453 Zenbakia 2008-09-19 / 2008-09-26

Gaiak

Adimenen artean zubiak eraikiz edo zergatik pixka bat es más que mucho

Bumstead, Pippa

Ingeleseko irakasle, irakasle-prestatzaile eta ikasketa-buru izan da Espainian eta Erresuma Batuan, eta gaur egun Proiektu Zuzendaria da Donostiako Lacunza – IH hizkuntza-ikastegian.



Oso zoriontsua naizela uste dut. Segur aski, Ingalaterran jaio eta jatorrizko hizkuntza ingelesa dutenen artean, sei urterekin bigarren hizkuntza ikasten hasi zen bakanetakoa izango naiz, nire amak frantsesezko lehen hitzak eta esaldiak irakasteko pazientzia eta aurreikuspena izan baitzituen.

Zergatik uste dut zoriontsua naizela? Ez da, zuek agian horrela uste baduzue ere, gaur egun frantsesa akatsik gabe eta arin hitz egiten dudalako (egia esan, ez dago horrelakorik; unibertsitatean frantsesa ikasten jardun arren, tamalez hizkuntza herdoildu egin baitzait praktikarik ezaren ondorioz). Nire amak benetan eman zidana, egundaino nigan iraun duen hizkuntzarekiko eta hizkuntzekiko maitasuna izan zen, eta horregatik sentitzen naiz hain zorioneko.

Zer hizkuntza dakizkidan galdetuz gero, zaila izango litzaidake erantzutea. Jatorriz ingeles hiztuna naiz, eta espainierari dagokionez jatorrizko hiztunen maila dut ia. Frantsesez eta italieraz moldatzen naiz, eta behar izanez gero alemanez eta katalanez ere bai (garagardo kopuru zuzena eskatzeko eta Donostia inguruko metropolian galdutako turistei norabide aski zehatzak emateko adina bai behinik behin). Une batean edo bestean, kroazieraz, euskaraz, japonieraz, portugesez, swahiliz eta ketxueraz hitz egin dut, eta gutxi gorabehera ulertu izan didate. Elizetako latinezko izkribuak, oro har, deszifratzen ditut, eta gai naiz alfabeto zirilikoa eta grekoa edota karaktere japoniarrak eta txinatarrak bereizteko.

Hori guztia oso zirraragarria irudituko zaizue agian, baina, egia esan, neure burua lotsarazteari eta okerrak egiteari buruz batzuetan dudan berriketa gutxiko jarreraz eta hizkuntzarekiko liluramendu eta jakin-min sakonaz aparte ez dut uste dohain berezirik dudanik.

Argazkia: t i n a | r a v a l.

http://www.flickr.com/photos/tinavalles/1598217707/

Hizkuntza baten eta bestearen artean dauden aldeak eta bestelakotasuna harrigarriak dira, eta hori ez da beldurgarria, zirraragarria baizik. Jakina, hizkuntza ikasteak ahalegina eskatzen du, baina hasieratik hizkuntza bat ikastea zaila dela uste izatea ez da egokia nire iritziz. Ikuspegi horretatik, euskal hiztunek eta irakasleek sarritan mesede gutxi egiten diete euren buruari eta euren hizkuntzari. Ez dut uste euskara beste edozein hizkuntza baino zailagoa dela esan daitekeenik, baina zeharo desberdina bada. Izan ere, XVI. mendeko Giuseppe Giusto Scaligero jakintsu eta eleanitz ospetsuak hamaika hizkuntza zahar eta moderno ezagutzen zituen, baina euskara ezin zuen mendean hartu: “Cést un langage estrange que le Basque... On dit qu’ils s’entendent, je n’en croy rien.” Baina ezberdintasunak zailtasunarekin nahastea, berria eta ez-ohikoa den zerbaitekin gozatu ordez, nola moldatuko ote zarenari buruz larritzea esan nahi du.

Hona hemen hizkuntzen arteko desberdintasunak nola pozten nauten ikusteko zenbait adibide: euskarak eta swahiliak euren preposizioak izenaren amaieran eranstea edertasun handiko gauzatzat hartzen dut (zergatik izan behar du beti izenak itxura berbera?). Harritu egiten nau “jendea” hitzaren esanahia espainieraz singularra izatea, ingelesez plurala den bitartean. Alemanaren hitz ordena zorrotza ingeniaritza zehatzeko miraria da, eta aditzak erlatibozko esaldien amaieran jartzeak hotzikarak eragiten dizkit. Unibertsitatean, errusierako nire ikaskideen inbidia izaten zuen, beraiek bakarrik uler zezaketen idazkera misteriotsu dotore hura zela eta. Hizkuntza berri bat ikasteak ezinbestean dakar hots eta letra berriak ikastea (ß letra dut gogokoen, baina ñ ere ez dabil urruti), baita puntuazio landua ere (ç gakodunaren zale sutsua izan naiz ni beti – aitzakia ederra, frantsesaz gain, katalana edo turkiera ikasi behar izanez gero). Imajina ezazue alfabeto osoa berria duen hizkuntza berri bat ikastea! Kode sekretu bat! Zirraragarria benetan. Eta nire aurkikuntzarik berrienari dagokionez (aditzen eraketa hizkuntza semitikoetan), benetan, ez zenukete sinetsiko munduan zehar milioika lagunek etengabe eta itxuraz eragozpenik gabe erabiliko ez balukete.

Beraz, aniztasun hori ikusirik, zergatik hartu lanik bigarren hizkuntza edo hizkuntza gehiago ikasten? Arrazoi asko daude. Elebitasunari buruzko ikerketek erakutsi dutenez, haur elebidunek ez dituzte kontzeptuak eta berauen inguruko mundua hitz arrunt bakunekin lotzen, eta, ondorioz, beren kide elebakarrak baino irudimen eta asmamen handiagokoak eta arazoak konpontzen trebeagoak izan ohi dira. Desberdintasuna onetsi eta beste kulturekiko jarrera irekiagoa izaten dute.

Argazkia: t i n a | r a v a l.

http://www.flickr.com/photos/tinavalles/2633541572/

Bizitzan, bistan denez, guztion eskura ez dagoen luxua da elebitasuna, baina ez da nahitaezkoa beste hizkuntzetan maila handia lortzea lehen aipatutako onurez ohartzeko. Guy Deutscher hizkuntzalariak dioenez, beste hizkuntza batzuk jakitea “adimenen artean zubiak eraikitzeko gaitasuna” izatea dela, eta horren adibide ona egokitu zitzaidan duela gutxi txineraz hasiberrientzako urtebeteko ikastaroa egin duen emakume batekin izandako solasaldian. Ikasturtean zehar hainbat gauza interesgarri ikasi omen zituen, eta horien artean bat hauxe: bazkalostean norbait agurtzen denean, Europako hizkuntza askotan bezala “Arratsalde on” esan ordez, “Bazkaldu al duzu?” galdetu behar da. Egoera jakin batean esaldi zuzena erabiltzen jakiteaz gain, txinatarren pentsamoldeari dagokionez garrantzi handiko zorroztasuna ere bereganatu du emakume horrek.

Bidaiatu beharrik ere ez dago gaitasun horren erabilgarritasunaz ohartzeko. Etxetik inoiz irten ez bazarete, telebistarik ez baduzue eta Interneti uko egin ez badiozue behinik behin, ezinezkoa da jardunean hizkuntza desberdinetako eredurik ez topatzea. Agian atzerriko albiste-erreportajeren batean hitz batzuk ezagutu dituzuela ohartuko zarete, eta hala bada, berehala sarritan entzuten duzuen bizitasunik gabeko bikoiztaile monotonoarekin baino lotura estuagoak sentituko dituzue elkarrizketatu dutenarekin. Imajinatu autoz joan eta bidean doan Alemaniako kamioi batek daramatzan gaiak alboan idatzitakoaren bitartez asmatzea (hobby modura ez da oso zirraragarria, baina horrela auto-bidaia luzeak jasangarriagoak izaten dira). Espainiera apur bat dakien turistak edo euskara mugatuko euskaldunak hizkuntza horietan hitz egiteko ahalegina egiten badute, zubia eraikitzen ahalegintzen ari dira. Eta gogoan izan behar dugu zubiak, oro har, bi aldeetatik eraikitzen direla, beraz, entzumen bihotz zabal eta adore-emailea belarriraino iritsi nahi duen ahotsa bezain garrantzitsua dela. Pixka bat leloak bi norabideak hartzen ditu.

Gai horri dagokionez, bada, edozein hizkuntza ikastea —hitz gutxi batzuk bada ere— guztiz pozgarria izan daitekeela ulertaraztea izan da nire xedea. Espainieraz barra-barra hitz egitea bezain pozgarria da niretzat kroazieraz hitz pare bat jakitea. Gure haur guztiek ahalik eta gazteen ohartuko balira lilura horretaz, etorkizuna oso itxaropentsua izango litzateke noski. Espainian, behintzat, edonork jakin beharko lituzke oinarrizko esaera batzuk espainieraz, euskaraz, galegoz eta katalanez. Eta gure haurtzaroa aspaldi igaro bazen ere, ez da inoiz beranduegi izaten adimenen artean zubiak eraikitzen hasteko; eta ez lanerako, bidaiatzeko edo ikasketetarako bakarrik, eskaintzen duen bene-benetako atseginagatik baizik.