469 Zenbakia 2009-01-16 / 2009-01-23

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Mikel Hernandez. (Ipuin kontalaria): Asmatu edota buruan bueltaka nituen hainbat istorio baliatuta, jendea dibertitzea izan da betidanik nire asmoa

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Gasteiztarra da, Mikel Hernandez du izena eta 23 urte ditu. Euskal filologia ikasketak amaitzen ari den arren, Jakin eta Jolas taldeko kide ere bada. Zazpi eta hamalau urte bitarteko gazteentzako ipuin kontaketa eta antzezlanak eskaintzen dituzte baina beraiekin jostatzera gazte zein helduagoak ere gerturatzen dira. Herriz herri etxeko gazteenak abenturetan barneratzen ibiltzen da kontakizun eta umorearen bitartez, baina gure aldizkarian pausaldia egin du bertako lanari buruz mintzatzeko.

Euskal Filologia ikasten ari zara.

Urte eta erdi inguru daramat amaitu nahian, eta bien bitartean ikasketak eta lana uztartzen ditut. Baina gainera, antzerki munduan ere pare bat urte daramatzat.

Ipuin kontalaria ere bazaitugu.

Bai. Urte eta erdi eman nituen enpresa batean ipuin kontalari; nire istorioak prestatu eta jendaurrean kontatzen nituen. Ondoren, pailazo munduan zebilen lagun batekin bildu eta bion artean zerbait berezia sortu genuen.

Jakin eta Jolas.

Hala da. Davidekin taberna batean nengoen eskuartean genuenaz hitz egiten eta antzerako ideiak genituenez, hor hasi zen guztia.

Baina kontatu, zer da Jakin eta Jolas?

Hasiera batean gure asmoa antzerki kontuekin ibiltzea zen; testu hutsezko ipuin kontaketekin ekin genion eta ondoren antzerki gehiago sartzen joan ginen. Hortik beste ideia batzuk ateratzen joan ziren, umeentzako tailerrak, esaterako. Hala ere, egiten dugun guztiari antzerki kutsu bat ematen diogu. Modu horretan, tailerrak eginez gero, eramaten ditugun begiraleak mozorrotuta joaten dira eta antzerkia bultzatuz dinamizatzen dute.

Euskara ala gaztelaniazko emanaldiak dira?

Gehienetan euskara erabiltzen dugu. Gasteizen, esaterako, Udalaren bitartez ematen ditugun ikuskizun gehienak euskaraz izaten dira, baina Arabako herrietara mugitzerakoan bi hizkuntzatan izatea eskatzen digute askotan. Bestalde, Arabatik kanpo egiten ditugunak euskaraz izaten dira.

Zenbat lagunek osatzen duzue taldea?

David eta biok hasi ginen, berak antzeztu eta nik ipuina kontatzen nuen. Ondoren, soinu teknikari bat behar genuela ohartu ginen, musika eta argia ipintzeko. Ostean, beste bi neska gehitu zitzaizkigun.

Umoreak garrantzia dauka zuen ikuskizunetan...

Zalantza barik! Hala ere publikoaren araberakoa ere bada, askori betiko narrazio moduak gustatzen baitzaie, esaterako. Baina publikoarengana iristeko beste tresna batzuk ere baliatzen ditugu: umorea, antzerkia, pertsonaia ezberdinak... Beti errazagoa izaten da.

Eta nondik datorkizu zaletasun hau?

Egia esan txikitatik ibili naiz lagunei–eta ipuinak kontatzen. Asmatu edota buruan bueltaka nituen hainbat istorio baliatuta, jendea dibertitzea izan da nire asmoa. Eta bestalde, beti atsegin izan dut irakurtzea eta erraza izan da niretzako bide honetatik aurrera egitea.

Istorio propioak edo beste batzuenak?

Hasi nintzenean gehienak beste toki batzuetatik ateratakoak ziren, baina Jakin eta Jolas martxan jarri zenetik guztiak dira geuk egindakoak. Hala ere, gogoan dut aurreneko ipuin saioetan Txanogorritxo edota Sorgina Pirulinaren bertsioak egin genituela, baina batez ere guk sortutakoak antzezten ditugu.

Bestalde, Jakin Jolasekin Dantzetan izeneko eskaintzarekin denok gorputza mugitzera!

Ipuinak kontatzen ditugu, antzezpenak egiten dira... Baina zerbait aktiboagoa behar genuela iruditu zitzaigun, animatuagoa. Orokorrean neska–mutikoei dantza eta algara gustatzen zaiela eta hortik irten zen; musikarekin dantzatu eta abestien artean umorezko gag–ak antzezten ditugu.

Honetan aritzeko norberak barruan ume bat izan behar al du?

Baiezkotan nago. Lana baino, hau bizitza ulertzeko era bat dela esango nuke eta jolastea eta ondo pasatzea funtsezkoa da.

Eta non entseatzen duzue?

Davidek daukan txoko batean hasi ginen. Hala ere, udaberria zen eta eszenografia muntatu behar ez zenean kanpoaldean ibiltzen ginen. Baina bestelako kontuak prestatu behar direnean, gizarte etxeetara jo eta gela bat alokatzen dugu esaterako, ez baitaukagu momentuz toki zehatzik entsegutarako.

Zein da lan honek ematen dizun poztasun handiena?

Argi daukat: neska–mutilak aurrean daudenean beraien aurpegiak ikusita gozatzen dut gehien. Gure mezua haiengana iristen dela, ulertu eta gainera gozatzen dutela ikustea handia da. Edozein antzezlerentzako, esfortzu handiz prestatutakoa publikoarengana iristen dela ikusteak ez dauka parekorik; alferrikako lana izango litzateke bestela.

Imajinatu egun txar bat daukazula. Nola irteten zara publikoaren aurrera?

Guztioi gertatu izan zaigu gogo gutxi edukitzea edo nekatuta egotea edota emanaldia hasi aurretik jada publikoa purrustadaka ibiltzea. Horrekin jolasten jakin behar da eta esaterako, beste modu batera animatuz edota ikuskizunaren erritmoa azkartuz aurrera atera daiteke agerraldia. Noski, aurrean daudenek ez daukate horren errua eta zuk ondo pasatzen baduzu, beraiek nabaritzen dute.

Publiko bezala jende gaztea edukitzean baldintzaren bat bete beharko duzue...

Esate baterako saioen denbora kontrolatzea. Normalean 50–55 minututakoak izaten dira, ordubete baino gehiago irauten badute, astunegiak bihurtzen baitira; diskotekari dagokionez berriz, ordu eta erdi inguru irauten du saio bakoitzak.

Euskal Herriko herri askotan ibili zarete. Bitxikeriaren bat gertatuko zitzaizuen, ezta?

(Barre) Asko! Batez ere herriko festak direnean edozer gerta daitekeela argi geratu zait: norbait eszenatokira igo eta dantzatzen hastea; txakur bat izatea taulara igotzen dena; herri batera iritsi, dena aurreneko eguneko parrandako zaborrez beteta egon eta han lan egin behar izatea... Ez dago ezer kontrolpean eta inprobisatzen jakin behar da.

Kalean, antzokietan edota ikastetxeetan. Non nahiago?

Nik uste bakoitzak bere xarma daukala baina antzoki batetan aritzeak erraztasunak ematen ditu zalantza barik. Orokorrean lasaiago antzezten duzu ziurtasuna ematen duelako, argi edota musikaren kasuan adibidez, badakizu ongi aterako dela. Hala ere, jendearekin kontaktua mantentzea zaila da, fokuek aurpegian ematen dizute eta ez dakizu nor duzun aurrean, nola ari diren pasatzen... Kalean aritzea kontrakoa da, aurpegietara begiratuz nora joan edo nora ez jakiteko aukera ematen baitu.

Zuek istorioek orokorrean mezu bat izaten dute.

Bai. Esaterako Sorgina Pirulina lanean, protagonista maltzurra dela konturatzen da eta bere magia gauza onak egiteko erabiltzen du. Edota Jolas eta Zilarrezko Txartela ikuskizunean kontsumo arduratsuari buruz mintzatzen gara. Askotan kontratatzen gaituztenek gutxi gorabehera lanak nolakoak izan behar diren esaten digute eta gu istorio polit eta erakargarri bat sortzen saiatzen gara, kontuan hartuz hartzaileak gazteak direla eta aspertu egin daitezkeela.

Ikusleen adinaren arabera, istorioak desberdin kontatu beharko dituzue.

Pasatu izan zaigu publikoa umeez bakarrik osatuta egotea, baina baita kontrakoa ere, hamar ume egon eta ehun bat guraso elkartzea. Azken kasu horietan, erritmoa eta umorea aldatzen saiatu behar gara, klown aldetik gehiago jorratuz –pailazokeria gehiago eginez– publiko heldua ere dibertitzeko.

Suposatzen dut emanaldi kopurua sasoiaren arabera aldatuko dela.

Halaxe da. Urtean bi data esanguratsu daude egutegian: Gabonak eta udako oporrak. Gainerakoetan urritu egiten dira emanaldiak. Hala ere, gu Ama–Lurra kultura koordinakundearekin gabiltza eta urte osoan zehar lan egiteko zortea dugu. Bestalde, neguan gehienetan barrualdean izaten dira emanaldiak eta udan kalean.

Eskerrik asko Mikel eta hurrengo hitzordua, zuen emanaldiren batean.

Hori da! Hemendik gurasoak animatu nahiko nituzke horrelako emanaldietara gerturatzeko. Izan ere, istorioak galtzen doaz, geroz eta gutxiago kontatzen dira eta transmisiorako edota dibertitzeko balio dutela iruditzen zait eta mantendu beharra dago. Mikel Hernandez (Gasteiztarra) Mikel Arabako hiruburuan jaio zen eta bertan bizi da. Hogeita hiru urterekin Euskal Filologia ikasketak amaitzen ari da. David Gutierrezekin batera Jakin eta Jolas proiektua sortu zuen; batak ipuinak kontatzen ditu, besteak antzezpena egiten du. Euskal Herriko herrietan barrena joaten dira, gehienetan euskarazko ikuskizunak eskainiz.