467 Zenbakia 2009-01-02 / 2009-01-09

Euskobooks

Aipamena. Zinea eta literatura: Begiaren ajeak

Egilea: Harkaitz Cano Argitaletxea: Elkar Orrialde kopurua: 130 ISBN: 978-84-9783-652-4 Ezaugarriak: Zinea eta literatura. Literatura eta zinea. Finean, zerbait kontatzeko beharra dute biek ala biek, bakoitza bere esparrutik. Eta biei disekzioa egin die Harkaitz Canok; muinetaraino sartu die bere bisturi zorrotza eta bien artean daudekeen harremanez, kontraesanez eta loturez hitz egiten digu, zorrotz eta argi, bere idazle ofizioaren talaiatik beti ere. Zineak, bere kontatzeko moduan, badu zerikusirik komikiarekin, pinturarekin, musikarekin... eta baita, nola edo hala, literaturarekin ere. Harkaitz Canok Francis Ford Coppola zine zuzendariaren hitzak gogorarazten dizkigu: “Literatura izan nahi duen zine bateko partaide izateak harrotzen nau”. Baina, aldi berean, Alfred Hitchcocken hitzak kontrajartzen dizkigu: “Nire irudipena da orkestra zuzendari bat ote naizen... Paisaia ederrei begira, argi eta koloreak erabiliz, pintore sentitzen naiz. Literaturarekin, ordea, mesfidatia naiz; liburu on batetik ez da derrigorrez film on bat ateratzen”. Zinea eta literatura, literatura eta zinea: bikote perfektua ala ezinezko bikotea? Bi joera horien artean kokatzen da Harkaitz Canoren azterketa.