Euskonews Gaztea
Elkarrizketa: Fede Verastegui. (Psikologoa): Opor osteko estresa gainditzeko, funtsezkoa da baikorra izatea
VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe
Oporrak amaitu dira gehienontzako eta askotan entzuten dugu opor osteko estresa. Baina zer da?
Jendeak oporretatik lanera itzultzean sufritzen duen estresari deitzen dion arren, nik neuk eguneroko bizimodura bueltatzeari deitzen diot. Hau da, oporraldian baztertuta utzi ditugun arazoak berrartzeari, hala nola hipoteka, lana bera, lankideak... Eta estresa, guzti horri normaltasunez aurre egin ezinik dabiltzanek izaten dute; aurreneko sintoma loezina izaten da eta aurre emateko, erlaxazio metodoren bat ezagutzea gomendagarria da. Argazkia: littledan77
Psikologoa zaitugu, jendea joaten al da kontsultara arazo honegatik?
Profesional gisa, jendeak nahiko onartuta daukan zerbait dela esango nuke, eta horrexegatik gutxi dira kontsultaren bat egitera etortzen zaizkigunak. Oporretan joaten garenean moduan, itzuleran ere aurreneko egunak egokitzapen uneak direla esango nuke; arrazoi horregatik nik opor aurreko estresari buruz ere hitz egiten dut eta uste dut gehiagotan ematen dela estres mota hau, opor ostekoa baino. Ezen jendea oporretatik bueltatzean deskantsatuta egon ohi da, eta pilak kargatuta izaten ditu situazioei aurre egiteko.
Bestalde, nire esperientziak esaten dit azken urteotan oporraldi aurreko hilabeteetan tentsio eta estres handia edukitzen duela jende ugarik eta ezin izaten diote egoerari aurre egin denbora edo baliabiderik ez dutelako. Ondorioz, oporretara baldintza penagarrietan iristen dira, defentsa fisiko eta psikikoak minimoan dituztela eta hala gaixotasunak pairatzen dituzte. Exekutiboaren estresa deitzen diot.
Suposatzen dut faktore ezberdinek eragiten dutela opor osteko estresa, ezta?
Halaxe da. Norberaren bizimoduak ere eragina izaten du, lan kontuei esaterako bikote arazoak gehitzen badizkiogu, edota lanean baldintza prekarioak edukitzea... denak du eragina. Gainera aurten oporretatik bueltan kaleratze asko eta asko emango direla aurreikusi zenez, horrek kezkatu egiten nau.
Bai, ez baita urterik goxoena ere...
Zoritxarrez hala da. Lanari aurre egiteagatik estresa eduki beharrean, milaka pertsonek lan–ezari aurre egiteagatik pairatuko dute.
Talde ezberdinei buruz mintza gaitezen. Etxean lan egiten duen pertsonak, opor osteko estresik edukitzen al du?
Horiek oporrik ere ez dute izaten normalean eta opor osteko estresari buruz hitz egingo bagenie, askok barre egingo lukete ziur. Nik pentsatzen dut etxeko gainerako pertsonak beraien zereginetara itzultzean, etxean geratzen denarentzako oporraldia hasten dela, nolabait atseden hartzen duela. Azkenean bakean uzten naute pentsatuko dute askok –barre–, nahiz eta ezin dugun ahaztu garaiak aldatu direla eta geroz eta gehiago inplikatzen garela guztiok etxeko lanekin. Argazkia:YeahjaleaH
Eta ikasleek?
Oso desberdina da eta izaeraren arabera aldatzen da egoera. Esaterako, ikasketetan zorrotza dena, beragandik espero dena betetzen duena eta apur bat obsesiboa baldin bada, erresumintzeko probabilitate handiagoa izaten du; baina noski, oporretan atseden hartu baldin badu, indarrez egingo dio aurre itzulerari.
Zure iritzi profesionalaren arabera, existitzen den zerbait da opor osteko estresa, edota gizarte zoro honek asmatutakoa da?
Jende nagusiarekin komentatu izan dudan gaia da hau, eta haiei estresaren kontzeptua arraro egiten zaie, berria da beraientzako; agian beste moduren batean deitzen zioten, jendea urduri egoten zen eta kito. Bizi garen gizarte honek gauza ugari eskaintzen dizkigun arren, eskaintza zabal horrek antsietatea sor diezaguke. Adibidez, orain urte batzuk oinarrizko baliabideak zituzten eta eguneroko ekintzetan ia ez zen ezer erabaki behar, dena zehaztuta egoten baitzen. Esaterako jaterako orduan. Lehenengo platera ortuak ematen zuena izaten zen; oiloren bat hiltzen bazen, bigarren plater moduan jaten zen eta postrea, zuhaitzetatik batutakoa. Ez zegoen orain moduko eskaintzarik, eta ez gaur egungo dilemarik ere, “zer–nolako jogurtak erosiko ditut?”...
Ez eskaintzarik, baina ezta oporrik ere...
Horixe! Ez ziren hilabeteko oporrak izaten, batzuek hiru hilabete izaten zituzten! Hori baina, ikasleek, langileek beti eduki baitituzte opor gutxi... Argazkia: Scarleth White
Bestalde, agian hedabideak ere bagara estres horri garrantzia gehiegi ematen diogunak.
Zalantzarik gabe. Hedabideek klixe bat hartu eta ahitu arte horren inguruan hitz egiteko joera izaten dute eta sasoi honetan opor osteko sindromea nagusi izaten da. Gainera, kontuan hartu gaur egun medio asko eta asko daudela, eta noski, bakoitzak bere moduan “saltzen” ditu albisteak; esaterako, lehen euria egiten zuen, eta geroz eta gehiago hitz egiten da uholdeei buruz; edo katastrofeak dira, edo pandemiak... Garrantzia larregi ematen zaie gauzei eta medioek espektakulua sortzen dute.
Estres mota hau izaten duenarentzako aholkuren bat?
Pertsonaren arabera aholku ezberdinak eman beharko nituzke, aurretik esan bezala bakoitzaren izaera ezberdina baita. Batzuek esaten dute oporretatik lanean hasi aurreko egunean itzultzea ez dela ona, baina noski, asko gara denbora justuarekin ibiltzen garenak eta ez dugu mentalizatu behar izaten. Besteek ordea, beraien denbora behar izaten dute martxan jartzeko eta aldez aurreko egokitzapen prozesu bat behar izaten dute egoerari aurre egiteko; hauek normalean, perfekzionistak izaten dira. Ez dakit aholku ona edo txarra den baina niri balio dit: lehenengo egunetan guztiz esnatu gabe joan daitezela lanera, eta itzartu orduko, lanaldia ia amaituta egongo da! (barre). Bestalde, bikotearekin biziz gero, afalostetik aurrera lana edota beste arazo batzuei buruz ez hitz egiteko gomendatuko nuke, buruhausteei indar gehiagoz egingo diegu aurre–eta hurrengo egunean.
Amaitzeko, egokitzapena garrantzitsua da, baina pentsaera baikorra izatea...
Funtsezkoa ezbairik gabe! guztiz baldintzatzen du eta beti izan behar dugu baikorrak. Berriz ere errutinara itzultzeak gauza onak ere badituela pentsatu behar dugu. Eta gainera, gauza onak azkar pasatzen diren moduan, txarrak ere segituan igarotzen dira, eta beraz, lasai egon gaitezke! Agian ideia hau ez da gaur egunerako oso baliagarria lanak gure bizitzako denbora dezente kentzen digulako. Horregatik, baikor izatea beste baliabide batzuekin uztartu beharko genuke, guretzako denbora hartzea, lagunekin irtetea, kirola egitea eta abar. Garatu daitekeen afizioa izatea benetan garrantzitsua da. Laburbilduz, jendeari esango nioke ez obsesionatzeko gai honekin. Pixkanaka hasi behar gara eta hurrengo oporrak ere segituan iritsiko dira, lasai! Fede Verastegui (Gasteiz, 1951) Psikologo klinikoa da Fede eta buruko osasun zentro batean egiten du lan. Talde terapietan espezializatua, lanik ez zaiola falta azaltzen du; kontrakoa, lanez lepo dabil azken urteotan. Batez ere antsietate eta depresio arazoak dituzten pertsonekin aritzen da gasteiztarra.