459 Zenbakia 2008-10-31 / 2008-11-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kirol egokituen nondik norakoak

ELIZONDO, Amaia

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioa



Kirol Egokitua. “Zer da kirol egokitua?” pentsatuko dute askok termino hori entzutean. Beste tokietan bezalaxe, Euskadin ezintasunak dituzten pertsona ugari daude. Horien artean, asko gazteak dira eta beren bizitza ez da besteena bezalakoa. Lehenik eta behin, ezintasun mota ezberdinak daudela aipatu behar da: adimen urritasuna, ikusmen urritasuna, entzumen urritasuna, ezintasun fisikoa, urritasun mistoa edota garun–paralisia aurki daitezke horien artean. Hala, Euskadiko biztanleen artean itsuak, gorrak, down sindromea dutenak, gorputzeko atalen bat falta zaien pertsonak edota garun–paralisia duten gazteak aurki daitezke. Oztopo ugari dituzte bizitza normala egiteko, baina horien gainetik aurrera egiten saiatzen dira. Bide horretan, faktore oso garrantzitsua kirola da, hain zuzen ere.

Egun, Euskadin, urritasunak banaka hartuta hogei kirol jarduera inguru burutu daitezke. Horien artean, hurrengo modalitateak daude kirol egokituan: igeriketa, boccia, slaloma, areto futbola, 7ko futbola, atletismoa, txirrindularitza, goalball, saskibaloia, xakea, mahai tenisa, esgrima, ur azpiko jarduerak, tiro olinpikoa, eskia, eskalada, hipika, tenisa, pilota, judoa, arrauna edota mendi ibilaldiak (senderismoa).

Izan ere, urritasunak dituzten pertsonentzako kirola ihesbidea izan daiteke askotan. Taldekako kirolek, jende berria ezagutzeko aukera ematen dute, eta horrez gain, fisikoki hobeto sentitzeko parada ematen du.

Kirol konbentzionalean bezala, kirol egokituan errendimendu kirola existitzen da. Horien adibide dira aurten Pekingo Joko Paralinpikoetan egon diren euskal kirolariak. Hain zuzen ere, garun–paralisia duten sei kirolari izan dira: Richard Oribe, Sara Carracelas, Arkaitz Garcia, Yolanda Martin, Aitor Oroza eta Javier Otxoa. Beste bostek ezintasun fisikoa dute; horiek dira, Amador Granado, Ana Rubio, Javier Conde, Sheila Hernandez eta Victor Hugo. Beren ezintasunaren gainetik, kirolari profesionalak direla erakutsi dute behin eta berriz. Eta, emaitzak ere hor daude. Horietako askok dominak ekarri baitituzte Pekinetik. Eurek egindako esfortzua milaka gazteren adibide izan dadila! Federazioen lana

Kirol Egokituaren Euskal Federazioak egoitza bat du probintzia bakoitzean. Horrela, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoak beren kirol egokituko federazioa dute. Horietan, kirolarientzako zenbait txapelketa antolatzen dira, baita bestelako ekimenak ere. Haurrentzako ere, jarduera anitzeko programa martxan jartzen da, hala, beste haurrek eskoletan egiten dituzten kiroletan murgiltzen dira. Azken finean, federazio guztien lana ezinduei aukerak ematea da, beraiek ere besteek dituzten eskubideak izan behar baitituzte. Eta lan horretan, zailtasun ugari azaltzen dira normalean. Izan ere, federazioen beste helburu bat pertsonen arteko integrazioa lortzea da. Ezintasunak ez baitu ekarri behar gizarte–bazterketa, baizik eta batasuna.

Kirol egokitu bakoitzak bere arauak ditu, baina kirol konbentzionalaren antzekoak dira. Saskibaloian, esaterako, arau berberak bete behar izaten dira. Ezberdintasun bakarra ezinduek gurpil aulkian jokatzen dutela. Txirrindularitzan, aldiz, beste era bateko bizikletak ere erabiltzen dituzte: handbike edota trizikloak, adibidez. Lehenengoa eskuekin gidatzen den bizikleta da, oinen partez. Bigarrenak, berriz, hiru gurpileko txirrinduak dira.

Bestalde, kirol egokituaren barruan, bocciak ospe handia du. Garun paralisia duten pertsonak dira orokorrean kirol hori gehien egiten dutenak eta petankaren estiloko jokoa da. Igeriketak ere ezindu ugari biltzen ditu, uretan libre sentitzen baitira horietako asko.

Garrantzitsuena beraien zoriontasuna da, horretarako eskubide osoa baitute!