468 Zenbakia 2009-01-09 / 2009-01-16

Euskonews Gaztea

Gaiak: Nerea Beristain, ENE komiki irabazlea

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA

Argazkiak: Zuriñe Velez de Mendizabal



Euskararen Nazioarteko Eguna zela eta, Eusko Ikaskuntzaren Gazteria Sailak komiki bat kaleratu zuen 2008ko azaroan. Irudigilea eta testugilea Jokin Mitxelena eta Jon Martin oiartzuarrak izan ziren, hurrenez hurren.

Baina Ei Gazte!k proposamen berezi bat egin zion gizarteari eta modu horretan, komikiaren gaineko testu berri bat egitera egin zuen dei. Hala, bere webgunea erabiliz, deialdiak 163 erantzun izan zituen, mundu zabaletik iritsitako 163 istorio berri, beraz. Eta aipatzekoa den beste zifra bat: ENE dela eta egindako atal bereziak, 2.200 bisitari baino gehiago eduki ditu.

Lanak bidaltzeko epea pasatu eta epaimahaia elkartu egin zen hausnarketa egiteko. Azkenean, Nerea Beristain Mendizabal gaztearen lana aukeratu zuten irabazle bezala. Hamasei urte dituen eibartarra da eta epaimahaikideen arabera, istorioaren originaltasuna izan da atentzioa eman duen bereizgarritasuna.

Nerea abenduaren 30ean Donostiako Miramar Jauregian egon zen gurasoek lagunduta, eta bertan jaso zuen egindako lan bikainarengatik saria: 500 euro. Pozik agertu zen gipuzkoarra, eta bere hitzetan, “ezusteko ederra izan da, ez nuen irabazterik espero.“ Baina ez da kontent jarri zen bakarra, izan ere Eusko Ikaskuntzako ordezkariek ere 90 urte bete dituen erakundeak martxan jarritako lehiaketa 16 urte gazte batek irabaztea seinale ona dela aipatu baitzuten.

Argazkiak handitzeko, sakatu bakoitzaren gainean: