu seguru batetan egiteko.
Kritiko ugarik diote lege berriarekin abortu gehiago emango direla, gazteek ganora barik jardungo dutela egotziz.
Nire ustez ez da horrela izango. Azken finean haurdunaldiaren etenaldia hautatzea ez da erabaki erraza, ez da hala moduz egiten den zerbait. Gainera, ez zait iruditzen hemendik aurrera kasu gehiago emango direnik. Dena den, abortatzea pentsatzen duenak aurrena emaginarengana joan behar du eta hark azalduko dio prozesua, eta izan ditzakeen bestelako zalantzak argitu.
Bestaldetik, kutsadurez hitz egin dugu lehen, eta niri IHESa etortzen zait burura.
Askoren artean dago IHESa, bai, eta eritasun gogorrenetarikoa da gainera. Urte luzeetan zehar asko eta asko hitz egin da horren inguruan, eta akaso orain gaia ez da horrenbestetan irteten medioetan eta. Gaur egun HPV (human papilomavirus) edo Giza Papilomaz hitz egiten da gehiago; eta esate baterako, umetoki–lepoko minbizia %98an birus honek sorrarazten du.
Birusa harreman sexualen bidez harrapatzen da gehienetan. Halere, maiz gripe bat moduan igarotzen dugun arren, portzentaje batean hor geratzen da, ez da sendatzen eta minbizia sorrarazi dezake. Eta gehienetan emakumeetan agertzen da –gizonezkotan garatxoak edo ateratzen dira. Badaude, emakumeei ematen zaizkien zenbait txerto, batez ere, hauek baitira gehien sufritzen dutenak.
Amaitzeko...
Gomendioak ematen hasita, edozein zalantza txiki argitzeko ezer egin aurretik. Eta hobe dela inongo dudarik gabe, preserbatiboak erabiltzea, hurrengo eguneko pilula hartzea baino. Ezen azken hau ez da antisorgailu bat eta urgentzia baterako izango beharko luke soilik. Miren Arrizabalaga (Deba) Debabarrenekoa izan arren, Debagoienako Ospitalean ?Arrasaten? egiten du lan Mirenek 2000. urtetik. Leioako EHUko kanpusean Medikuntza ikasi zuen gipuzkoarrak, eta ondoren MIR egin eta Ginekologian lizentziatu zen. Eta esparru hori da bere gogokoena, berarentzat bizitzarekin lotuta baitago zuzenean lana, gaixotasunak tratatu beharrean, haurdun dauden emakumeekin aritzea da bere lanetik gehien gustatzen zaiona.