Euskonews Gaztea
Gaiak: Ikastera, irakurtzera... liburutegira!
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Liburutegiak zer diren definitzen hasteak zentzurik ote daukan galdetzea ez dago tokiz kanpo, ezen, nork ez du zapaldu horrelako leku bat? Jakin badakigu bertan mota guztietako –edota gehienetako– informazioaz jabetu gaitezkeela, kontsultatzeko eskura ditugun liburu, aldizkari eta egunkari, bideo, musika eta bestelako material andanari esker. Ziurrenik tokian tokiko liburutegien eskaintza aldatzen joango da, eta txiki batean ez dugu erraldoi batean besteko materialik topatuko. Argazkia: lethaargic
Udako etenaldiaren ondoren, irailean sartuta eta azterketak gainean daudela kontuan hartuz, gure herrietako liburutegietan erabiltzaile kopuruak gora egin duela ohartuko zinen agian. Gehienak ikastera joaten dira bertara, edota liburu bat maileguan hartzera, ordenagailuarekin interneten nabigatzera edo egunkariari begiradatxo bat botatzera; arrazoi ugari daude. Baina zer nolako abantailak ematen dizkio liburutegiak estudiante bati?
Adibide batzuk jarriko ditugu. Jende ugarik kontzentratzeko isiltasuna behar–beharrezkoa izaten du, bestela ezinezkoa egiten zaie apunteetan murgiltzea, eta are gutxiago liburu artean baliatzen duten denborari probetxu ateratzea. Gainera, askok despistatzeko gutxi behar izaten dute; esaterako, telebista aurrera edota hozkailura bisitatzera maiz jaikitzen direnei tentazio gutxiago edukitzeko balio die liburutegira joateak, esaterako. Bide batez, alboan esertzen den lagunak berdina ikasten baldin badu, elkarri laguntzeko aukera egon daiteke.
Baina desabantaila batzuk ere baditu liburutegiak. Esaterako, ez da etxean bezala nahi duzunean ikas dezakezula, normalean ordutegi batzuk izaten baitituzte eta haiek jarraitu behar dira. Berandu iritsiz gero, tokirik gabe geratzeko arriskua ere hor dago. Aholku bat mahai zatitxo eta aulki bat eskuratzen duenari: planifikatu ikastorduak. Gauza bakoitzari zenbat denbora eskaintzen diogun jakitea ongi etortzen da, eta tarteka atseden hartzea, buruak eskertu egiten baitu aire apur bat. Argazkia: Cezary Okupski Ehunka gure artean
Euskal Herriko zenbait tokitan aurrenekoz agertu ziren udal liburutegiak –edo bestela esanda, liburutegi publikoak– XIX. mendean sortu ziren. Horren adibide ditugu, besteen artean, Donostia edota Iruñea. Huts egiteko arriskurik gabe esan genezake gaur egun ez dela hiririk liburutegirik gabe; baina herrien kasuan ez da horrela, oraindik ez baititugu topatuko euskal udalerri guztietan.
Gipuzkoa, Bizkaia eta Araba batuz gutxi gorabehera 290 udal liburutegi daudela diote datuek, Nafarroaren kasuan berriz, 80 inguru eta Iparraldean zifrak apalagoak dira ?kontuan hartu behar baita lurraldea ere txikiagoa dela. Herrien kasuan, normalena bakarra edukitzea izaten den bitartean, hirietan auzo bakoitzean bat aurkitzea ez da arraroa. Adibide pare bat jartzearren, Bilbok 15 udal liburutegi ditu eta Donostiak ia beste horrenbeste.
Garaiak aldatuz doaz, liburutegi bakoitzak bere prestazioak eskaintzen dizkio erabiltzaileari baina badaukate amankomunean zerbait: besteak beste, guztiek dutela informatzeko, kulturaren gaineko ezagupenak eskaintzeko zein alfabetatzeko helburua.