436 Zenbakia 2008-04-18 / 2008-04-25

Euskonews Gaztea

Gaiak: Ziburuko Jondoni Bixintxo eliza

Baionako BERNAT ETXEPARE Lizeoa

(Batxilergoko 1.maila)



Ziburuko Bixintxo eliza 1575. urtean eraikia izan zen. Gaur egun eraikin historiko bat bezala kontsideratua da bereziki bere XVI. mendean sortzeari esker, harlandu berezi batzuekin egina delako.

Eliza hau, Ravel etxearen gibelean aurkitzen da, Paucalette izeneko karrikan. Sartzeko bederatzi eskailera igo behar dira eta hor aurkitzen dugu burdin forjatuzko sare handi bat, hau ere historikoa. Monumentua nahiko handia da eta errektangelu formaz eginiko eraikuntza bat da ekialderantz zuzendua, erlijioko eraikin gehienak bezala, iduzkia hortik altxatzen delako.

Kanpotik 50 metro luzera egiten ditu eta 15 metro zabaleran. Paretak 90 zentimetro ingurukoak dira eta teilatuak estaia zonbait ditu. Ziburuko eliza honek berezitasun espezifiko bat badauka, Euskal Herrian dagoen dorre oktogonal bakarra duela, hain zuzen ere.

Horrez gain, eraikin honek barne aldean hiru estai ezberdin dauzka, galeriak deituak, hiru aldetan hedatuak. Garaian gizonek baizik ez zuten igotzeko eskubidea, emazteek debekua zutelako, haiek salan egoteko baimena baizik ez zuten. Galeria hauek, 14 poto ezberdinei esker zutik atxikiak dira eta egur lodi batzuez eginak dira.

Barroko garaiak bere garrantzia izan zuen monumentu historikoetan eta ohartzen gira Bixintxo elizan ere eragina izan zuela. XVI eta XVII. mende inguruetan mugimendu hau asko hedatu zen Europan eta garrantzi handia hartu zuen balore positiboak jasanez, bereziki estetiko aldetik. Orokorrean, barrokoak bitxikeria harrigarriak eta forma irregularrak adierazten ditu arte arloan, hain zuzen.

Mugimendu honi esker, Ziburuko elizak XVI. mendean aldaketa batzuk jasan zituen barne apainketan, gehien bat, pintura eta estatuen aldetik. Plafoinean, tintak berriz eginak izan ziren gauza handiagoak eta egituratuagoak sortuz. Estatua gehiago eman zituzten eta xehetasun ugari inposatuak izan ziren. Helburua jendea inpresionatzea zen eta, gure ustez, lortua izan da gauza harrigarri asko ikusten baitira gaur egun ere.

Eguneroko bizitzan eliza barnean meza gehienak euskaraz egiten dira eta euskal kantak edonoiz abestuak izaten dira, euskal abesbatzek interpretaturik.