463 Zenbakia 2008-11-28 / 2008-12-05

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Iker Ortiz de Zarate. (Ortzai Antzerki Laborategiko zuzendaria): Asko etortzen dira Laborategira auto-estima berreskuratzeko

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Gasteizen jaio zen Iker baina urte mordoxka bat kanpoan ibili da aktore izateko trebatzen. Ikasitakoa irakatsi nahian, Ortzai Antzerki Laborategia ireki zuen Gasteizen. Gaur egun, berrogei ikasle inguru dabiltza bertan, gehienak Gipuzkoa eta Arabakoak. Berarekin mintzatu gara fantasia mundura urrats bat emanez eta soinu–banda bereziarekin, abenduan estreinatuko duten Miren Ponppis lana entseatzen harrapatu baititugu Gasteizko Pintoreria Kaleko 39 zenbakian. Nazioartean ibili zara aktore izateko trebatzen. Halaxe da, toki ezberdinetan egon naiz, baina garrantzitsuenak Kenteko Unibertsitatean egindako ikasketak direla esango nuke. Bestalde, nazioarteko oso maisu onekin ikasi dut; Paris, New York eta Londresen aritu naiz antzoki ezberdinetan. Lotsa ematen dit hori esatea, badirudi eta harroputz bat naizela; baina ahal izan dudan bezala joan naiz beti, zerbitzari gisa lanera, esaterako. Zorte handia eduki dut lortu dudana eskuratzeko. Iker, lokalaren aurrean. Eta leku horietatik, esperientzia hoberena non izan duzu? Egia esan oso jende ona topatu dut toki guztietan eta zorte handia eduki dut: etxeei, ikaskideei, irakasleei dagokienez... Gainera, irakasle oso bereziak eduki ditut eta batzuk besteak baino garrantzitsuagoak izan dira, momentuko beharren arabera neurtuz gero. Gogor lan egin behar izan dudan arren, oso polita izan da esperientzia. Orduan irakasle batzuk izango dituzu bereziki gogoan... Batzuk esatearren, Lluis Blat, James Price eta Antonio Sierra, baina asko eta asko izan direla aitortzen dut. Ez al zitzaizun gogorra egin kanpora ateratzea? Hogei urte nituenean oso triste joan nintzen Gasteiztik, hirian geratu nahi bainuen. Baina hemen ez zegoen nik behar nuena; 34 urterekin itzuli nintzen. Joan bezain pronto, itzultzeko ideia neukan; eta kanpoan egon nintzenean argi neukan ikasitako guztia hona ekarri nahi nuela. Orduan hasi al zinen Ortzairen proiektuarekin? Gasteizen nire familia, lagun eta beste guztia daukat eta pena ematen zidan barneratutako guztia ez konpartitzeak. Hala, kanpoan nengoela hasi nintzen dena prestatzen eta azkenean orain lau urte sortu zen Laborategia. Eta zer moduz hastapen haiek? Gogorra izan zen, baina egia esan laguntza ugari jaso genuen (Vesa, Vitoriana de Espectáculosek emandakoa adibidez) eta agian ez zen momenturik zailena izan. Gaur egun handitzen doa Laborategia eta oso seinale ona da, ondo gabiltzan ezaugarri. Aldi berean hazten doan heinean arazoak hasten dira, konplikatuagoa da. Nire proiektua da, nire ametsa eta oso polita da, baina oso gogorra da hau aurrera eramatea. Zein da zuen filosofia? Ez diogu inori Laborategian sartzeko baldintzarik jartzen. Gizartea guztiok osatzen dugu: zahar, gazte, mugikortasun mugatua dutenek... Agertokian islatuta egon behar da hori eta nire ustez edonork egin dezake zerbait ona, benetakoa. Noski, bakoitzak bere mugak ditu eta horretarako gaude hemen, horiek gainditzeko. Batzuk profesionalak dira dagoeneko, baina beste batzuk pertsonalki edota profesionalki hazteko etortzen dira. Adinari dagokionez ere, denetarik daukagu. Lotsatiek ere ba al dute tokirik? Noski! Asko etortzen dira kezka horrekin eta beti gauza bera esaten diet, nahiko nuke lotsa edukitzea arazorik handiena izatea. Eta benetan diot, aurreneko egunean desagertzen da. Gainera, asko auto–estima berreskuratzeko etortzen dira; azken urteotan geroz eta argiago ikusi dugu eta maiz beraiek ere ez dira konturatzen hori lantzen ari direnik denboratxo bat pasa arte. Laborategiko klaseak zertan oinarritzen dira? Ardatz nagusia ahotsa da, baina baita mugimendua, dantza eta esgrima ere. Esgrima? Oso garrantzitsua da ezpata erabiltzen ikasteko, baina batez ere akzio–erreakzioa lantzeko. Eszenatokian mugitzen ikasteko aukera ematen du, beti baikabiltza zerbait bilatu edo lortzen saiatzen eta bestearen arabera erantzun bat edo beste bat emango dugu. Hori zorrozteko ariketa bikaina da. Laborategiaz gain badaukazue konpainia bat ere. Bai. Batzuk poliki–poliki konpainian sartzen ari dira, proiektuen arabera. Irailean Figaro Garate antzezlana egin genuen eta orain Gabonetarako beste proiektu bat prestatzen ari gara. Euskaraz ala gaztelaniaz? Hasteko, esan nahiko nuke Ortzai Antzerki Laborategian euskarak beti duela lehentasuna. Eta nire ikuskizunetan biak nahastea gustatzen zaidan arren, batez ere gaztelania erabiltzen dugu. Gertatu izan zait euskaraz antzezten dakiten pertsonak ezin aurkitzea. Aldi berean, uste dut euskara hutsezko ikuskizunak eginez gero, asko ez zirela joango ikustera. Ulertzen dut euskaraz zein gaztelania hutsezko ikuskizunak egitea; zenbait tokitan ez dute nahi izaten gaztelaniazko lanak taularatzea. Bi hizkuntzak uztartuta, baina, euskarazkora joango ez zirenek nahi gabe ikusten dute emanaldia eta ondo eginda badago, gozatzen dute. Instituzioei hau azaltzeko arazoak izaten ditut batzuetan. Egia da euskararengandik ihes egiten duen jendea dagoela. Bai. Batzuk politikagatik, besteak ideologiagatik edota soilik euskara jakin ez eta ulertuko ez duten beldur direlako. Modu horretan naturaltasunez barneratzen dute euskara. Eta gainera ondo eginda badago, euskarazko zatien esanahia jakin nahiko dute, eta ikastera bultzatzeko modu bat da. Adibide bat, Shakespeareren Antonio eta Cleopatra. Ikuskizuna taularatu genuenean, jendeak uste zuen gaztelaniazko lana zela. Cleopatrak erromatarrekin erdaraz egiten zuen eta bere jendearekin aldiz, euskaraz. Inork ez zuen protestatu, kontrakoa baizik, konturatu baitziren euskara jakin ez arren ulertzen zutela. Modu horretan erabilgarri bihurtzen dugu euskara. Nola ikusten duzu antzerkigintza gure artean? Antzokiak betetzen dira, egia da, baina kasu gehienetan kalitate merke eta txarreko ikuskizunekin izaten da. Hala ere, arlo guztietan ematen ari den egoera da. Badirudi artearen inguruko dena degradatu dela eta alferkerian sartu garela. Ez dut demagogia egin nahi honekin, baina urte gutxian mundua aldatu dela nabaritzen dut eta kontsumismo honek ideiak alboratzea lortu du. Funtsezkoena ideiak edukitzea izan beharrean, dirua da inportanteena. Denok ditugu ideiak, ados, baina irizpidea? Geroz eta gutxiago. Pentsatzen dugu gauza guztiez hitz egiteko askatasuna dagoela eta iruditzen zaigu irizpidea daukagula horregatik... Baina ez da horrela, iritzia daukagu. Jendeak obra bat ona dela esaten duelako, ez dauka zergatik ona izan behar. Zer gomendatuko zenioke mundu honetan hasten ari den bati? Batez ere gogor saiatzeko. Eta baita gogoeta hau egiteko: gauza bat artista izatea dela eta beste bat, ospetsu eta diruduna izatea. Nik uste benetako arrakasta artista bihurtzea dela eta sarri ez dugu modu horretan ikusten. Kontuan hartu beharreko zerbait da. Ikastea, bidaiatzea eta pertsona ona izaten saiatzea da garrantzitsua. Bidea gogorra denez, azpikerietan dabiltzan pertsonak ere egongo dira... Bai, baina nik oso gutxi ezagutu ditut, benetan. Horrelako jendea topatuz gero, kendu egiten ditut nire bidetik. Argi daukat Laborategian ez dudala horrelako pertsonarik nahi eta norbait kaleratu behar badut, aurrera. Nirea ez den proiektu batean topo eginez gero, zuzendaria balitz utzi egingo nuke lana eta beste kide bat izatekotan, jarraituko nuke baina... Bestalde, badakigu antzerkiaz gain, telebista ere probatu duzula. Bai, azken lantxoa Goenkalen egin dut. Oso gauza txikia da, baina pozik aritu naiz, gustura. Esparru bakoitzak bere teknikak ditu, baina hala ere nik nahiago dut antzerkia, argi eta garbi. Nire pasioa da, zirraragarria da, benetakoa. Orain eta momentu honetako gauza da, sakona, berezia, gogorra... Gainera, momentu honetan ni naiz proiektuaren gidaria. Zailtasun handiekin, diru kontuak direla eta... baina nahi dudana egiteko aukera ematen dit. Esan genezake zuri esker Gasteizek antzerki eskola daukala... Horrenbeste esatea... Baina Gasteizi ematen diodana baino gehiago jasotzen dut zalantzarik gabe hemen egoteagatik. Niretzako Gasteiz berezia da, nahiz eta momentu honetan handiegia iruditzen zaidan eta gainera auzo berriak gaizki eginak daudela pentsatu. Baina hiria, bertako jendea eta eguraldia maite ditut, nire lurra da eta oso gustura nago. Gainera dena dago eskura, Iru?ea, Bilbo... Eszenatoki gainean pasatu zaizun anekdotarik kontatuko al diguzu? Bitxiena, behin lurrera erori nintzela barreari eusteagatik. Oso eszena gogorra zen. Beste aktorea negarrez zegoen, apurtuta, eta ni publikoari bizkarra ematen ari nintzen. Alargun soinekoz jantzita hirugarren pertsona bat sartu zen bat–batean eta oraindik bere txanda ez zela konturatu zen. Zomorro bat bezala irten zen eszenatokitik, bizkor–bizkor. Barreari eutsi nahi nion eta pentsatzen nuen konortea galdu behar nuela; lurrera erori eta azkenean barrez lehertu nintzen. Obra hartan jendaurrera irteten nintzen bakoitzean, publikoak txalo egiten zidan! Nondik datorkizu antzezteko zaletasuna? Txikitatik. Amak izugarri maite zuen zinema (orain ez horrenbeste) eta askotan hitz egiten zidan aktoresei buruz, gauez antzezten bezala irakurtzen zidan... Zein da zure obrarik kutunena? Asko daude, baina akaso, Las bodas de Fígaro. Unibertsitatean egin nuen eta oso berezia da niretzako. Bestalde, hemen prestatu dugunen artean, Las azarosas andanzas de dos picaras pellejas eta momentu honetan murgilduta gauden, Miren Ponppis. Aitor ezazu, irtengo al zinateke eszenatokira horiz jantzita? Bai noski! Eta ziur aski irten naizela. Eta norbaitek “zorte ona” opatuko balizu obra bat egin aurretik? (Barre) Ez zait axola. Badirudi aspaldi antzokietara jauntxoak karrozan joaten zirela eta iristean atari txiki bat aurkitzen zuten euria egingo balu ez bustitzeko. Zaldiak geratzean maiz kaka egiten zuten eta gorotz asko egoteak barruan jende asko zegoela esan nahi zuen. Horregatik esaten du jendeak kaka asko. Baina nik ez dut inoiz esaten, nik zorte ona opatzen dut. Superstiziorik ez, baina maniarik ba al daukazu? Beti gustatzen zait dutxa bat hartzea taula gainera irten aurretik. Baina nik uste dut guk geuk azken orduko ukituak ematen ditugulako dela; hots, attrezzoa edota makillajea dela, beti izerditan blai amaitzen dut. Zoriontasuna ematen al dizu Ortzaik? Momenturen honetan zoriontsua naizela baieztatu beharko banu, bai, zoriontsua naiz. Eta gainera Gasteizen egonda... Iker Ortiz de Zarate (Gasteiz, 1970) Txiki–txikitatik antzeztea gustuko du Ikerrek. Biziki maite du bere hiria, Gasteiz, eta horregatik gogorra egin zitzaion kanpora joatea ikastera. Kenteko Unibertsitatea, Paris, Londres edota New Yorken egon da trebatzen. 2004an Ortzai Antzerki Laborategia ireki zuen Gasteizen.