498 Zenbakia 2009-09-04 / 2009-09-11

Euskonews Gaztea

Gaiak: Agur oporrak, agur

BEREZIARTUA, Loren



Agur, diotsut, oporraldi. Agur etxe zuriz osatutako kostaldeko herrixka eder horri. Agur area fin eta itsaso urdin gardenari. Agur, bizi izan ditudan esperientzia berri guztiei.

Ezin diot utzi kotxeko atzealdeko eskuineko leihatilatik begiratzeari, abiadura azkarrean igarotzen ditugun herrixka urrunei, paisaia ezberdinei, zuhaitz eta landarediari. Lur hori, zuri zein gorria atzean utzi eta errealitatera salto egiteko unea dela esango lidake amak. Baina ezin. Ez, ezin dut ahaztu horrenbeste eman didan lekua, ez bertako jendea, ez ni bezala iragan kurtsoko estresa atzean utzi eta gorputzari bizitasuna ematera gerturatutakoak. Argazkia: Gwennpics

Bi aste eder izan dira; eguzkitan blai eta ilargiaren begirada zorrozpean brinko, dantza kanta, maita eta beste ehunka bizipenekin gozatu dut, ezin ukatu. Nire azalak ere transformazioa bizi izan du, zuri izatetik, gorri eta beltzarandu egin da; nire ilea argitu eta urte guztian ezkutatuta egon diren oreztek udaro bezala bisita egin didate.

Hala ere, tristurak alboratu eta eguneroko bizitzari oles egiteak bere gauza onak ere badituela jakin badakit. Azken batean, gustura bizi naiz daukadanarekin, ikasketak atsegin ditut, lagunekin egotea eta betiko taberna zulora itzultzea gozagarri zaizkit. Gainera, segituan iritsiko da zubiren bat, edota Gabonak ere... Urruti daudela jakin badakit, baina beno, hobe da baikorra izatea eta ez desesperatzea, ezta?

Gainera, orain ikasturte berrirako nire asmoak zehazten hasiko naiz. Bai, batzuek urte berriarekin egiten dute, baina niri ikasturteka egitea gustatzen zait. Zer demontre, burutuko ez banitu, beti geratzen zait urtarrilaren 1a egitasmo berriak finkatzeko!

Asko izango dira negar egiten egongo direnak: ez dut lanera itzuli nahi, ez dut ikasten jarri nahi, ez dut lana bilatzen hasi nahi... Gomendio txiki bat, EZ hitza alboratu eta gehiagotan erabili BAI, baikor izateak onurak dakartza eta!! Beraz, ongietorriak ostegunetako parrandak, ongietorriak liburutegiko isiltasuna eta unibertsitateko kafetegiko zarata, ongietorria autobusetako eguneroko joan–etorriak, gidari traketsaren marmarra eta baita iratzargailuaren soinu desatsegina, azken batean, denak egiten baitu nire bizitza.