453 Zenbakia 2008-09-19 / 2008-09-26

Euskonews Gaztea

Gaiak: Aniztasunaren plazerra

SALA, Teresa



Aurten zortzigarren aldiz Hizkuntzen Egun Europarra ospatzen dugu irailaren 26an. 2001.a Hizkuntzen Urte Europarra izendatu ostean erabaki zuen Europako Kontseiluak urtero egun bat hizkuntza ezberdinen bizikidetasunari eskaintzea. Herritarrei hizkuntzak ikastearen garrantzia estimatzen laguntzea; Europan hitz egiten diren hizkuntza guztiak ezagutzera ematea, eta hizkuntzen ikasketa edozein adinetan sustatzea. Hauek dira, ofizialki, egun honek lortu nahi dituen xedeak. Edozeinek, edonon eta edonola ospa dezake. Hala, nahi duen dimentsioa, garrantzia edo zentzua eman diezaioke. Aste berezi honen aurkezpeneko argazkia.

Lacunza–IH gerra zibileko haur Javier Lacunza donostiarrak duela 50 urte baino gehiago sortutako hizkuntzen zentroa da. Gaur egun Donostian eta Irunen txinera, frantsesa eta ingelesa irakasten ditu eta badu aparteko egiten dion ezaugarria. Aparteko edo, behintzat, ezberdin. Izan ere, bertako bulego eta geletan hamar nazionalitate baino gehiago elkartzen dira. Hilabete gutxi batzuk bertan lanean daramatzanarentzat, zinez diot, gozamena da eguneroko errutina hizkuntza eta azentu ezberdinez zipriztindua sumatzea. Astebeteko ospakizuna

Aurten zortzigarren aldiz Hizkuntzen Egun Europarra ospatzen dugu baina Lacunza–IHk estreinakoz egingo ditu honen inguruko ekimenak. Hala, zazpi egunetan zehar hizkuntza ezberdinetan sortutako askotariko jarduerak izango dira gozagarri. Hilaren 20an, 11:00etan, First Certificate in English deritzon azterketaren formatuak jasandako aldaketen inguruan mintzatuko da Cambridge ESOL azterketetako Team Leader Patricia Norris. Irailaren 22an, 18:30ean Espainiako FLE–Hachette/SGEL argitaletxeko aholkulari pedagogiko Jean François Revelek “Les aspects culturels du fraçais au service de l’apprentissage de la langue” edo “Hizkuntzaren ikasketaren zerbitzura dauden frantsesaren alderdi kulturalak” hitzaldia eskainiko du. 23an, 18:30ean Ainhoa Alberdi Gisasola eta Iraia Elias Muniain zarauztarrek “Oz–eko Aztia” euskarazko antzezlana eskainiko diete txikienei. Ipuin kontalariz eta txotxongiloz hornitutako emanaldia; ekaitzez, pertsonaia bereziz, abenturaz, animaliaz eta magiaz zipriztindua.

Irailaren 24ean, asteazkena, iluntzeko 19:00etan Adur Letamendia surflari gazteak bere taularen gainean bizi izan dituen sentsazioak, beldurrak eta eskarmentuak izango ditu mintzagai ingelesez eskainiko duen hitzaldian. Gazteei zuzendutako solasaldi honetan, hiru bideo emanaldi izango dira gozagarri eta, gainera, surflariak hainbat poster eramango ditu bertaratutakoak sinatuta eraman ditzaten. Hizkuntza ezberdinak menperatzeak edozein motatako ekimen burutzeko baliogarria denaren erakusgarri. Egun bat beranduago, hilaren 25ean, Manuel Sanchez Monasteriok “Claves para comprender China. Cómo integrarse en un país arropado por una cultura milenaria que habla el idioma del futuro”, “Txina ulertzeko gakoak. Nola integratu etorkizuneko hizkuntza hitz egiten duen eta milaka urteko kultura batengatik babestua dagoen herrialde batean” hitzaldia eskainiko du. Sanchez Monasteriok urteak daramatza Pekinen eta, besteak beste, txinatarrekin batera bizitzeak suposatzen duenaren inguruan hitz egingo du, anekdota pertsonalak tartekatuko dituelarik. Ekimen honetan, gainera, Lacunza–IHko txinerako irakasle Lili Caok ere parte hartuko du. Ostirala, tailer eguna

Irailaren 26a izango da egun handia eta goizeko 9:30etik iluntzeko 19:00etara Nazioarteko Hizkuntzen Lehen Tailerra egingo da; mundu guztiari irekitako eguna. Italiera, hungariera, tibetarra edo alemana bezalako hizkuntzetan esaldi praktikoak ikasteko aukera egongo da, doan, “hizkuntza arrotz bat ikasteak suposatzen duen plazerragatik, horregatik besterik ez. Begi–bistara sinplea dirudien gozamen honek, bizitzari aurre egiteko beste modu batzuetara leihoak irekitzen baitizkigu.

Ekimen hauek guztiak, antzezlana eta Adur Letamendiaren hitzaldia barne, irekiak dira eta dohainik izango dira. Guztiak Donostian egingo dira, San Bartolome kaleko 10.ean. Bertan parte hartzeko edl@lacunza.es posta elektronikora idatzi edo 679 299081 telefono zenbakira hots egin. Hori besterik ez da egin behar. Informazio gehiago www.lacunza.es web gunean.