504 Zenbakia 2009-10-16 / 2009-10-23

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kirmen Uribe

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe



Kirmen Uribe idazle bizkaitarra da. Ondarroan jaio zen 1970eko urriaren 5ean. Bere ibilbide profesionalean batez ere poesia landu duen arren, bere aurreneko nobelarekin Espainiako Literatur Saria irabazi du 2009an. Argazkia: egizu

Ondarroan bizi izan zen harik eta Gasteizera mugitu zenera arte. Gaztetatik idazteko zaletasuna zeukan eta hainbat musika talderentzako letrak egin zituen, baita zenbait komikitarako gidoiak idatzi ere. Goi Mailako ikasketak Arabako hiriburuan burutu zituen eta Euskal Filologian lizentziatu zen. Ondoren ikasketekin jarraitu nahian, Italia aldera (Trentora) abiatu zen literaturen inguruko graduondokoa egitera.

Lizardi eta erotismoa izan zen Kirmen Uribek publikatutako aurreneko lana; Jon Elordirekin batera idatzi zuen saiakera. Honekin Becerro de Bengoa saiakera lehiaketaren irabazleak izan ziren. Ez zen Uribek sari hori etxera eramango zuen azken aldia izango, 2001ean Zazpi saio, zortzi leiho lanarengatik ere eskuratu baitzuen Arabako Foru Aldundiak ematen duen saria.

Baina poesiak harrapatuta bizi izan da beti Kirmen eta 1996an Ekografia izeneko bilduma argitaratu zuen bere kabuz. Bost urteren buruan, 2001ean, bigarren poesia liburua dendetara iritsi zen eta sona handia eduki zuen bizkaitarraren lanak. Bitartean heldu eskutik izenburua ipini zion, eta bitxikeria moduan, aurreneko edizioa hilabete bakarrean agortu zen. Saritu ere egin zuten Uribe lan horregatik, hain zuzen kasu hartan Kritika Saria eraman zuen etxera.

Horrek, nazioartean bere lana ezagutzera ematea erraztu zion; eta ondorioz, hainbat hizkuntzatara itzuli zen liburua, hala nola, frantsesera, gaztelaniara, zein ingelesera. Azken hizkuntza horretara itzulpena egin zuena Elisabeth Macklin estatubatuarra izan zen eta liburu harekin 2007. urtean AEBn argitaratu zuten poesia itzulpen onena saria eskuratzeko zorian egon zen PEN sariketetan. Argazkia: egizu

Baina poesiaz gain, Kirmenek haur eta gazteei zuzendutako literatura ere landu izan du. Zehazkiago esanda, 2003an Garmendia eta zaldun beltza publikatu zuen eta jarraian beste makina bat etorri ziren: Ekidaz, lehoiek ez dakite biolina jotzen (2003), Ez naiz ilehoria, eta zer? (2003), Garmendia errege (2004), Guti (2005) eta Garmendia eta Fannyren sekretua (2006).

Idazle gazteak, ordea, bestelako ekimenak ere aurrera eraman eta poesia bestelako diziplina artistikoekin uztartu ditu behin baino gehiagotan. Esate baterako, bere hitzak oinarri hartuta, 2001eko udazkenean Bar Puerto izeneko lana publikatu zuen Mikel Urdangarin eta Bingen Mendizabalekin batera. Bi urte beranduago, 2003an, Zaharregia, txikiegia agian musikatutako literatur lana jaio zen, Mendizabal, Urdangarin eta Rafa Ruedarekin batera. Izenburuaren atzean mezu argi bat zegoen: agian egungo garaietarako euskara zaharra eta txikia dela, baina bere bitartez mundua begiratu eta sentitzeko era desberdin bat eskaintzen dela. Disko honen harira, New Yorken zenbait emanaldi eskaini zituzten.

Idazlea nobelarekin ere saiatu da, eta arrakasta eduki du gainera. Hain zuzen ere, 2008an Bilbao–New York–Bilbao publikatu zuen eta urte hartantxe bertan, Kritika Saria eman zioten. Baina gainera, eleberri horrexegatik, 2009ko urrian Espainiako Literatur Saria eskuratu du.

Poesia bidelagun, munduko txoko ugaritan bere lanak ezagun bihurtu ditu. Barne–barneko sentipenak helaraziz unibertso berri bat erakutsi dio bestaldean mezua hartzeko prest dagoenari.