Euskonews Gaztea
Gaiak: Hizkuntza gutxituen alde, Nafarroa Oinez
EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA
Milaka euskaltzalek Nafarroa Oinez 09 ospatuko dute urriaren 18an Etxarri Aranatzen. Festak, ohi bezala dirua biltzea du xede, hain zuzen herri horretako Andra Mari ikastolak daukan proiektu bati aurre egiteko. Jasotakoa eraikin berri bat egiteko baliatuko dute, ikastolan ikasten duten 14 herritako neska–mutilak hobeto artatzeko.
Baina antolatzaileek festarekin badute bestelako asmorik ere. Hain zuzen, Txikiak handi da aurtengo leloa, eta horrek makina bat esanahi izan ditzakeen arren, batek erreferentzia zuzena egiten dio euskarari. Eta horren harira, hizkuntza gutxituen –estatuen babesik jaso ez edo oso gutxi jasotzen dutenak– aldeko apustua egin dute nafarrek. Hala, egun seinalatua dirua biltzeko festa izateaz gain, hizkuntza gutxitu ezberdinen eguna ere bilakatu nahi dute. Behatokiarekin bat
Nafarroa Oinez edizio honen antolatzaileek hasieratik zeukaten argi sare bat sortu nahi zutela beste hizkuntza gutxitu batzuetako herrialdeekin. Modu horretan, Okzitania, Aragoi, Katalunia, Bretainia eta Galesko hainbat eragilerekin bildu dira urte honetan zehar esperientzia ezberdinak elkartrukatuz. Eta dagoeneko asko ikasi dutela aipatu arren, oraindik ez diote amaiera eman ekimenari. Hain zuzen ere, Behatokiarekin elkarlanean urriaren 16 ostiralean topaketa bat burutuko dute Etxarri Aranatzen bertan.
“Hizkuntza gutxituen inguruan egindako ibilbidea bukatu nahiko genuke topaketa batekin”, aipatu digu Muxi Mari?elarena Andra Mari Ikastolako zuzendariak. “Nafarroa Oinez baino bi egun lehenago euskararen alde lan egiten duten giza eragile zein administrazio ezberdinetako ordezkariak gonbidatu ditugu topaketara. Eta noski, ezin ahaztu urte honetan zehar bisitatu ditugun bost herrietako bina ordezkari”.
Nafarroa Oinez eta Behatokiaren ekimenez, Berria, Euskal Unibertsitatearen Aldeko fundazioa, UEMA, EMUN, Kontseilua, Nafarroako AEK, Euskal Herrian Euskaraz, zein Euskaltzaindiko ordezkariak egongo dira ikastolako lagunek bisitatutako bost lurraldeetako ordezkariekin batera. Bertan, bakoitzak bere esperientzia –egiten duten lana, aurkitzen dituzten zailtasunak eta abar– gainerakoei ezagutaraziko die.
Eta bide batez, “Behatokiko Paul Bilbaok hizkuntza gutxituek Europan duten egoeraz hitz egingo du; ahulezia, indarrak, mehatxuak eta aukerei buruz. Horretan oinarrituz adierazpen bat idatziko da topaketan ordezkatuta egongo diren hizkuntza guztietan eta Nafarroa Oinez egunean irakurriko da jendaurrean, noski, hau ere, hizkuntza denetan”, gaineratu du ikastolako zuzendariak.
Sarea sortzeak alde batetik ikastolen nondik–norakoak euskal mugetatik kanpo eramatea ekarri die antolatzaileei. Eta bestetik eta garrantzitsuena dena, batak bestearengandik ikasteko balie izan die bai Ikastolako ordezkariei, eta baita eragile ezberdinei ere.