543 Zenbakia 2010-07-30 / 2010-09-03

Gaiak

790 kilometro... eta gehiago. Done Jakueko ibiltari baten bizipenak

ORMAZABAL, Jose Angel

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA



Gogoko nuen oinez ibiltzea eta beti pentsatu izan nuen behin edo behin Bidea egingo nuela. 1993an, Bide Frantsesaren zati bat egin nuen etxekoekin, autoz. Baina abiatzeko erabakia nire lagun Jose Luisi esker hartu nuen, ekin eta ekin aritu baitzitzaidan. Arestian alargunduta nengoen, eta aurre-erretiroa hartu berri nuen. Bi arrazoi horiek ere erabakia hartzera bultzatu ninduten. 2. ‘Morroia’ eta ‘Jauna’ ikustera

2008ko maiatzean egin nuen lehen erromesaldia: Frantziako Bidea, Erronkaritik Santiagoraino, 790 km guztira. Urte berean, Iparraldeko Bidearen zati bat (Irun-Laredo) ere egin nuen. 2009ko maiatzetik uztailera bitartean, Donostiatik Fisterrara joan nintzen lehenbizi, Euskal Herriko Barnealdeko Bidetik, eta, gero, Leonera iritsi nintzen, Frantziako Bidetik. Handik, azkenik, Salbatzailearen Bideari, Jatorrizkoari eta Fisterrakoari lotu nintzaien (alegia, mila kilometro inguru). Horra zer esaten duten Asturiasen: “Santiagora joan aurretik Salbatzailea ikusten ez duenak, morroiari egiten dio gorazarre, Jauna bisitatu beharrean”. Nire azken bidaian, beste printzipio batean oinarritu naiz, estreinakoz: norberaren etxetik hasi behar dela oinez. Joan den udaberrian (2010), Kataluniako Bidearen zati bat egin nuen, Montserratetik Gareseraino. (Mapak www.gronze.com helbidean).

Beharbada, ez naiz izan oso zorrotza ibilbideak prestatzen. Gidak ez ditut ia inoiz ere erabili, bakarrik joan edo galdu naizenean izan ezik. Eroso aritu naiz, hainbat lagunek etapak eta ibilbideak aztertu dizkidatelako. Geziei jarraitzera mugatu naiz, besterik gabe. Eskerrik asko, moltes gracies. 3. Aurrean, ondoan ala atzean?

“Ez joan nire aurretik, ezin baitizut jarraitu. Ez etorri nire atzetik, ezin bainaiz izan zure gidaria. Goazen elkarren ondoan, eta zure laguna izango naiz” irakurri nuen aterpe bateko kartel batean.

Bidea beste batzuekin egin arren, zeure bakardadean murgil zaitezke. Eguneroko bizitzan bezalaxe. Nahiz eta jendez inguratuta egon, zeure tokia bila dezakezu, edo bakarrik sentitu.

Bidea norbere baitan bilduta, isolatuta eta bakanduta egin nahi izatea berebiziko kontraesana da. Esanak esan, bakarrik joatea aukera erakargarria iruditzen zait; egunen batean egingo dut, agian, baina tarteka beste bidaiarekin ere elkartzekotan. 4. Oroitzapenen argazkiak

Zeru garbia, lainoak, boira, orbayo edo zirimiria, euria, eguzkia... Mendilerroak, mendi handiak, landak, lautada amaigabeak (eta beti tamaina bera duten bide-ertzeetako zuhaixkak). Antzinako galtzadak, itxuraz inora ere ez doazen bideak (ikusi nahi dugun herria, hantxe azaltzen zaigu, ustekabean, zulo batean, lurrak irentsi balu bezala), putzu konplexuak, landa-zeharkako ibilbide gorabeheratsuak, ortozik igaro beharreko ibai gaindiezinak. Forcadas de San Antón izeneko parajea eta Ospitaleen ibilbide gogorra ditut gogoan, bereziki. Lehengoa Buiza de Gordón (Leon) herriaren ondoan dago, zerutik hurbil. Bigarrenak Fonfaraón mendizerra zeharkatzen du, eta Montefuradon (Asturiasen) bukatzen da. Bi ospitaleren aurriak daude.

Horiez guztiez eta, noski, katedral handiez gain, gure gogoan irauten duten “argazkirik” garrantzitsuenak tokian tokiko bizipenen ingurukoak dira. Nire oroimenik kuttunenak hainbat txokori loturik daude. Eunateko Andre Maria (Nafarroa), Santa Cruz de la Serós, Boleako kolegiata (biak Huescan), San Anton komentuko aurriak (Hontanas eta Castrojeriz herrien artean), San Nicolas baseliza, Puente Fiterotik hurbil (biak Burgosen), Santa Eulalia de Bóvedako lurpeko monumentua (Lugo), Santa Cristina de Lena (Asturias)...

Talde-errituek zirrara sorrarazi didate: oinen garbiketa (aipatutako San Nicolas baselizan), Karbajala ahizpen komentuko zeremoniak (Leonen), Tosantoseko aterpetxekoak (Burgosen), Santa María de Sobrado monasterio zistertarreko bezperak (Coruñan)...

Eunateko Andre Maria.

Eta nola ahaztu iturriez! Monumenturik onenak dira ibiltarientzat, atseden-leku bihurtu ohi diren gurutzadurekin batera.

Oro har, askoz ere gusturago egoten nahiz herrixketan, hirietan baino, eta eliza txiki edo baselizetan, katedral handietan baino. Gogoko dut eliza txiki bateko bankuetan esertzea, bakarrik edo beste norbaitekin. “Elizetako musikarik onena isiltasuna da” esan zuen norbaitek, zuzen asko.

Herri abandonatuek eta inortxo ere ez dagoen paisaia mortuek barrena astintzen didate. Biziki hunkitu nintzen horrelako herriak ikusi nituenean: Foncebadón (Leon), ia aurri bihurtua, Salime (Asturias), urtegiaren azpian galdua, Ruesta (Zaragoza), alfer-alferrik utzarazia... Artieda, mendi gainetik inguruak zaintzen, bere harri urdinekin, Yesaren azalera handitzeko asmoen kontrako sinboloa bailitzan.

Administrazio-mugez deus ere ez dakiten hizkuntzen esperientzia ere bizi izan dut, Lleida eta Huescaren artean, Leonen eta Galiziaren artean.

Eta aldrebeskeriak! Adibidez, ibilbidean zehar nondik jo jakiteko ezartzen diren lauzazko erromes-maskorrak: Galizian, bide zuzena maskorraren alde irekiak adierazten du; Kantabrian eta Asturiasen, aldiz, alde itxiak. Zergatik? Auskalo. Inork ere ez daki. 5. Bidea

Bidea mikrobizitza bat da, era guztietako gauzak gertatzen baitira: ohikoak, apartekoak, arruntak eta txundigarriak, haurtzarotik zahartzarora bitartean bezala. Lanera joan beharrean, bidean barrena joaten gara. Ez da ordezkapen txarra!

Azken bidaian, gure lagun Joan Fiol prestatzen ari zen gidaliburuaren “inprenta-probak” eraman genituen, eta, ibilbidean zehar, bide batez, zenbait pasarte eguneratu genituen. Urte asko eman ditut lanean argitalpenen alorrean, eta hara non nengoen, Bidean, berriz ere galerada artean.

San Anton komentua.

Bidean, egun guztiak dira desberdinak, eta hori ere aberasgarria da. Egunero gertatzen da zerbait: jende berria, egoerak, zeremoniak, topaketak, aterpetxeak, inguruko ohatzeetako lagunak... Azken gai horri dagokionez, aspaldiko ohitura bat berreskuratzen duzu: goiz lokartzea eta altxatzea, animaliak eta monjeak bezala.

Bideak barrena besteei irekitzen laguntzen dizu. Halako batean, ordura arte isilpean eduki duzun zerbait, inori ere esan gabeko zerbait... ezezagun bati kontatzen diozu. Eta alderantziz, beste ibiltari batek bere barrena irekitzen dizu.

Bidaiarien arteko harremanak aberasgarriak izaten dira. Batzuk berehala sortzen eta bukatzen dira, eta, gero, beste norbait ezagutzen duzu, joan-etorri amaigabean. Bidelagun batzuekin minutuak, orduak edo egunak ematen dituzu; beste batzuekin Bide osoa egin eta gerora ere, denboraldi batez, harremanetan jarraitzen duzu. Zenbaitetan, ordea, harremanek betirako irauten dute. 6. Barreneko erromesaldia

Landarez osatutako ganga naturalak, txorien doinua, erreketako uraren marmarra, kanpai-hotsak, gaueko isiltasuna, enborrak, habeak bailiran, mendiak (gailurrera igo eta ia zerua ukitzen duzu), Mendebaldeko ozeanoa, egunsentia eta ilunabarra, zeure buruarekiko solasaldiak, inguruarekiko elkarrizketak...

Ederra da bakarrik bidaiatzea, bidailagun bakarra norbere itzala dela. Noizean behin, horren guztiaren egilearekin (edonola deitzen dela ere) hitz egiten dut; beste batzuetan sumindu egiten naiz, gauza guztien eta haren kontra. Goizean, berriro ere bakarrik oinez, barkamena eskatu eta eskerrak ematen dizkiot egun berriarengatik. Horrela, gure gainetik baina, aldi berean, gugan dagoen zerbaitekin jartzen gara harremanetan. Agian, horixe izango da Bidearen alderdi sakratua, zentzurik zabalenean, eta oinez egitea ere bai, jakina.

Motxila bat besterik ez eramaten irakasten digu Bideak. Behar-beharrezko sartu eta kito. Batzuetan, motxila gehiegi betetzen dugu, beharrezkoak ez diren gauza asko sartzen ditugulako, eta, orduan, pisu handia hartzen du. Bizitzan ere beste horrenbeste gertatzen da: Zenbat kostatzen zaigun motxila hustea! Baina ezinbestekoa da!

Nomaden jakinduria datorkit burura: oso gutxi behar dute bizitzeko, eta etengabe dabiltza, oinez, batetik bestera.

Bidea ez da presaka egin behar, lasai hartu eta urratsez urrats gozatu behar da. Horra zer irakurri nuen nonbaiten: “Helmugara iritsitakoan, dena bukatzen da; erromesarentzat ibilbidea da garrantzitsuena”. Eta dena bukatzen denean, prestatu egin behar izaten duzu “beste bizitzara” itzultzeko, hau da, Santiago Bidea utzi eta eguneroko bizimodura bueltatzeko. Hasieran, nire ohea arrotza iruditzen zait. “Moldatzeko”, egun batzuetan, motxila ohe ondoan uzten dut eta Bideko arropak eramaten ditut soinean. 7. Ez dago espiriturik gorputzik gabe

Zortea izan dut bidaian, izan ere ez dut egoera fisiko gogorrik jasan. Batzuetan, gorputzak zerbait hor dagoela esaten du, baina besterik ez. Eskerrak ematen dizkiot egunez egun nire gorputzari, egiten duen lanagatik eta nirekiko eskuzabaltasunagatik. Meditazioaren praktika bat gogoratzen dut hartara. Eguneroko bizitzan, gorputzaz ahazteko joera dugu, baina Bidean nekeari, minari, beroari, hezetasunari ... nola erantzuten dion “ikusten” duzu... (bidaiariak badaki zein zaila den zenbait egunetako euriaren hezetasuna gorputzetik kentzea!).

Batzuetan, gorputzeko ohiko min batzuk berez desagertzen dira. Beste batzuetan, nekearen nekez aire zabalean, naturaren erdian, ere lo egiten dugu: izugarrizko gozamena da hori ere.

Zehaztasun bat: galduta zabiltzanean, nekea handitu egiten da. 8. Gozatzeko

Parteka ditzagun paisaiak, adiskidetasuna, arazoak, afariak, mendiko jatorduak, lagunartea... Bizipen trinkoak, poztasunak, alaitasunak, ahaleginak, bizitzako gorabeherak, sufrimendua, eperantza... Bizi Naturaz blai eginda, ezagutu toki eta kultura berriak. Gozatu egunez egunekoaz eta gauza txikiez.

Erromesak, ibiltariak, herritarrak, ostatu-emaileak eta abar. Beha dezagun zein anizkuna den gizakia.

Atsegin dut landako jendearekin hitz egitea. Beren arazoez hitz egitea gustatzen zaie, baita entzunak izatea ere. Atsegin dut denda txikietako edo herrietara denda hurbiltzen duten kamioetako saltzaileekiko harremana...

Abegitsua izatea eta ezezagunei etxeetan sartzea eskaintzea, tabernaren batean gozaltzeko gonbitak. Beste garai batzuetan sasoiko langilez betetako ostatuak doako aterpetxe bihurtuta ikustea. Etxetik afaria ekartzen duten emakumezko abegi-emaileak. Hainbat izarretako establezimenduren batean tokia gorde izana, zera esanez: “Ez dugu zerbitzurik ematen baina zuei ezin dizuegu ezetzik esan, tokia egingo dizugu”.

Noizik behin, urdaila berotzea, izara artean lo egitea, herrixkako ileapaindegiren batean ilea moztea eta bizarra kentzea. Egunerokoak diren arren, Bidean bestelako doinua dute horiek guztiak. 9. Penatzeko

Ez ditut gogoko zenbait bidaiari, hain zuzen agurtu orduko beren oinen curriculuma irakurtzen dizutenak, bide hau edo bestea zenbat bider egin duten eta antzekoak kontatzen dizkizutenak. Aterpetxeetan apetatsuki sartzen direnak, kontuan hartuta bidaiaria artatzen denbora ematen duten boluntarioak direla abegi-emaileak.

Motxila goizetan egitea, ilunean eta zaratarik egin gabe.

Gaizki adierazitako Bideak.

Eguraldiaren gorabeherak: bero handiegiari, zapia buruan, aurre egitea, eta euria...

Bidea eten eta desagertarazten duten obra handiak, asfalto gainean ibiltzea, hirietako sarrera-irteerak, industrialdeak...

Zerbitzurik eza, batzuetan kilometroetan ez dago ezertxo ere, ur falta. Taberna txiki batzuek ezertxo ere ez izatea jateko: ulergarria da ez gustatzea kozinatzea baina hain zaila da urdaiazpiko, txorizo, gazta... edo lataren batzuk edukitzea? 10. Ibiltari berriei

Oinarrizko hiru gauza: gauzak datozen bezala hartu, unean unekoa bizi, ez epaitu jendea.

Ibilbidearen gainean: hobe da Bide osoa ekinaldi batean egitea, edo bizpahiru ataletan banatuta. Batzuek aldiro etapa txikiak egiten dituzte, baina horrela deskonektatzea zailagoa dela iruditzen zait.

Alderdi fisikoak:

Hasi aurretik ona da egun batzuetan ibiltzea, nire lagun Maitek “entrenamendua Bidean bertan egiten dela” dioen arren.

Niretzat ezinbestekoa da ibilbide erdian atseden hartzea, hankak aireratzea eta galtzerdiz aldatzea. Bideko nire “maisuak” erakutsi zidan.

Ekipamendua:

Oinetako eta galtzerdi egokiak. Oinak ibiltariaren tresnak dira. Motxilaren pisua kontrolatzea. Plastikozko poltsarik ez eramatea, zarata handia ateratzen dute eta. Ura eramatea.

Oharrak idazteko liburua: ez da ezinbestekoa baina bai interesgarria, gero egoerak, tokien izenak eta abar gogoratzeko (batzuek irudi eta guzti idazten dituzte oharrak). Argazki-makina. Mugikorra, larrialdietarako baino ez.

Plangintza:

Bidea diseinatu, gidetan adierazitako tokietan lo ez egiten ahaleginduz. Jende- pilaketak saihestuko dituzu.

Egunero egin beharreko kilometroen kopurua kontrolatu (batzuk gogotsu hasten eta nekatuta bukatzen dute). Egun bateko astakeriak hurrengo egunean nozitzen dira.

Ibiltzeko sistemak eta erritmoak daude: goizez ibili eta arratsaldean atseden hartu; edo ibilbidea egunean zehar egin; Kontuz, Bidea ez da lehia: inoren erritmoari eusten ahalegintzearen ondorioz, bertan behera utzi behar izan duten jendea ezagutu dut.

Nire lagun Judithek sortu zuen lema gustatzen zait: “slow bidea”, bidea lasai.

........................................................................................................................................................

Antzaratik antzarara... eta zubitik zubira...

Eskerrik asko, José Luis, Alejandro, Judith, Fran, Luismi, Oihana, Javi, Cristina, Francesca, Manolo... eta gainerakoei.

Bide on! ¡Bon camí! ¡Buen camino!

Done Jakueko bideari buruzko informazio gehiago