455 Zenbakia 2008-10-03 / 2008-10-10

Euskonews Gaztea

Gaiak: Elhuyar Ikaslearen Hiztegia

ETXEBERRIA, Elixabete

Elhuyar Fundazioa, Hizkuntza Zerbitzuak Saila



Elhuyar Fundazioak Elhuyar Ikaslearen Hiztegiaren hirugarren argitalpena argitaratu berri du, liburu formatuan eta CD–ROM euskarrian, eta biak batera salduko dira. Hiztegia hezkuntza–prozesuan diharduen ikasleari begira egin da, batez ere DBHko eta Batxilergoko ikasleari begira. Horien beharrak asetzea izan da hiztegiaren xedea.

Hiztegi berri honek 28.100 hiztegi–unitate, 39.300 adiera eta 19.000 adibide biltzen ditu. Gainera, hiztegi–artikuluak eduki berriz hornitu dira argitalpen honetan: ohiko kategoria, definizio, adibide eta oharrez gain, 10.700 sinonimo eta antonimo, 1.025 gramatika–ohar eta 94 ilustrazio ditu hiztegiak. Ilustrazioen atalari dagokionez, 455 unitate dira guztira edo irudiren bat edo taularen bat dutenak edo horietara erreferentziaren bat dutenak. Obra honek, amaieran, aditz–taulak eta deklinabide–taulak biltzen dituen eranskina eta munduko estatuen izenak, hiriburuen izenak eta herritarren izenak jasotzen dituen eranskina ere baditu.

Argitalpen hau eguneratzeko garaian, corpusak, testuliburuak eta beste hainbat iturri izan ditugu ezinbesteko tresna, beteak beste: XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa, Zientzia eta Teknologiaren corpusa, Ereduzko prosa gaur corpusa eta Euskalterm Terminologia Banku Publikoa. Horrez gain, DBHrako argitaratutako testuliburuak arakatu ditugu, eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua–ren azken eguneratze–lanak ere jaso ditugu hiztegian.

Nobedade garrantzitsu bat ere bada, hiztegia liburu formatuan argitaratzeaz gain, CD–ROM euskarrian argitaratu izana. Gaur egungo ikasleak eta irakasleak ezin irudika ditzakegu ordenagailurik gabe, hain oinarrizko bilakatu den tresna hori gabe. Ildo horretatik, hiztegia formatu klasikoan argitaratzeaz gain, CD–ROM euskarrian argitaratzea ere beharrezkoa ikusi zen. Erabiltzaileak informazio bera aurkituko du bi euskarrietan. Hiztegia dagoeneko euskaragarri dago liburu–denda nagusietan eta www.elhuyar.org/denda web gunean.