459 Zenbakia 2008-10-31 / 2008-11-07

Euskonews Gaztea

Gaiak: Kirol egokituen federazioak, lan eta lan

EUSKONEWS GAZTEAren ERREDAKZIOA



Txina, Beijin, 2008ko abuztuan protagonismoa izan zuen herrialdea. Zergatik? Olinpiadak ospatu zirelako bertan; Olinpiadak eta Paralinpiadak, zehazkiago esanda. Azken batean, bietan ala bietan praktikatzen diren kirolak antzerakoak dira, baina egokitzapen bat jasaten dutenak.

Urritasunen bat duten kirolariak elkarteetan biltzen dira eta horiek lotura estua izaten dute federazioekin. Lurralde desberdinetan ditugu, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba eta Nafarroan, esaterako. Baina noski, federazio hauetan helburu zehatzak izaten dituzte. Oro har, minusbaliotasunen bat duten pertsonen artean kirola sustatzen dihardute elkarte hauek, eta horretarako, egokituko lehiaketa ofizialak eta jarduerak antolatzen dituzte lurraldeka, esaterako. Ekimen ugari antolatuz

Aipatu bezala, federazioak lurraldeka daude banatuta. EUSKONEWS GAZTEAk Bizkaia eta Gipuzkoako federazioekin hitz egiteko aukera eduki du. Bizkaiko kasuari dagokionez, eskola kirola, igeriketa ikastaroak (Barakaldon) edota hezitzaileentzako trebakuntza-ikastaroak antolatzen dituzte urte guztian zehar, esaterako.

Itziar Gorrotxategi Bizkaiko federazioko kideak azaldu digunez, antolatzen dituzten ekintzak jasotako diru–laguntzen araberakoak izaten dira. “Esate baterako, orain hiru urte sortu zen eskola kirola antolatzeko aukera. Astean bi egunez, multi–kirola egiten dute ikastetxeetan. Bi talde daude: 8tik 12 urte bitartekoak batzen dituena aurrena, eta 13tik 18rakoez osatutakoa bigarrena. Burutzen dituzten kirolak daukaten autonomia mailaren arabera erabakitzen dira. Hasieran, minusbaliotasun intelektuala zuten lagunak bakarrik zebiltzan arren, azken kurtsoan mugikortasun murriztua duten pertsonekin ere egiten dugu lan”. Getxo, Bilbo eta Arrigorriagan dute lan esparrua.

Beste alde batetik, Gipuzkoako federazioan lan egiten duen Amaia Elizondok jakitera eman digunez “urtean zehar Gipuzkoako ikastetxe ezberdinetan sentsibilizazio jardunaldiak egiten dira astearteetan. Multi–aktibitate programa ere badugu, haurrei zuzendutakoa. Monitore desberdinek haurrekin saio bereziak egiten dituzte kirol jarduerak ezagutzeko aukera izan dezaten.” Kirol Egokituen Astea, Donostian

Bestalde, azaroaren 7tik 16ra bitartean, VI. Kirol Egokituaren Astea ospatuko da Gipuzkoako hiriburuan. Besteak beste, hilaren 7an kirol egokitua Gipuzkoan ardatz hartuta, mintegia egingo da Kirol Etxean; Salto Bera Bera eta Mifas Esplais taldeen arteko saskibaloi partidua 9an; egokitutako golfari buruzko jardunaldi teoriko eta praktikoak 11n; sentsibilizazio jardunaldia Amara–Berri ikastetxean azaroaren 12an eta minusbaliotasunen bat duten kirolarien arteko karate txapelketa 15ean. Astea borobiltzeko omenaldia, egingo diete kirolari paralinpiarrei 16an.

Gizartea sentsibilizatu, elbarrituen artean kirola sustatu... Horiek dira federazioen helburuetariko batzuk eta egunez egun lanean dihardute asmoak egia bihur daitezen.