Euskonews Gaztea
Gaiak: Ion Berrocal. Bertsolaria
CORTADA, Nuria DIAZ, Ilargi RENEDO, Yaiza
Trapagarango Burdinibarra BHIko ikasleak (DBH 4. maila)
“Oso urduria naiz eta hori igartzen da, zirikatzea gustatzen zait, horregatik nahigo ditut ofizioak bakarrekoak baino.” Oraingoan, euskal kulturaren bereizgarri den bertsolaritzan murgildu gara, Ion Barrocalen eskutik.
Ion Barrocal 1981an jaio zen Trapagaranen eta gaur egun ere hori da bere bizilekua. Bertso–biltzailea, ikaslea, irakaslea, gai–jartzailea, antolatzailea eta bertsolaria. 2006an Enkarterrietako bertsolari txapelketa irabazi zuen eta aurten ere gogotsu finalera heldu da.
Egun eguzkitsua da, itzalpean gaude eta elkarrizketa egiteko adostu genuen tokira iritsi da, hau da, Burdinibarra BHI–ra, gure ikastetxera. Bertan, honako galdera hauek egin dizkiogu eta hau da emaitza:
Nola hasi zinen bertsolaritzan?
Itxaropena ikastolan ikasten nuen, eta bertan bertsolaritza klaseak ematen zituzten; hasieratik asko gustatu zitzaidan bertsolaritza eta horri ekitea erabaki nuen. Horrela gaur arte, bertsolaritzak ez nau nekatzen.
Eta bidea egiten, 2006an txapeldun izatera heldu zinen, eta aurten ere kanporaketak izan dira eta jada finalean zaude. Nola prestatzen zara txapelketa garaietan?
Txapelketa bi urtetan behin da eta saio bat edo bi izan dira orain arte. Lehen ez genuen asko prestatzen, baina aurten serioago hartu dut, finalera heltzea jada ez delako hain erraza, denok egon nahi dugulako han.
Bi pertsona ezberdin dira, Ion Barrocal eta Ion Barrocal bertsolaria?
Ez, uste dut jendearen aurrean edo bizitza normalean, pertsona berdina naiz eta. Baina egia da, agian umore gehiago daukadala bertsotan ari naizenean.
Entzun dugu bertsolaritzaz aparte, kirola ere gustuko duzula. Baina esan, zer zara kirolaz asko dakien bertsolaria edo bertsolaritza gustuko duen kirolaria?
Biak asko atsegin ditut, kirola eta bertsoa. Eta bietan aritzen naiz asko, baina ez dut uste bietan adituan naizenik!
Nola definitzen duzu zure bertsokera?
Lehen esan bezala kirola asko gustatzen zait, eta uste dut nire bertsoetan nabaritzen dela, beti kirolarekin zerikusia daukaten hitzak sartzen baititut (sake, gol eta erremate, pedalei eragin...) Beste aldetik, oso urduria naiz eta hori igartzen da, zirikatzea gustatzen zait eta horregatik nahigo ditut ofizioak (bi pertsonen artean egindako bertsoaldiak) bakarrekoak baino.
Gaur egun bertsolaritzaren munduan, zein da zuk gehien miresten duzun bertsolaria?
Berak lortutako lau txapelek erakutsi bezala, nire ustez onena Andoni Egaña da, baina guztiek dituzte gauza on asko. Desberdinak dira, afari baterako agian hobe da zirikatzaile eta makarra den bertsolaria aukeratzea eta bertso–jaialdi batean, agian gehiago balio du sakona izateak.
Zuk esan bezala bertsolari guztiak ez dira berdinak, zuri norekin zaizu atseginen abestea?
Argi dago nire bertso–eskolakoekin, gehien ezagutzen ditudanak direlako eta konfiantza dagoelako. Eliteko batekin agian ez nuke berdin abestuko. Kantakeraren aldetik nahigo dut humoretik heltzen dion pertsona batekin abestea, zirikatzailea dena eta nik esandakoari erantzuten diona.
Bertsolariak saio guztietara moldatzen dira arazorik gabe. Baina zuk zer nolakoak dituzu gustuko?
Bertso afariak. Bertsolariak normalean lasai egoten direlako, bertsolari moduan joaten bazara. Bertso–afarietan harreman estuagoa daukazu beste bertsolariarekin eta lasaiago zaude. Ondo pasatzera joaten naiz.
Nola ikusten duzu gaur egun bertsolaritzaren egoera?
Nik oso ondo ikusten dut. Bertso saioei buruz, bertso afariei buruz hitz egin dugu. Argi dago gutxika–gutxika bertsolari eta bertsozale kopurua handituz doala. Txapelketa nagusiak sortutako booma da horren lekuko. Gure eskualdeari begira , saio piloa egiten dira eta jende ugari dago, gazte asko. Duela urte batzuk ez zegoen ia inor, eta gaur egun 15–20 pertsona gaude bertso–eskoletan. Batzuk nahiko berandu hasi ziren, baina badago jendea, gazteagotik hasi dena eta espero dugu hobera joatea.
Galdera tipikoa izan arren ezin dugu elkarrizketa bukatu hau galdetu barik. Ikasi ahal da bertsotan edo jaio egin behar da?
Lehenengo eta behin jaio behar da, noski. Kar kar kar. Gauza asko ikasi ahal dira, baina berez zerbait eduki behar da, baina ikas daiteke.
Elkarrizketa egin ondoren argi geratu zaigu, Trapagaran herrian, bertsolaritzak bizirik irauten duenaren seinale dela, Ion Barrocal.