453 Zenbakia 2008-09-19 / 2008-09-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Mutriku taula gainean

EREMIEV, Simeón IRIGOIEN, Mikel TXURRUKA, Ibai

Mutrikuko Institutuko Prentsa tailerreko ikasleak (DBH 4. maila)

Mutriku jatorriz, tradiziozko herri bat da. Urteetan zehar, Mutrikuko gazteek futbolaz gozatu dute baloiaren atzetik korrika edota frontoian zestaz eta eskuz jolasten. Hau horrela izan da aspaldidanik, baina gauza guztiak bezala gure herria aldatuz joan da denbora igaro ahala eta berarekin bertoko gazteria.

Orain dela ez asko agertu den moda batek bultzatu ditu gazteak taularen gaineko zenbait kirol praktikatzera. Mutrikun kirol hauetan aritzeko ia ez dago toki aproposik, beharbada hori izango da kirol hauek hain gutxi hedatzearen arrazoietariko bat.

Tendentzia berriak sortzen dira gazteen artean korronte edo mugimendu berrien agerpenaren ondorioz eta azken urte hauetan mundu mailan muturreko kirolek (skateboarding–a, surfa edota snowboarding–a) indar handia hartu dute. Mutrikuko gazteen artean kirol hauek hedatu eta praktikara eramaten hasi dira. Nork ez du ikusi gazte bat kalean zehar skatea–rekin edo hondartzetan surfa praktikatzen?

Hemen, gazte gehiago futbol edota eskubaloian aritzen dira, betikoak direlako eta era profesionalean praktikatzen direlako. Baina, hala ere badago beste kirolak denbora pasa gisa egiten dituen gazte talde txiki bat.

Skateboarding–a kalean praktikatzen da, baina Mutriku herri maldatsua da eta ezin da leku askotan egin. Normalean, Beheko Plazan elkartzen dira, toki laua delako eta beraien trikimailuak garatu ditzaketelako. Skateboarding–a praktikatzeko beste lekuetariko bat ?U? deituriko tokia dugu. Bestalde, kalean esaten denez, skatepark bat egiteko proiektu bat planteatu zuen Mutrikuko udaletxeak, baina azkenean ez da aurrera eraman.

Surfak ere nahiko indar dauka gazteen artean, baina ezin da Mutrikuko kostaldean praktikatu, portu berri bat eraikitzen ari baitira. Surferako toki bakar bat daukagula esan daiteke, Alkolea; bertara joaten dira herriko surflariak. Kirol hau egiteko beste aukera bat, inguruko herrietara joatea da, esate baterako, Deba edo Zarautzera.

Ikusi duzuenez, Mutrikun zailtasun handiak egotea ez da eragozpena kirol hauek praktikatzen duten gazteentzat eta gutxika–gutxika jende gehiago ausartzen da taularen gainean jartzera.