459 Zenbakia 2008-10-31 / 2008-11-07

Euskonews Gaztea

Elkarrizketa: Sara Carracelas. (Igerilari paralinpiarra): Nire lanean, GUREAken, web orriak diseinatzen ditut

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Sarak bere etxean hartu gaitu. Egongelako sofan urduritasunez hasi da hizketan, baina segituan lasaitu eta erreparorik gabe eta umore bikainean gure galderei ezbairik gabe erantzun die. Neska lanpetua dela argi geratu zaigu ordubeteko mintzaldiaren ostean. Errenteriatik Donostian ASPACEk duen egoitzara joaten da astelehenero eta han egiten du bizimodua astean zehar beste hiru pertsonekin konpartitzen duen etxean. Goizeko 9etan sartzen da lanera 14:00ak arte, eta bazkalostean, entrenatzera joaten da. Oso gutxitan bueltatzen da 20:30ak baino lehen. Asteburuak, amonarekin eta lagunekin egoteko aprobetxatzen ditu. Bestalde, 27 urteko gipuzkoarra lau Paralinpiar Jokotan aritu da, azkena, Pekinen eta domina batekin bueltatu zen. Hasteko galdera erraz bat. Nongoa zara? Donostian jaio nintzen, baina bizitza guztia Errenterian bizi izan naiz amonarekin. Hala ere, gaur egun astean zehar Donostian bizi naiz lan kontuengatik eta asteburuetan bueltatzen naiz etxera. ? Sara Ur Kuboa eraikinaren kanpoaldean. Argazkia: Sara Carracelasek utzia. Igerilari paralinpiarra zaitugu. Baina konta iezaguzu, noiz hasi zinen? Lau urte nituela hasi nintzen garun?paralisia dela?eta terapia gisa, Aspacen bertan. Eta 14 urte nituenean eskaini zidaten modu serioago baten igeri egitea. Ezetz esan nuen! Baina azkenean animatu zinen. Bai, Aspaceko lagunak tematu egin ziren eta probatzea erabaki nuen. Eta amonak zer zioen? Egia da amonak apur bat nahi dudana egiten utzi didala beti. Baina logikoki, hasieran beldur pixka bat ematen zion bere biloba etxetik irteteak, eta gehiago minusbaliatua izanda eta laguntza behar izatean. Gainera, 14 urte besterik ez nituen, baina gogoan dut zer esan zidan: Zuk nahi baduzu joan. Atsegin baduzu jarraitu, eta bestela utzi dezakezu, erraza da. Eta begira noraino iritsi zaren! Bai, eskerrak saiatu nintzen! Aspacekoek esaten zidaten bezala, probatzeagatik ez zen ezer galtzen eta orain guztiak harro daude nitaz. Nola oroitzen dituzu hastapenak? Esan bezala igerian txikitan hasi nintzen eta besoetako flotagailuak erabiltzen nituen. Haiekin ondo moldatzen nintzen arren, bat kendu eta hondoratu egiten nintzen! Nik uste psikologikoa zela guztia, izan ere atzamar batekin heldu eta ur?gainean egoteko gai nintzen, baina kenduz gero... ? Non entrenatzen duzu normalean? Anoetan. Nire entrenatzailearekin batera ibiltzen naiz, Julia Perez deitzen da. Eta gogorra al da? Bai, baina helburu bat jartzen badiozu zure buruari, gogorra izan behar zarela uste dut. Egia da entrenatzaile gogorragoak ere badaudela. Juliarekin 14 urte daramatzat eta bikain moldatzen gara. Eta zenbat denbora entrenatzen duzu? Denboraldiaren arabera desberdin. Uda honetan esaterako, Pekinera begira egunero entrenatu behar izan dugu. Beste txapelketaren bat badut (Espainiakoa, esaterako) ez dut horrenbeste egiten. Arratsaldero joaten naiz, astelehenetik ostiralera. Ordubete soilik uzten digute, baina entrenamendua ahal dudan guztia luzatzen saiatzen naiz. Igerian bai, baina zein modalitatetan aritzen zara? Horiei dagokienez, 50m, 100m eta 200m libreetan eta 50m bizkarrez modalitateetan aritu izan naiz. 200m libretan oso eroso sentitzen nintzen eta asko gustatzen zitzaidan. Hala ere, 50m bizkarrez egitea da nirea. Baina esan behar dut beti bizkarrez egiten dudala igeri, baita estilo librean ere. Aurten Pekinen ez duzu zure kategorian lehiatu ahal izan. Hala da, proba batzuk kendu zituzten eta 50 metro bizkarrez egitea egokitu zitzaidan soilik. Domina bat jantzi zenuen gainera. Bai, brontzezkoa. Hamarren gutxi batzugatik ez zen zilarrezkoa izan! Horrek indarra ematen dit aurrera jarraitzeko. ? Pekineko jokoetan, podiumean. Argazkia: Sara Carracelasek utzia. Esango al zenuke Pekinen zure helburuak lortu dituzula? Bai eta ez. Alde batetik ni urrearen bila joan nintzela esan behar dut; ez dakit nire azken olinpiada izango den, eta amets hori neukan. Nire kategorian lehiatu ez nintzenez ezin izan nuen lortu, baina egia da munduko errekorra egin dudala eta nire kategorian igeri izan banu urrea litzateke seguru. Helburu hori ez lortzearen arantza daukat, baina aldi berean poz?pozik nago. Kuriositate gisa, zure urtebetetzea Txinan pasatu zenuen, ezta? Bai, nire urtebetetze egunean lehiatzea egokitu zitzaidan. Berezia izan zen, polita. Baina nire burua egon behar zenera zegoen, eta ez nuen nire urtebetetzea zenik pentsatzen. Gaizki pasatu nuen, txapelketako azken eguna zen eta 20 egunez bertan egon nintzen nire txandaren zain. Psikologikoki oso nekatuta amaitu nuela esan dezaket. Agian lehenengoa ez, baina bigarrena gera nintekeela ere pentsatzen dut, egoera beste bat izan balitz. Baina ospatuko zenuten moduren batera, ezta? Noski! Gainera horrelako norgehiagoka batean parte hartzeko gauza batzuei uko egin behar izan diet, lagunekin irteteari, gaueko bizitzari... Eta gogoz hartzen da ospakizuna azken gauean. Txapelketa guztiak dira garrantzitsuak. Baina zeinek ematen dizu ilusio gehien? Zalantzarik gabe Olinpiadek. Kirolari guztion helburua dela esango nuke. Ni neu lautan aritu naiz eta hamar domina eskuratu ditut. Toki bereziren batean gordetzen al dituzu domina guzti horiek? Ba ez, bakoitza bere kutxatilan dago gordeta. Ez zait zintzilikatzea gustatzen, ez dakit zergatik. Gogoan dut eskuratu nituen lehendabiziko biak (Espainiako txapelketa batekoak) jarri nituela, ilusioa egiten zidalako, baina gero ez dut jarraitu. Atlanta, Sydney, Atenas eta Pekin. Nongoa da gordetzen duzun oroitzapen onena? Hiri bezala Sydney gustatu zitzaidan gehien, oso ederra da. Txinari dagokionez, antolakuntza eta estetika aldetik primeran egon zen. Guztietatik oroitzapen ona dudan arren, agian Atlanta da gutxien gogoratzen dudana, orain dela 12 urte izan zen eta! ? Rafa Nadalekin egutegiko irudian. Argazkia: Sara Carracelasek utzia. Aitortu, zer moduz daramatzazu lehiatze aurreko nerbioak? Asko izaten ditut, baina ez daukat horiek kentzeko modu berezirik. Gainera, buruak azkarrago funtzionatzen du gorputzak baino. Burutik ondo ez bazaude, gaizki amaitzen duzu entrenatuta egon arren. Txapelketak direla?eta, asko bidaiatu duzu. Atsegin al duzu? Bai, gustuko dut. Nagikeria gehien ematen didana, maleta egitea eta tokira iristea. Baina behin helmugara iritsita asko gozatzen dut. Hegazkinean ibiltzeko ere ez daukat arazorik; nahiago dut handietan ibili, ez baita ia nabaritzen mugitzen ari zarenik. Igeriketaz gain lan ere egiten duzu... GUREAn ari naiz orain bi urtetatik eta web?orriak diseinatzen ditut. Publizitate enpresetatik iragarkiak iristen dira eta nik diseinatzen ditut orriak. Asko atsegin dut, Errenteriako Koldo Mitxelenan Informatika modulu bat ikasi nuen eta gehien gustatzen zitzaidan esparrua da hau. Gaiz aldatuta, ba al daukazu biziki gogoko duzun igerilariren bat? Egia esan behar badut, igeriketa konbentzionala gutxi jarraitzen dut. Akaso nik neuk igerilekuan denbora asko igarotzen dudalako eta ez dudalako gogorik izaten. Baina aurten Michael Phelps jarraitu dudala aitortzen dut. Kirolak orokorrean aspertu egiten nau; hori bai, boladak izaten ditut eta adibidez, tenisa ikusten dut, hurrengoan beste kirol bat... ? Carlos Moyarekin. Argazkia: Sara Carracelasek utzia. Beraz, zeintzuk dira zure zaletasunak? Ordenagailuarekin ibiltzea izugarri atsegin dut txikitatik. Nire lanean, GUREAn, web?orriak diseinatzen ditut. Eta messenger eta internetekin egun guztia sartuta pasa dezaket! Hemen Donostian ez daukat, baina Errenteriara iristean egiten dudan aurreneko gauza etxeko ordenagailua piztea da! Eta musika gustatzen al zaizu? Boladaka talde bat edo bestea entzuten dut. Baina Estopa gustuko dut, hiru kontzertutan egon naiz eta primeran pasatu dut. Reggaetona ere entzuten dut... Momentuaren arabera hautatzen dut, baina beti gaur egungo musika. Txoritxo batek komentatu dit iaz egutegi batean irten zinela Rafa Nadal tenis jokalariarekin. Batzorde paralinpikoak egutegi berezi bat egin nahi zuen, hilabete bakoitzean kirolari olinpiar eta paralinpiar bana agertuz. Niri Rafa Nadalekin egokitu zitzaidan. Malagara joan nintzen egitera, oso mutil xumea iruditu zitzaidan. Bidaia hartan, gainera, Carlos Moya tenislaria ezagutzeko aukera eduki nuen eta berak ere nirekin argazki bat atera nahi izan zuen. Beste guztiak pertsona bakarrarekin, eta ni birekin! ? Eta nola izan zen hori? Rafa Nadalekin argazkia ateratzen ari nintzen eta bera gelan sartu zen. Nik ere irten nahi dut esan zuen; oso naturala izan zen. Nahiz eta egutegian atera ez, oroigarri gisa ditut argazkiak! Goazen gai serioago batetara. Uste al duzu gizarteak aukera berdinak ematen dizkiela minusbaliotasunen bat daukatenei eta gainerakoei? Inola ere ez. Lanari dagokionez, esaterako, askoz gehiago kostatzen zaigu aurkitzea. Kirolari dagokionez ere... Beno, egia da aurten Paralinpiar Jokoei buruz gehiago entzun dela beste batzuetan baino. Baina ez dizkigute aukera berdinak ematen eta ezin dugu kirola gure ogibide bihurtu. Rafa Nadal edo Michael Pherphsek kirola utzi arren, ziur beste zerbait aurkitzen dutela. Desberdina da. Noren esku dago hori aldatzea? Nik uste guztion esku dagoela. Bakoitzak apur bat jarriz gero, gauzak aldatuko lirateke zalantzarik gabe. Amaitzeko, zeintzuk dira zure etorkizuneko asmoak? Nork daki, agian 2012ko Jokoetan parte hartuko dut. Hala ere, txapelketetara joateko laneko egun libreak aprobetxatu behar ditut, eta eskatzen ibiltzea ez zait asko gustatzen. Beraz, egunean bizitzea nahiago dut, kezkatu gabe; iristen naizenera eta kito. Eta profesionalki, lanean jarraitzea, asko kostatu zait nagoen lekura iristera. Dakidana da erretiratu arren, ez diodala igeri egiteari utziko, libre sentitzen bainaiz, segurtasuna ematen dit. Sara Carracelas (Donostia, 1981) Garun?paralisia dauka Sarak eta terapia bezala hasi zen gaztetan igerian. Aurten, Pekineko Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuen eta domina bat eskuratuta itzulil zen etxera. Dagoeneko lau Paralinpiar Jokotan esku?hartu du. Baina igeri egiteaz gain, Errenteriako Koldo Mitxelenan Informatika modulu bat burutu eta azken bi urteetan GUREAkera joaten da, eta web?orriak diseinatzen ditu.