503 Zenbakia 2009-10-09 / 2009-10-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kutsadurari stop

BEREZIARTUA, Loren



Adituek kutsadurari aurre egiteko gomendioak ematen dizkigute behin eta berriz; urtetik urtera gure planeta honek bizi duen egoera larriagoa da eta normala deritzot trikimailu horiek gizarteari helarazteari. Geroz eta gehiago gara mundu zabalean bizi garenok, eta hori dela eta, ohitura aldaketa funtsezkoa dugu gure bilobek –eta haien ondorengoek– gaurko mundua den modukoa ezagutzeko. Kasurik onenean, halaxe izango da, edo egoera apur bat hobetu daitekeela iruditzen zait; txarrenean berriz, daramagun martxa segituz gero, ezagutzea ere kostatuko litzaiguke gure ingurua, zalantza barik.

Ohituta gaude bizimodu zehatz bat eramaten. Zorionez baina, gure gizarte honetan gero eta gehiago dira kutsadura ahalik eta gutxien emateko ekimenak. Horren adibide dugu hainbat material berrerabiltzeko abian den kanpaina: plastikoak, beira, kartoi eta papera, olioa eta abar birziklatzea. Proiektu guztiak dira ongi etorriak, baldin eta benetan zerbait egiten bada bildutako materialarekin. Izan ere, nire inguruko askok horren gaineko zalantza daukate eta ez dute uste benetan jasotako materialak birziklatu egiten direnik. Beraien hitzetan, norberaren kontzientzia garbitzeko ekimenak dira soilik.

Bestalde, poluzioaren kontra indar berezia egiten dute erakundeek automobil pribatuaren erabiltzea gutxitu eta hala, garraio publikoaren aldeko apustua egin dezagun. Behin eta berriz esaten digute ahalik eta gutxien hartzeko kotxea, erabil ditzagula trenak, autobusak...

Ni ere horren aldekoa naiz, baldin eta herriek beste toki batzuekin garraio publiko bidezko komunikazio ona edukitzen badute. Sarritan ez baikara konturatzen ikasleari unibertsitatera autobusez joatea agian ezinezkoa zaiola; edo lanean dabilen batek hiru ordu gehiago eman behar izatea beharrera iristeko garraio publikoa baliatuz gero. Kasu horietarako, nik kotxe partikularra erabiltzen dudala aitortzen dut –bai ikasten nengoenean, baita orain lanera joateko ere– eta ahal dudan guztietan automobila partekatzen dut.

Eta beste gauza bat. Kutsadura ekiditea bakoitzaren eskuetan egon daiteke, edo ez. Adibidez, fabriketako isuriek errekak zikintzen dituztenean eta ura kolore gris, marroi, hori edo dena delako kolorez tindatzen ikusteak amorrua eragiten dit. Nork zaindu behar du hori? Nork mugak jarri? Zigortuta kontzientziatzea lortuko al dugu edo bestetik diru kopuru bat ordainduta, hurrengoan ere berdina egingo al dute?

Hori ez dago nire esku. Nik ahal dudana egingo dut eta eguneroko zereginetan zuhurtasunez jokatuko dut; eta besteek beren ekimenen gaineko hausnarketa egin dezatela eta neurriak hartu, denon hobe beharrerako izango baita.