438 Zenbakia 2008-05-02 / 2008-05-09

Gaiak

Mendeurrenaren aurrerapena

BILBOKO ARTE EDER MUSEOA



2008an, Bilboko Arte Eder Museoak ehun urte bete ditu, 1908ko urrian sortu zenetik. Efemeridea aukera aparta da hasieratik eta gaur egunera arte Museoa sortzeko eta garatzeko lanean aritu diren guztiak omentzeko, eta Museoaren bikaintasuna ezagutzera emateko, bilduman oinarritutako erakusketen eta argitalpenen bitartez.

Lehenengo eta behin, Museoak erakutsi nahi duena da, bere historian zehar, pertsona bikainen babesa izan duela, eta, eurei esker, Museoaren jarduera eta ondarea aberastuz joan direla. Gure inguruko bildumagile eta instituzioei buruz ari gara; izan ere, egindako dohaintza eta gordailuei esker, modu nabarmenean egin dute gure inguru kulturaleko bildumarik esanguratsuenetako baten alde. Izan ere, Museoaren bildumak artearen historiako hamar mendetako eredu aipagarriak biltzen ditu. Hori horrela, orain, garrantzi bereziko gauza bat gertatu da, XX. mendeko maisu handi gehienen obra multzo zoragarri bat jaso baitugu gordailuan. XX. mendeko Artea Bilduma erakusketak autore garaikide handien 66 obra jartzen ditu bisitarien aurrean, eta aukera ematen du, besteak beste, Picasso, Miró eta Dalíren margoak aldi baterako hartzeko, lehen aldiz.

Beste alde batetik, Museoaren sorrera eta garapena defendatu zuten euskal artistak oroitu nahi ditugu; esate baterako, Manuel Losada, Arte Eder Museoaren lehenengo zuzendaria (1908tik 1948ra), eta Aurelio Arteta, Arte Modernoko Museoaren lehenengo zuzendaria (1924tik). Gaur egungo Museoa aipatutako bi horien fusiotik sortu zen. Baina beste margolari eta eskultore asko ere aritu izan dira lankidetzan, kudeaketa lanak eginez edo euren obrak dohaintzan emanez. Euskal artistak. Bilboko Arte Eder Museoa Bilduma erakusketa antolatzea eta Euskal Artisten Gida lehen aldiz argitaratzea Museoak hurbileko artistei egindako omenaldia eta esker ona da. Horrekin batera, Goyatik Gauguinera erakusketak XIX. mendeko obra eta artisten hautaketa interesgarria proposatzen du. Obra horiek bildumaren parte garrantzitsua osatzen dute, eta Museoak balioa eman nahi izan die azken urteotan, kalitatezko pieza gehiago eskuratuz eta zenbait erakusketa ibiltaritan erakutsiz. Erakusketan ikusgai diren lanen artean, nazioartean ospe handia duten artistak ageri dira, Goya, Cézanne eta Gauguinetik hasi eta Madrazo eta Sorollaraino.

Gainera, erakusketen egitarauak sakondu egiten du Museoak arte britainiarrarekiko duen ohiko interesa, Tate Liverpool museoak antolatutako Peter Blake: atzera begirakoa erakusketarekin. Era berean, Eskola Espainiarrarekiko interesa ere agerian geratuko da, Sorolla. Espainiaren ikuspegia. Hispanic Society of America-ren Bilduma, erakusketari esker. Interes eta zorroztasun zientifiko handiko erakusketak dira biak ala biak.

Horretaz gain, erakusketekin batera, beste zenbait ekintza ere egingo dira: Artearen Papera eta Obra Gonbidatua erakusketa-programak, Zinematekaren emisioak, Zaindu - El Museo Restaura programaren zaharberritze lanak, Buletina, jarduera didaktikoak, hitzaldi zikloak eta urtean zehar Museoak antolatzen dituen gainontzeko ekitaldiak. XX. Mendeko Arte Bilduma Arte Garaikidearen Aretoa. 2008/01/21 - 2008/03/02

Gure inguruko bildumagile baten (anonimatuan egon nahi du) jabetzako obra multzo aparta aurkeztu da. Hasiera batean, obra horiek bost urterako laga ditu Museoan, nahiz eta, gero, epe hori luzatu egin daitekeen. XX. mendeko artean nabarmendu ziren 47 egileren 66 obra dira –48 margo eta 18 eskultura–, baina XIX. eta XXI. mendeetako autoreen zenbait obra ere badaude. Multzo horretan dauden artista nagusien zerrendak argi uzten du oso bilduma garrantzitsua dela: Sorolla, Nonell, Kandinsky, Torres García, Julio González, Picabia, Klee, Picasso, Blanchard, Gleizes, Léger, Braque, Metzinger, Gris, Solana, Chagall, De Chirico, Ernst, Miró, Dalí, Domínguez, Oteiza, Palazuelo, Tàpies, Chillida, Millares, Saura, Gordillo, Serra, Cragg, Navarro, Kapoor eta Barcelóren lanak daude, besteak beste. Euskal artistak. Bilboko Arte Eder Museoa bilduma BBK aretoa. 2008/02/11 - 2008/05/25

Bilboko Arte Eder Museoak euskal artisten bildumarik garrantzitsuena dauka. Erakusketak Museoaren alderdi esanguratsu horren gaineko begirada erreflexiboa planteatzen du, eta, aldi berean, euren sorkuntza eta garapena defendatu zuten euskal artisten berri ematen du: Manuel Losada izan zen Arte Eder Museoaren lehenengo zuzendaria, 1908tik 1948ra, eta Aurelio Arteta, Arte Modernoko Museoaren lehenengo zuzendaria 1924tik. Gaur egungo Museoa aipatutako bien fusiotik sortu zen. Baina beste margolari eta eskultore asko ere aritu izan dira lankidetzan, kudeaketa lanak eginez edo euren obrak dohaintzan emanez. Erakusketa egitea eta Bilboko Arte Eder Museoko Euskal Artisten Gida argitaratzea (lehen aldiz, Museoak bere mendeurrena betetzen duenean) hurbileko artisten omenaldi gisa ere har daiteke, Museoak aintzat hartu nahi izan ditu eta. Peter Blake: Atzera begirakoa Arte Garaikidearen Aretoa. 2008/03/03 - 2008/06/22 Tate Liverpool-ek antolatutako erakusketa

2007ko udan Tate Liverpool museoan aurkeztutako erakusketa hau pop arte britainiarreko ordezkari nagusienetako baten atzera begirakoa da: Peter Blake (Dartfordt, Kent, 1932) da artista hori. Modu horretan, Erresuma Batua, Italia, Frantzia, Alemania eta Japoniako museo eta bilduma partikularretatik ekarritako 100 obra baino gehiagoren bitartez, egilearen ibilbide osoa berrikusiko da, berrogeita hamarreko hamarkadaren erdialdeko hasierako obretatik hasi eta gaur egungoetaraino. Margo, marrazki eta grabatuen bitartez, erakusketak agerian jarriko du Blakeren irudimen zabala. Bertan, kultura herrikoi garaikidearen erreferentziak (boxeolariak, aktoreak, musikariak, komunikabideak, publizitatea, komikia...) eta artearen historiaren, tradizio britainiarraren eta artistaren biografiaren gaineko erreferentziak agertuko dira. Studio Aretoa (1948-1952) Abentura artistikoa gerraosteko Bilbon Eraikin Zaharra. 2008/03/17 - 2008/05/18

Erakusketak Bilboko Stvudio Aretoa delakoaren ibilbidea aztertuko du. 1948 eta 1952. urteen artean, espazio horretan, artista berritzaileak aurkeztu ziren. Willi Wakoniggen (1914-2000) zuzendaritzapean, Aretoan hitzaldiak, kontzertuak, antzezlanak edo zinekluba antolatu ziren, eta Jorge Oteiza, Maria Paz Jiménez, Jesús Olasagasti, Menchu Gal, Agustín Ibarrola, Picasso, Vázquez Díaz edo André Massonen obrak erakutsi ziren, bestek beste. 70 bat obraren bitartez, Aretotik pasatu ziren artisten ikuspegia eskainiko da, eta, horrekin batera, Aretoaren funtzionamenduari eta egiten zituzten jarduerei buruzko atal dokumentala ere egongo da (gutunak, marrazkiak, argazkiak...). Goyatik Gauguinera. XIX. mendea Bilboko Arte Eder Museoan BBK Aretoa. 2008/06/16 - 2008/09/28

Ia mende oso batez, Bilboko Arte Eder Museoak XIX. mendeko hirurehun pintura eta eskulturatik gorako bilduma baliotsua sortu du. Erakusketan XIX. mendeko artisten hautaketa zainduak proposatutako ibilbideari jarraituz, oso desberdinak diren adierazpenetara helduko gara, hala nola, kabineteko koadrora, paisaia errealistara, erretratura, pintura kostunbristara eta pintura historikora. Erakusketan ikusgai diren lanen artean, nazioartean ospe handia duten artistak ageri dira, Goya, Cézanne eta Gauguinetik hasi eta Madrazo, Sorolla eta Picassoraino. Euskal artisten presentzia bereziki garrantzitsua da, besteak beste, Guiard, Regoyos, Iturrino eta Zuloaga agertzen baitira. Artearen papera VII Picasso eta liburuak. Bancaja bilduma Tarteko Solairuko Aretoa. 18/09/2008 - 30/11/2008

Erakusketa Bancaja Bildumako hogeita bost liburuk osatzen dute. Liburu horiei esker, egilearen alde ezezagunenaren zenbait alderdi ezagutu ahal izango dira, Picassoren kolaborazioa izan zuten zenbait idazle historikoren liburu batzuetako ilustrazioen bitartez. Oso edizio bereziak dira, batzuetan oso publiko aukeratuarentzat egindakoak. Picassok askotariko egileak ilustratu zituen, klasiko greziarretatik hasi eta garaikideetara arte, artista bakar legez edo ilustrazioak beste batzuekin konpartituz, argitaratzaile boteretsuenentzat lan eginez edo lagunentzat eskuzabaltasunez lan eginez, teknika ugari erabiltzen dituen bitartean. The Hispanic Society of America, New York, gordailua Zuloaga, La Víctima de la fiesta (1910) Oihal gaineko olio-pintura, 284 X 344 cm Hall Mogrovejo. 2009ko urrira arte

Museoak Ignacio Zuloaga (Eibar, 1870–Madril, 1945) margolariaren obra garrantzitsu bat jaso du gordailuan: Festako biktima da lanaren izenburua, eta New Yorkeko The Hispanic Society of America erakundetik dator. Museoko Eraikin Zaharreko Mogrovejo Hallean egongo da ikusgai 2009ko urrira arte.

Margolana Segovian margotutakoa izan zen 1910ean eta Zuloagari zuzenean erosi zitzaion urte batzuk beranduago, 1928an. Archer M Huntington, Hispanic Society erakundearen fundatzailea eta margolariaren laguna, izan zen pintura erostearen erabakia hartu zuena, nahiz eta bere kostua 40,000$ izan. The Hispanic Society-n sartu baino lehen, margolana beste hainbat tokitan erakutsi da: Roma, París, Budapest, Dresde, Múnich, Bilbao, Nueva York y Madrid, beste batzuen artean. Pradoko Museoaren gordailua Goya, Marquesa de Santa Cruz, 1805 Oihal gaineko olio-pintura Urria / abendua 2008-04-29

Pradoko Museoak denboraldi batez utziko dio Goyaren Marquesa de Santa Cruz margolana. Aparteko keinu honekin mendeurrenaren ospakizunetara batzen delarik.

Pintura hau Bilbon zegoen 1941. urtetik Félix Valdésen bilduman, baina gorabehera batzuen ondorioz 1986an el Pradok eskuratu zuen. Goyak, gorteetan erretratugile eta margolari postu pribilegiatu bat lortu eta gero margotu zuen. Joaquina Téllez-Girón y Pimentel anderearen erretratua da; Osunako dukeen alaba eta Santa Cruz-eko markesa, 1801ean José Gabriel de Silva eta Walstein-ekin ezkondu eta gero. Amodiozko poesiaren musa moduan aurkeztua (pintura eta poesiarenganako zituen zaletasunaren ondorioz), Goyaren maisutasunaren adierazgarri da. Emakumeak mahatsondoz osatutako urre koloreko koroa darama buru gainean eta gaza txurizko soineko, emakumearen figura dotorearen bidez neoklasizismoaren ikuspegi pertsonala erakusten digu Goyak. Sorolla. Espainiaren ikuspegia. Hispanic Society of America-ren bilduma Garaikide aretoa. 13/10/2008 - 18/01/2009

Sorolla. Espainiaren ikuspegia. Hispanic Society of America-ren bilduma erakusketan Sorollak 1912 eta 1919. urteen artean egin zituen hamalau mural bildu dira. Lan horietan, Espainiako zenbait eskualdetako jendeari eta garaiko ohiturei buruz zeukan ikuspegia erretratatu zuen. Margolanak New Yorkeko Hispanic Society-ren sortzaile Archer Milton Huntingtonek eskatuta egin zituen, sozietate horren irakurgelan jartzeko, eta, oraingoan, lehenengo aldiz atera dira jatorrizko kokapenetik. Panelek 3,5 metroko altuera dute, eta gutxi gora behera 60 metro mihise hartzen dute luzeran. Multzoa bi urterako laga zaio Bancajari, besteak beste, Valentzian, Sevillan, Málagan, Bilbon, Bartzelonan eta Madrilen ikusgai jartzeko. Artearen papera VIII XIX-XX. mendeko artea: Cézannetik Légerera Bilboko Arte Eder Museoa bilduma Tarteko Solairuko Aretoa. 2008ko abendua Artearen Papera programaren zazpigarren erakusketak aurrera jarraitzen du Bilboko Arte Eder Museoko bildumakoak diren eta paperean eginda dauden obrak aztertzeko asmoarekin. Edizio honetan, euren produkzio artistikoa XIX. mendeko azken urteetako estetikaren eta XX. mendeko lehenengo hamarkaden artean kokatu zuten autoreetan oinarrituko da, eta, bertan, Cezánne, Guiard, Regoyos, Iturrino, La Fresnaye, Marcoussis, Baroja, Roualt edo Zuloagaren lanak ikusi ahal izango dira, besteak beste. XIX. mendeko tradizioa hautsi eta XX. mendeko abangoardia artistikoak planteatzen zituen formula berrietan sartu ziren artistak dira.